Ez da euri askorik espero baina zerbait egin dezake, bereziki bihar arratsaldean eta larunbatean.
Bihar hego haize indartsua ibiliko da goizean eta hori izango da aipagarriena. Bolada indartsuak espero dira eta batzutan 80 km/h-ko abiadura gainditu dezakete haize-boladek. Arratsalderako fronte batek egingo digu bisita eta euri pixka bat lagako digu, baina ez gehiegi. Gainera arratsaldean haizea mendebaltzen eta indarra galtzen joango da. Tenperatura bihar nahiko altua izango da, hego haizeari esker, 27 ºC-ko maximoarekin.
Larunbatean hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira eta zaparradaxkaren bat bota dezake, baina ez du asko botako. Beharbada, aukera handiena hasieran eta bukaeran izango da. Tenperaturak beherako bidea hartuko du 21 º-ko maximoarekin.
Igandean hasieran hodeiak egongo dira eta euri pixka bat egitea ezin da baztertu, baina hobera egingo du eta arratsalde eguzkitsua geratuko da, tenperatura atseginarekin (22º-ko maximoa izango da).
Gaur Kontxara begira egongo gara arratsaldean eta olatuak behintzat egongo dira. Haizea iparraldetik ibiliko da 8 km/h-ko batezbesteko abiadurarekin eta hondoko itsasoak 1,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu. Beraz, pixka bat mugitua egongo da itsasoa.
Igandean Donostira joateko eguraldi nahiko polita izango da. Goizean hodeiak izango ditugu, baina zaila izango da euria egitea, eta eguerditik aurrera ostarte zabalak irekiko dira. Bestalde, itsaso mugitua izango dugu 2 eta 3 metroko olatuekin (interesgarria izango da estropada horrelako itsasoarekin, ea Zumaia hor dagoen).
0 Responses to “Eguraldi nahasia asteburuan zehar”