Eguraldi dotorea espero dugu astebururako. Antizikloia izango da egoeraren jaun eta jabe eta beraz, eguzkia nagusituko da. Hori bai, tenperaturak ez dira lehengo astekoak izango eta freskura edo hotza ere nabarituko dugu gauetan eta goizeko lehen orduetan. Egunez eguzkiak epelduko du giroa, baina 20 ºC-ko muga ez da gaindituko. 15 eta 18 ºC bitartean geratuko dira termometroak asteburuan egunez.
Beraz, bai bihar eta baita ere asteburu osoan eguzkia jaun eta jabe eta ipar-ekialdeko haizea ibiliko denez, tenperatura ez da gehiegi igoko. Dena den, egunez giro goxo xamarra izango dugu.
Datorren astean asteartetik aurrera ematen du denboraldiko lehen aire masa hotza iritsiko dela, negu giroa ekarriz. Antizikloia Atlantikoan ipiniko da eta hortik ipar haizea bidaliko digu. Horrela, ipar latitudeetako aire masa hotza iritsiko zaigu, Islandiatik eta elurra nahiko behera etorri daiteke, 500-600 metrora beharbada. Dena den, oraindik nahiko urruti dagoenez, egoera aldatu daiteke, baina orain ditugun datuak kontuan hartuz, aukerak handiak dira.
0 Responses to “Asteburu bikaina. Eguraldi eguzkitsua eta sanoa. Goiz freskoak eta egunez epelago.”