Archive for urria 30th, 2008

Giro nahasia astebururako.

Negu giroan murgildu gara aste honetan zehar eta astebururako ez dago batere garbi nondik nora ibiliko den eguraldia euri kontuari dagokionez. Ziurgabetasun handia dago. Aire hotza daukagu goi geruzetan eta lurrazalean depresioak sortzen dira oso errez. Horrela, astebururako depresio bat sortuko da gure inguruan eta zehatz mehatz non kokatzen den oso garrantzitsua izango da guretzat. Pirineo aldean kokatzen bada guk ipar haizea izango genuke eta horrekin litro asko botako lituzke, baina pixka bat mendebalderantz kokatzen bada, hego haizea izango genuke eta honekin euri kontu gutxi. Beraz, iragarpenaren fidagarritasuna oraingoan oso baxua da. Dena den, garbi dagoena da elur-kota ez dela jaitsiko 1000 metrotik. 

 Bihar egunez ez du apenas euririk egingo eta ostarteak ere irekiko dira. Haizea aldakor baina bukaeran ipar ikutuarekin, eta horrexegatik bukaeran zaparradak eman daitezke. Tenperatura epelagoa 12-13 ºC-koa.

 Asteburuan oraintxe bertan dauzkagun datuekin iparra nagusituko da eta honekin hodeiak eta euria izango ditugu eta tenperaturak bere horretan mantenduko dira, 10-12 ºC-tan. Kasurik okerrenean euri asko egin dezake, baina lehen esan dudanez hori ez dago batere garbi. Horrelako kasutan iragarpena egunez egun jarraitu behar da zeren asko aldatu daitezke gauzak.



Bad Behavior has blocked 7 access attempts in the last 7 days.