Archive for abuztua, 2008

Uztaila lehorra eta tenperatura aldetik normala.

Uztailean normalean egiten duena baino euri gutxiago egin du (erreferentziatzat 1971etik 2000ra doazen 30 urteak kontuan hartuta). 34 mm egin beharko lukeen erdia baino gutxiago da. Tenperatura aldetik berriz, oso hilabete normala izan da, aro honi dagokion batezbestekotik gertu.   

Koadrilen egunean bero handia egitea espero da, bereziki goizean eta eguerdi partean. Arratsaldean beroagatik ekaitza edo enbata izan dezakegu.

Asteburuko gauzarik aipagarriena beroa izango da, bai bihar baina bereziki larunbatean hego haize nahiko zakarra ibiliko baita, batez ere goizean. Beraz bost kirol proba egiteko hego haizea eta beroa kontuan hartu beharko dira. Termometroa 34 º-ra iritsi daiteke eguerdi eta arratsaldeko lehen orduetan.

 Bihar eguraldi polita izango dugu, oro har eguzkitsua, beharbada hodeiren bat edo beste agertu daiteke baina garrantzi gutxikoa. Tenperaturak ere gora egingo du eta dagoeneko bero puntu bat somatuko dugu, baina brisak eguerditik aurrera beroari neurria hartu eta giro atsegina lagako du. Barnealdean bero handia egingo duenez ekaitzak sortu daitezke azken orduan eta Zumairaino iritsi, baina biharkoan arriskua txikia da.

Larunbatean hego haizea nahiko indartsu ibiliko da eta horrek ez du brisa irteten lagako, beraz bero zakarra espero dugu. Lehen esan dudan bezala 34 ºC-ko maximoa izan dezakegu, eta beraz kirola egiteko lasai hartu beharko dira gauzak. Arratsaldean hego haizea indarra galtzen joango da eta enbata izateko aukera ere badago (galerna). Gainera, beroa dela eta ekaitz arriskua areagotu egingo da arratsalde bukaeran. Horrela giroa freskatuko da gauerako.

Igandean oraindik hodei hondarrak geratuko dira eta euri pixka bat egitea ere baliteke, baina ostarteak zabalduko dira eguerdi partean eta tenperatura nabarmen jaitsiko da, maximoa 23 ºC inguruan geratuz.

 Hurrengo mapan larunbatean 1500 metrora izango dugun tenperatura agertzen zaigu. Hemen 20 ºC-ko isoterma daukagu gainean eta hori bero handia da.

t850_30082008_12.gif



Bad Behavior has blocked 10 access attempts in the last 7 days.