Gaur arratsalderako itsasoa eta astebururako iragarpena

Gaur arratsaldean jokatuko da Kontxan sartzeko estropada eta itsasoaren egoera ez da txarra izango. Ipar mendebaldeko haizea ibiliko da batazbestekoa 10 eta 15 km/h bitartean kokatuz. Olatuak metro bete inguruan. Beraz, bare-bare ere ez dugu izango itsasoa.

Bestalde, astebururako eguraldi bikaina espero da. Oro har eguzkia izango da nagusi eta tenperatura oso atsegina izango da maximoak 20 eta 25 ºC bitartean geratuz. Beharbada, igandean zertxobait beroago 25 ºC inguruan ibiliko da termometroa, baina dena den eguraldi dotorea eta bero handirik gabekoa, oso aproposa bai hondartzara joateko edo baita ere iganden Kontxara hurbildu (estropada ikustera) eta egun pasa egiteko.

 Datorren astean 7tik aurrera aldaketa garrantzitsua etorri daiteke, udazken giroa ekarri bait dezake mendebaldetik hurbilduko zaigun depresiogune batek. Honekin tenperaturaren beherakada eta euria iritsiko lirateke, haizea ere protagonista izan litekeelarik. Ikusiko dugu hori. 

Tenperaturaren beherakada astebururako.

Nabarmenena tenperaturaren beherakada izango da astebururako. Atzo brisak tenperatura goregi ez joatea lortu zuen eta hala ere 30 ºC inguruan geratu zen maximoa. Gaur, osteguna, hego haizea ibiliko da egunaren lehen partean eta horrekin tenperatura 35 ºC ingurura hurbildu daiteke. Gero arratsaldeko lehen orduan ipar-mendebaldera egingo du haizeak eta hortik aurrera freskotasuna iritsiko zaigu. Enbata bezalako zerbait izan daiteke, baina ez du ematen haizeak indar handiegirik hartuko duenik.

 Bihar fronte ahul batek lainoak eta euri pixka bat utziko digu eta tenperatura maximoa 23 ºC inguruan geratuko da.

Asteburuan giro egonkorra nagusituko da, baina lehen eta azken orduetan hodei baxuak egongo dira eta gainera zirimiri pixka bat ere utzi dezakete hodei hauek. Tenperatura gaurko egunarekin konparatuz askoz ere beherago, maximoa 21 ºC inguruan geratuz bi egunetan. Haizea indar handirik gabe, beti ere iparraldetik.

Beraz, ezaugarririk nagusiena tenperaturaren beherakada izango da. Bestalde, hodeiak egunaren hasieran eta bukaeran, zirimiri pixkatekin, baina eguerdi eta arratsaldeak orokorrean eguzkitsuak.

Larunbata dotorea eta igandean beharbada okerrera.

Aste honetan berriro ere bueltatu zaigu udako eguraldia eta horrelaxe jarraituko du beste egun batzutan ere.

 Gaur iluntzean ekaitz arriskua aipatu beharra dago, baina bestela egun osoan zehar eguraldi polita geratuko da, goizeko lainoak desagertu ondoren.

Bihar eguraldi polita baita ere. Larunbatean egunik beroena espero dugu. Brisa nagusituko denez ez dira tenperaturak goregi igoko, baina maximoa 28 ºC inguruan geratu daiteke. Goizean beharbada laino batzuk egon daitezke, baina hortik aurrera eguzkia nagusituko da. Udako eguraldi peto-petoa. Dena den, bukaeran ipar-mendebaldeko haizea nagusitu daiteke eta lainoak ugaritu. Iluntze aldera zirimiri pixka bat egitea ezin da baztertu.

Igandean oraintxe ditugun datuekin iparra nagusituko da eta horrekin hodei ugari egon daiteke zeruan. Eguerdi partean ostarte batzuk zabaldu daitezke, baina arratsalde bukaerarako berriro tapatuko luke. Euria ere hasieran eta bukaeran egin dezake. Arratsaldean gainera ekaitz ikutuko zaparradaren bat izateko arriskua hor dago. Tenperatura larunbatarekin konparatuz behera, baina 25 ºC inguruan geratuko maximoa.

 Oraindik iganderako gauzak ez daude hain garbi eta aldatu daitezke, larunbataren antza gehiago hartuz, baina egin dudan iragarpena azkenengo datuekin egina dago eta gauzak dexente aldatu dira atzoko datuak kontuan hartuta

Euskal Jai egunean giro freskoa, hodeitsua eta zirimiri pixka bat.

Ostiralean Euskal jai eguna ospatuko da eta eguraldiaren nondik norakoak eman nahi ditut. Ez da eguraldi eguzkitsua espero, baina batzutan horrek ere festari lagundu egiten dio, zeren eta jendea hondartzara joan beharrean kalean ibiltzen baita.

