Gaur ere hotza izango da aipagarriena. