Archive for abendua 18th, 2008

Larunbatetik aurrera egoera antiziklonikoa aspaldiko partez.

Jadanik nazkatuta egongo da jende ugari, izan dugun eguraldi triste, busti eta hotz honekin. Ba azkenean erabaki du antizikloiak guregana etortzea eta gain-gainean jartzea larunbatetik aurrera. Gainera, egun askotarako etortzea erabaki duela ematen du, zeren 26ra arte %80-ko probabilitatearekin bere eraginpean egongo gara. Eta honek zer esan nahi du? Ba alde batetik horrelako egoeretan behe-lainoa sortzea posiblea da. Itsasoko tenperatura 12-13 ºC-tan dago eta aire hotza izango dugunez behe-geruzetan, ura lurrundu daiteke eta kondentsatu behe-lainoa sortuz. Hau neguan oso ohikoa da ibaietan eta hotz handia egiten duen itsasertzetan. Beno, ba goizean eta gau partean behe-lainoa izan dezakegu, baina eguerdi partean eguzkia ikusteko aukera izango dugu. Dena den, kontuz zeren batzutan behe-lainoa desegitea asko kostatzen da eta.

Laburtuz, larunbatetik aurrera eguraldi lehorra, behe-lainoa goizetan eta eguzkia eguerdi partean. Tenperaturak egunez nahiko atseginak zeren haizerik ez denez egongo ez dugu hotz sentsaziorik izango. Gauez behe-lainoa sortzen bada 7-8 ºC-tik ez gara jaitsiko, baina gauren batean oskarbi harrapatzen badu tenperatura minimoa 5 ºC-tik behera joan daiteke 0 ºC-ra hurbilduz (gauak oso luzeak baitira garai honetan).

Beraz, gabonak ez dira zuriak izango. Giro lehorra eta egonkorra nagusituko da. Gerora, 26-tik aurrera ikusteko dago, baina aire masa hotza iristeko aukerak hor daude Europa barrena. Antizikloi hau 5-6 egun gure gainean egon ondoren gorantz mugituko da eta beharbada Siberiako antizikloiarekin bat egin dezake. Hau gertatzen bada hotz-bolada siberiarra izan dezakegu urtea bukatzeko, baina hau oraindik ikusteko dago. Beraz, badaezpada aprobetxatu datozkigun egun antizikloniko hauek.

 Egoera antiziklonikoa ikusteko hurrengo mapa ipini dizuet. 1035 mb-eko gunea gure gainean izango dugu, beraz barometroa duten guztiek presioa gaurtik aurrera gora eta gora nola doan ikusiko dute, larunbatetik aurrera oso goian geratuko delarik.

egoera_antiziklonikoa.PNG



Bad Behavior has blocked 6 access attempts in the last 7 days.