Egun guzti hauetan gertatzen ari den bezalaxe, asteburuan ere euria izango dugu gure artean, bereziki larunbatean. Igandean zertxobait arinago ibiliko da eguraldia eta eguerdi partean ostarte batzuk ere ireki daitezke. Tenperaturan ez dugu aldaketa handirik nabarituko. Igandea zertxobait hotzagoa izango da baina tira. Larunbatean 12 ºC-tan geratuko da termometroa eta igandean 10 ºC-tan.
Beraz, bihar goizetik hasi eta larunbat osoan zehar euria eta euria egingo du. Litro asko pilatuko dira eta zaila izango da aterguneren bat aurkitzea.
Igandean hobera egingo du bereziki eguerdi partean, baina tenperatura zertxobait beherago geratuko da.
Albiste bezala eman nahiko nuke hurrengo asterako espero dena. Astelehenean euria eta haize bortitza izango dugu. Itsasoa ere haserretuko da eta 5 metroko olatuak egon daitezke egunaren bukaeran. Eta asteartetik aurrera, aire masa hotza iritsiko zaigu ipar latitudeetatik eta elurra beheraino jaitsi daiteke. Oraintxe bertan modeloak aztertuz, esan dezaket asteartean elurra 400 metrora jaitsiko dela eta asteazkenean beharbada 100-200 metrora. Dena den, xehetasunak aldatu daitezke, baina denborale hau izateko aukera % 60 -koa da. Beraz, aukera handia dago hurrengo astean benetako negua gure artean izatekoa. Gainera, ekaitzak eta txingorra ere aipatu behar dira. Kontuz ibili bereziki kotxea hartu behar baduzue.
Azken iruzkinak