Archive for iraila, 2008

Asteburu atsegina nahiz eta hodeiak ugaritu.

Asteburu honetarako ez dira aldaketa garrantzitsuak espero. Astelehen eta asteartean beharbada iparra eta euri kontuak izango dira, baina asteburua egoera horretatik kanpo egongo da. Ekialdeko haizea nagusituko da asteburuan eta Mediterraneotik iritsiko zaizkigu hodei batzuk eta beharbada tanta batzuk baina gauza gutxi. Mediterraneoan bai botako duela, han uholdeak izateko arrisku handia dute.

 Bihar gaurko egunaren antzera, lehen eta azken orduetako hodeiak kenduta, eguzkia nagusituko da eta ipar-ekialdeko haizearekin tenperaturak bere horretan jarraituko du, 18 ºC inguruan geratuz maximoa.

Larunbatean goiza eguzkitsu hasiko da, baina arratsaldean gero eta hodei gehiago ikusiko dugu zeruan eta egunaren bukaeran baliteke tanta batzuk ere erortzea. Hego-ekialdeko ikutu bat izango du haizeak eta tenperatura pixka bat gorago, 20 ºC-ren bueltan geratuko da.

Igandean hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira eta arratsaldean edo egunaren bukaeran euri pixka bat egin dezake, baina gauza gutxi. Tenperaturan ez dugu aldaketa nabarmenik igerriko, berriro ere 20 ºC-ren bueltan geratuz maximoa.

 Hemen modelo edo eredu matematikoak ematen duen euri kantitatea ikusi dezakegu (6 ordutan pilaturiko euri kantitatea igande arratsalderako). Ebro bailaratik barrena iristen zaigu hodeiz kargaturiko aire hezea. Dena den, gehiena Mediterraneoan botako du.

euria_28092008.gif

Olarru egunean eguraldi polita

Bihar eguraldi polita izango dugu olarru eguna ospatzeko. Alde batetik euririk ez du egingo eta beste alde batetik tenperatura atsegina izango dugu. Tenperatura maximoa 22º C-raino iritsiko da, tenperatura oso egokia. Zerua ez da urdin egongo, agertuko baitira hodei zurixka batzuk, baina ez dute eragin handirik izango eguraldian. Beraz, eguraldi polita eta atsegina biharkoa, hodei zurixkek zerua apainduko dutelarik.

Barkatu atzo iragarpenik egin ez izatea, baina nahiko lanpetuta nabil eta iruzkinak ere ez ditut erantzun, baina denborarekin erantzungo ditut. Egia esan, gogoa daukat galdera asko izateko eta galdera horiek erantzuteko. Ea iragarpena nola egiten den edo edozein duda badaukazue galdetu eta komentatuko ditugu.

Udazkeneko tenperaturak eta euria astebururako. Igandean hobera.

Gaur fronte hotz bat iritsiko zaigu eta ondorioz eguraldia erabat aldatuko da. Gaurtik aurrera aipagarriena tenperaturetan nabarituko dugun beherakada izango da. Orain arte, oraindik ere udako tenperaturak izan ditugu, 25 ºC-tik behera, baina bihartik aurrera 16 edo 17 ºC-tan geratuko gara, hori da aldea hori.

 Tenperaturen beherakadaz gain, euria ere egingo du. Gaur eguerditik aurrera zaparradak izango ditugu eta une batzutan ekaitz ikutuko zaparrada indartsuak izan ditzakegu, txingorra eta guzti. Gainera, eguerditik aurrera haizea ere indartu egingo da, ipar-mendebaldekoa eta 70 km/h-ko boladak izango dira. Beraz, euria eta haizea arratsalderako. Eta esandakoa tenperaturak behera nabarmen. Gaur gauean 13 ºC-ra jaitsiko da termometroa.

Bihar eta etzi hodeiak nagusi eta baita euria ere. Haizea ipar-mendebaldekoa izango da eta oraindik ere nahiko gogor joko du. Tenperatura maximoak 16-17 ºC inguruan geratuko dira.

