Udazkeneko tenperaturak eta euria astebururako. Igandean hobera.

Gaur fronte hotz bat iritsiko zaigu eta ondorioz eguraldia erabat aldatuko da. Gaurtik aurrera aipagarriena tenperaturetan nabarituko dugun beherakada izango da. Orain arte, oraindik ere udako tenperaturak izan ditugu, 25 ºC-tik behera, baina bihartik aurrera 16 edo 17 ºC-tan geratuko gara, hori da aldea hori.

 Tenperaturen beherakadaz gain, euria ere egingo du. Gaur eguerditik aurrera zaparradak izango ditugu eta une batzutan ekaitz ikutuko zaparrada indartsuak izan ditzakegu, txingorra eta guzti. Gainera, eguerditik aurrera haizea ere indartu egingo da, ipar-mendebaldekoa eta 70 km/h-ko boladak izango dira. Beraz, euria eta haizea arratsalderako. Eta esandakoa tenperaturak behera nabarmen. Gaur gauean 13 ºC-ra jaitsiko da termometroa.

Bihar eta etzi hodeiak nagusi eta baita euria ere. Haizea ipar-mendebaldekoa izango da eta oraindik ere nahiko gogor joko du. Tenperatura maximoak 16-17 ºC inguruan geratuko dira.

Igandean ematen du hobera egingo duela. Goizean oraindik ere hodeiak eta euri pixka bat egin dezake, baina arratsaldean atertu eta ostarteak irekiko dira. Haizea bareago ibiliko da iparraldetik eta tenperatura zertxobait gorantz joango da, 19 ºC-ra.

 Beraz, nahiz eta oraindik astronomikoki udan egon, udazken giroa datorkigu. Gainera hurrengo asteari begira ere 16tik aurrera beste okertze nabarmen bat etor daiteke, baina hori ikusiko dugu oraindik dexente geratzen baita.

1 Response to “Udazkeneko tenperaturak eta euria astebururako. Igandean hobera.”


  1. 1 zuri ira 11th, 2008 at 12:17

    Itsasoa nola egongo da zapatuan eta jaian?

Leave a Reply





Bad Behavior has blocked 10 access attempts in the last 7 days.