 Beno, gaur gauerako fronte bat iritsiko zaigu eta eguraldiaren aldaketa ekarriko du. Horrela, bihar goizean euria, ipar haizea eta tenperatura freskoa nagusituko dira. Arratsaldean, zerbait arintzea posible da, frontea pasata egongo baita, baina hodeiek jarraituko dute nagusitzen.

 Ostiralean fronterik ez dugu izango, baina antizikloia Atlantikoan ipinita, ipar haizea bidaliko digu eta horrekin hodeiak izango dira nagusi. Horrela, goiz goizetik zeru estaliak eta zirimiria nagusituko dira eta gainera ipar haizearekin tenperatura fresko-fresko mantenduko da, maximoa 19 ºC inguruan geratuz. Arratsaldean, zertxobait arindu dezake, eta ostarteren bat edo beste ere zabaldu daiteke, baina une batzutan berriro ere zerua estaltzeko eta euri pixka bat egiteko aukera ezin da baztertu. Beraz, udako eguraldia ez dugu izango, baina dena den euri askorik egitea ere ez da espero. Horrelako eguraldia festaz gozatzeko nahiko aproposa izan daiteke, jendea hondartzara joan beharrean kalean geratuko baita, giro polita sortuz.

Larunbatean ere nahiko goibel ibiliko da eguraldia, eta igandetik aurrera hoberako bidea hartu dezake, baina egun dexente falta dira eta beste aukera batzuk ere badaude. Dena den, probabilitate handiena oraintxe bertan eguraldiaren hobekuntza izateko aukerak du. 

Asteburuan eguraldiak hobera egingo du.

Lehengo astean ezin izan nuen iragarpena egin, zeren eta meteorologiako tailer bat ematen egon nintzen Donostin, Miramar jauregian. Bihar berriz, Gasteizen jai da eta horrexegatik gaur egingo dut astebururako iragarpena.

 Uda pixkanaka badoa aurrera eta Euskal Herriko udan normala den bezala, kostaldean hodei ugari izaten ditugu. Nere aitak esaten duen bezala, asturiarren hitzetan “1 de agosto primer dia de invierno” eta esaldi hori Euskal Herrirako ere ez dator gaizki. Dena den, oraindik ere egingo ditu eguraldi ederrak. Esatebaterako, asteburu honetarako eta berbena de gala daukagun honetan, eguraldi ederra espero da.

Eguraldiaren hobekuntza ostiralean bertan nabarituko dugu eta eguraldi berdintsua izango dugu asteburu osoan. Beharbada, goizetan hodei batzuk agertuko dira zeruan, baina azkar samar zeruak urdin geratuko dira eta tenperaturaren gorakada ere izango dugu. Brisa ibiliko denez tenperatura maximoak 20 eta 25 ºC bitartean geratuko dira. Egunik beroena igandea izan daiteke maximoa 25 ºC-ra hurbilduz.

Beraz, berorik ez baina astebururako eguzkia eta tenperatura atseginak izango ditugu.

Eguraldi nahiko atsegina astebururako.

Aste honetan atzoko egun triste eta freskoa atzean utzi eta asteburuan eguzkia ikusteko aukera izango dugu. Dena den, hodei baxuak garai honetan askotan gertatzen den bezala, agertu daitezke bereziki egunaren hasieran eta bukaeran.

Bihar, larunbata, seguruenik hodeiekin hasiko dugu eguna, baina eguerdi partean ostarte zabalak nagusitu beharko lukete. Gero, berriro ere tapatze aldera egingo du bukaeran. Horrelako egun asko izaten dira uda partean Euskal Herriko kostaldean. Tenperatura fresko antzean, baina oso atsegina, batere berorik gabe, maximoa 22 ºC inguruan geratuko da.

Igandean, eguraldiak antzera jarraituko du, baina litekeena da hodei gehiago izatea zeruan eta gehiago kostatzea argitzen. Gainera goizaldean lanbroarekin batera zerbait bustitzea posible da, langar pixkatekin. Dena den eguerdi partean ostarteak zabaltzeko aukera hor egongo da eta eguraldi polita geratu daiteke eguneko ordu hoietan (hamaiketatik seietara). Tenperatura antzera, maximoa 21 ºC inguruan.

 Datozen egunetan ere ez da ikusten aldatzeko itxura handirik. Beharbada, hodei gehiago eta zirimiria nagusitu daitezke lehen eta azken orduetan. Iparrarekin jarraituko dugu eta ez dugu batere berorik izango, tenperatura maximoak 20-22 ºC inguruan geratuko dira.

Asteburu polita orokorrean.

