HAQAL-AWDA!
30 08 2008Hamaika dira munduan aurkitu ditzakegun bidegabekeriak. Ingustizia guztiak larriak eta onartezinak izan arren, badaude arrazoi ezberdinengatik bereziki larriak eta mingarriak direnak. Horien artean, Mendebaldeko Saharatik, eta Marokok eta Mauritaniak legez kanpo okupatu zuten herrialdea. Okupazioaren ondorioz milaka lagunek euren etxeak utzi eta Aljeriako Tindoufeko basamortura joan behar izan zuten ihesi. Beste asko, berriz, euren herrietan bizitzen jarraitzen dute, Tifaratin, Bir Lehlun edo Aaiunen, Marokoren okupazio basatiari eta errepresioari aurre eginez.
Hamarkada luzeetako sufrimenduak ez du txikitu, inondik inora, Saharako lagunen bizirauteko eta borrokatzeko asmoa. Horretarako garrantzia handia du jakiteak bakarrik ez daudela, euren eskubideen alde borrokatzeko prest dauden lagunak badaudela. “Erabat estimatzen dugu euskal gizarte eta instituzioek ematen diguten laguntza eta elkarrekin jorratzen dugun lankidetza. Baita arlo politikoan sahararren borroka babesten dituzten mozioek ere. Gurekiko ulermena, harmonia eta sentiberatasuna sentitzen ari gara”. Hala mintzatu ziren maiatzaren 29an Bilbon elkartu ziren ordezkari saharauiarrak. Izan ere, egun horretan elkartasun karabana bat atera zen Bilbotik Alacantera; handik itsasontziz Aljeriara, eta handik itsasontziz Aljeriara, eta handik Tindoufera. Karabana Jaurlaritzak emandako 17 ibilgailuk osatzen zuten, eta Bilbotik Alacantera eramateaz arduratu ziren lagunak Bilboko Metroko eta Eusko Treneko langileak ziren, ia guztiak emakumeak.
Nekatuta daude Saharako lagunak nazioarteko komunitatea deitzen den horrekin. Behin eta berriz ikusten dute nazioartean ez dagoelako auzia konpontzeko borondate politikorik. NBEren bitartekaritzaren ezinak eta Marokoren oztopoek zintzilik utzi dute oraingoz autodeterminazio erreferendumaren auzia, 1991. urtean NBEk erreferenduma egiteko oinarriak ezarri zituen arren. Egoera gogorrean bizi dira, baina argi izan behar dute ez daudela bakarrik, munduko boteretsuenek bizkarra eman arren milaka direla euren bizezko aldarrikapenak sustengatzen dituzten lagunak. Haq el awda!
——————————————————————————————
Haq el awda! (Haq el awda!), itzultzeko eskubidea esan nahi duen espresio arabiarra da. Saharako errefuxiatuek euren etxeetara itzultzeko duten eskubidea aldarrikatzeko erabili ohi duten leloa; munduan milioika errefuxiatuk bat egiten duten aldarria. Izan ere, ez dezagun ahaztu ekainaren 20a Errefuxiatuen Nazioarteko eguna dela.





