Archive for uztaila 10th, 2008

Ekaina oso euritsua eta nahiko freskoa izan da.

Ekaina oso euritsua izan dela ez dago dudarik. Gainera toki batzutan uholdeak ere izan ditugu. Zumaian ez da horrelakorik izan, baina 173 mm asko da. Esate baterako lehengo urteko ekainean 68 mm besterik ez ziren jaso eta batez bestekoa 90 mm inguruan aurkitzen da. Bestalde, tenperaturak ez dira izan altuak eta azkenengo bost urteak kontuan hartuta, hau izan da freskoena.

Aprobetxatu gaurko eguna hondartzarako, zeren eta bihartik aurrera eta asteburua barne eguraldiak okerrera egingo du nabarmen.

Azken egun hauetan izan dugun udako giroa bukatu egingo da eta astebururako okertze nabarmena etorriko da. Uda honetan egun asko jarraian ez du irauten udako eguraldiak eta gainera ematen du epe luzera egiten diren iragarpenen arabera, uztaila eta abuztua ildo beretik joango direla. Hau da, hilabete hauen batez bestekoa kontuan hartuz tenperatura baxuagoa izango da eta euri kopurua ohikoa baino altuagoa. Beraz, udako eguraldia ez dugu sarritan izango uda honetan zehar iragarpen horien arabera. Beraz, bero handirik ez eta hondartzarako egun gutxi. Dena den, iragarpen horien fidagarritasuna oraindik ez da oso altua. Ea zer gertatzen den azkenean.

Beno, asteburu hontako eguraldiari dagokionez esandakoa, okerrera egingo du nabarmen. Bihartik aurrera, fronte bat iritsiko zaigu eta bihar bertan hodeiak eta euria ekarriko dizkigu. Gainera, tenperaturen beherakada ere nabarituko dugu. Eta okertze honek jarraipena izango du bai larunbatean eta baita ere igandean. Euri zaparradak eman daitezke, bereziki larunbat arratsaldean eta igande goizean, gainera ekaitz ikutukoak ere izan daitezke txingor eta guzti. Tenperaturak beherako bidean jarraituko du eta 20 ºC-ra ez gara iritsiko. Haizea iparraldetik ibiliko da.

Hurrengo mapak 5500 metro inguruan larunbat arratsalderako espero den egoera adierazten digu. Ikus dezakegu aire poltsa hotza guregana hurbiltzen (-15 ºC tik beherako aire masa 5500 metro inguruan). Honek ezegonkortasuna areagotzen du eta horrexegatik eman daitezke ekaitzak.

t500_10072008.gif



Bad Behavior has blocked 10 access attempts in the last 7 days.