Igandean ematen du hobera egingo duela. Goizean oraindik ere hodeiak eta euri pixka bat egin dezake, baina arratsaldean atertu eta ostarteak irekiko dira. Haizea bareago ibiliko da iparraldetik eta tenperatura zertxobait gorantz joango da, 19 ºC-ra.

 Beraz, nahiz eta oraindik astronomikoki udan egon, udazken giroa datorkigu. Gainera hurrengo asteari begira ere 16tik aurrera beste okertze nabarmen bat etor daiteke, baina hori ikusiko dugu oraindik dexente geratzen baita.

Eguraldi nahasia asteburuan zehar

Ez da euri askorik espero baina zerbait egin dezake, bereziki bihar arratsaldean eta larunbatean.

Bihar hego haize indartsua ibiliko da goizean eta hori izango da aipagarriena. Bolada indartsuak espero dira eta batzutan 80 km/h-ko abiadura gainditu dezakete haize-boladek. Arratsalderako fronte batek egingo digu bisita eta euri pixka bat lagako digu, baina ez gehiegi. Gainera arratsaldean haizea mendebaltzen eta indarra galtzen joango da. Tenperatura bihar nahiko altua izango da, hego haizeari esker, 27 ºC-ko maximoarekin.

Larunbatean hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira eta zaparradaxkaren bat bota dezake, baina ez du asko botako. Beharbada, aukera handiena hasieran eta bukaeran izango da. Tenperaturak beherako bidea hartuko du 21 º-ko maximoarekin.

Igandean hasieran hodeiak egongo dira eta euri pixka bat egitea ezin da baztertu, baina hobera egingo du eta arratsalde eguzkitsua geratuko da, tenperatura atseginarekin (22º-ko maximoa izango da).

Gaur Kontxara begira egongo gara arratsaldean eta olatuak behintzat egongo dira. Haizea iparraldetik ibiliko da 8 km/h-ko batezbesteko abiadurarekin eta hondoko itsasoak 1,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu. Beraz, pixka bat mugitua egongo da itsasoa.

Igandean Donostira joateko eguraldi nahiko polita izango da. Goizean hodeiak izango ditugu, baina zaila izango da euria egitea, eta eguerditik aurrera ostarte zabalak irekiko dira. Bestalde, itsaso mugitua izango dugu 2 eta 3 metroko olatuekin (interesgarria izango da estropada horrelako itsasoarekin, ea Zumaia hor dagoen).

Kontxako estropaden sailkapen egunerako itsasoaren egoera.

Aste honetako ostegunean izango da Kontxara joateko sailkapen estropada eta horregatik itsasoko egoeraren berri emango dizuet.

Haize askorik ez da espero. Ipar-ekialdetik ibiliko da haizea 10 km/h-ko batezbesteko abiadurarekin. Eta ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1 eta 1,5 metro bitarteko olatuak altxaraziko ditu.

Beraz, bare-bare ez da egongo itsasoa. Olatuak egongo dira, baina beharbada ez guk nahiko genukeen haina. Dena den, aupa Zumaia.

Iganderako ematen du itsasoa asko mugituko dela, depresio sakon bat Kantauritik gertu pasatzea espero baita, eta honek 3 metroko olatuak eragin ditzake. Beraz, igandean emozioa ez da faltako itsasoa hain gaizto jartzen bada. Ikusiko dugu.

Larunbat arratsaldeko zaparradan 25 mm ur pilatu zen

Larunbatean iritsi zen iragarritako beroa, hego haizeari esker eta baita ere ondoren ekaitz zaparrada galanta. 25 mm jaso ziren ia bi ordu iraun zuen zaparradan, eta 12 mm ordu bakar batean. Zumaian bakarrik bota zuen hain kantitate handia, beste toki askotan ez zuen apenas ezer bota.

Ekaitz ikutuko zaparrada hauek horrelakoak dira, toki batean pilat bat egiten du eta handik gutxira dagoen beste toki batean ia ezertxo ere ez.



Bad Behavior has blocked 11 access attempts in the last 7 days.