Ez dugu Penintsula hegoaldean dagoen beroa eta ezta nahi ere. Tenperatura atseginekin doa uda eta horrelaxe jarraituko dugu asteburuan ere. Gainera, oro har eguraldia ondo portatuko da. Hala ere, larunbata hodeiekin hasiko dugu eta baliteke zirimiri pixka bat egitea ere, bereziki goizaldean. Arratsalderako ordea, argituko du eta eguzkia ikusiko dugu. Iparraldeko haizea ibiliko da eta tenperatura maximoa 21 ºC-koa izango da, atsegina.

Igandean eguzkia nagusituko da berriro ere, baina udan askotan gertatzen den bezala, goizaldean hodei baxuak sortuko dira seguruenik eta hodei hoiekin esnatzea posible da, baina goizean zehar eta larunbatean baino azkarrago, ostarteak zabaltzen hasiko dira, eguraldi eguzkitsua geratuz eguerditik aurrera. Tenperatura pixka bat igo egingo da, maximoa 24 ºC-ra iritsiz. 

Esandakoa gure betiko uda naturalarekin jarraituko dugu: hodei baxuak, eguzkia eta tenperatura atseginak, berorik gabe.

Asteburu atsegina.

Asteburu osoa kontuan hartuz eguraldi egonkorra izango dugu.

 Larunbata udako egun peto-petoa izango da. Beharbada, goizean hodei batzuk agertu daitezke baina eguzkia jabetuko da egoeraz. Tenperatura maximoa 25 ºC ingurukoa izango da, brisa ibiliko baita.

Igandean hodei gehiago izango da zeruan, bereziki egunaren hasieran eta bukaeran. Eguerdi partean hodei gutxiago eta eguzkia ikusteko aukera izango dugu. Iluntzerako hodeiak ugaritu egingo dira eta euria ere egin dezake, gainera ezin da baztertu zaparradaren bat. Tenperatura maximoa pixka bat jaitsi egingo da, baina hala ere atsegina izango da giroa, 23 ºC inguruan geratuz, iparra nagusituko baita.

 Beraz, edozer egiteko eguraldi aproposa.

Igandean hobera egingo du eguraldiak.

Gaur arratsaldean ekaitz mardulak espero dira, baina okertze honek ez du gehiegi iraungo.

Bihar, larunbata, goizean oraindik ere zaparradaxkaren bat edo beste eman daiteke, baina arratsaldean arintze aldera egingo du. Dena den, arratsaldean euri pixka bat egitea baliteke. Tenperatura atsegina izango da maximoa 21 ºC-tan geratuz.

Igandean hobekuntzarekin jarraituko dugu eta nahiz eta lehen orduetan hodeiak nagusi izan eta zirimiri pixka bat egin, goizean zehar ostarteak irekitzen joango dira, eta arratsalde polita geratu daiteke, hodeiak eta ostarteak tartekatuz. Tenperatura oso antzera edo pixka bat gorago, 22 ºC-tan geratuz maximoa.

Beraz, gaur arratsaldea eta biharko lehen partea kenduta, berriro ere eguraldiak hobera egingo du. Dena den, hurrengo asteko lehen egunetan nahiz eta itxura ona eduki, ikusi behar da zenbat irauten duen goizeko lanbro lainoak.

Eguraldiak ezegonkortze aldera egingo du, baina hala ere eguraldi atsegina

Aste honetan sartu gara udan eta eguraldiak ere horixe nabarmendu nahi izan du. Lehengo asteko euritearen ondoren eta tenperatura fresko haiek atzean utzi eta udako giroan bete-betean sartu gara. Dena den, asteburuan aldaketa batzuk nabarituko ditugu, baina eguraldia ez da gehiegi okertuko. Alde batetik ekaitzetarako joera handiagoa egongo da, barneko bero puntua dela eta. Eta bestalde, igandean ipar haizeak hodei baxuak ugaritu ditzake.

Bihar, gaurko eguraldiaren antzekoa.

Larunbatean goiza ederki portatuko da, eguzkia nagusituz eta tenperatura atsegin eta goxoa lagaz, maximoa 24 ºC ingurukoa izango baita. Arratsaldean, barneko beroa dela eta ekaitzak izateko aukera dago barnealdea, eta ekaitz hoiek Zumaira ere iritsi daitezke. Beraz, larunbat arratsaldean ez harritu ekaitzen batek harrapatzen bazaituzte.

Igandean Azoreetako antizikloiak ipar pixka bat sartuko du eta nahikoa izango da hodei baxuak ekartzeko. Dena den, eguerdi partean ostarteak ere ireki daitezke eta aprobetxatzeko eguna geratuko da. Giroa pixka bat freskoagoa baina atsegina, maximoa 22 ºC inguruan geratuz.

Hurrengo asteko lehen egunetan ere igandeko tankera izan dezake eguraldiak.

Next Page »



Bad Behavior has blocked 4 access attempts in the last 7 days.