DARAHLI ELKARTEA [Tindouf (Aljeria)]

Gatazka ezaguna da Sahara Mendebaldeko herriak Marokorekin duena: Espainiaren menpeko lehen, haiek alde egin zutenean Marokok beretzat hartu zuen, nazioarteko akordio guztiak hautsita. Sahararrei mila bider agindu zaie autodeterminazio eskubidea gauzatzeko erreferenduma, beste mila bider ukatu zaien bezalaxe. Gatazka gehiegi ari da luzatzen denboran, eta, eta bitartean, 200.000 saharar bizi dira Aljerian errefuxiatuta, Tindoufeko kanpamenduetan. Basamortuak ezarritako baldintza gogorretan, ezerezaren erdian, mundutik ia erabat isolaturik.Irtenbide politikoa iritsi artean, ezinbestekoa zaie nazioartearen laguntza bizirik irauteko. Eta horrek ere min egiten die. Urteak joan eta urteak etorri, Europatik iritsitako kamioien zain, haiek ekarritako janari eta botikarik gabe ezin aurrera egin.Hori da Embargarina Buharik ezagutu duen errealitate bakarra. Tindoufen jaio zen, duela 12 urte. Aita Salek frontean dago, eta ama Fatma Sidhemek du familia aurrera ateratzeko ardura. Embargarina Algeriako hiri batean ari da ikasketak burutzen, kanpamenduetatik kanpo, baina ez du Mendebaldeko Sahara ezagutzeko aukerarik izan.Zumaiako Darahli elkartea da nazioartetik laguntzen den taldeetako bat. Herri Eskolako eta Maria eta Jose ikastetxeko ikasleek sortu zuten, helburu jakin batekin: oinarrizko laguntzaz gain, haien duintasuna indartuko duten proiektu alternatiboak martxan jartzea. Izan ere, sahararren ilusioa eta itxaropena pixkanaka itzaltzen ari da. Azken urteotan, gora egin du nabarmen etsipenean erortzen diren gazteen kopurua. “Basamortuan zerbait sobran badago, denbora da”, dio Samuel Ruiz irakasleak. Denbora horri etekina ateratzea da kontua. “Darahlin pentsatu genuen ona litzatekeela gazte  horiei kultur etxe bat eskaintzea, ikasteko aukera izan dezaten”. Hori zuten buruan abendu hasieran Tindoufera joan zirenean, baina han ikusi eta entzun dutenarekin asmoak erabat aldatu zaizkie. “Esan digute une honetan kultur etxe bat luxua dela beraientzat, beste premia batzuk dituztela”, azaldu du Samuel Ruizek handik bueltan. Zug herriko hogei familik oinarri-oinarrizko premiak dituzte, eta haiei laguntzea erabaki dute. Batetik, eguzki plakak bidaliko zaizkie energia iturri bat izan dezaten; bestetik, Zumaiako beste hogei familirekin senidetzeko kanpaina egingo duten. Hirugarrenik, Zumaiako osasun zentroa eta Zugeko eskolaren arteko harremana ere finkatuko da, han behar duten materiala bidaltzeko: liburuak, arkatzak, koadernoak…Azkenik, Zugeko udaletxeak daukan erabilera anitzeko aretoa egokitzeko konpromisoa hartu dute. Kultur etxea oraingoz baztertu egin behar izan dute, baina bada zertan lagundu.    

Leave a comment

You can use these tags : <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>




Bad Behavior has blocked 5 access attempts in the last 7 days.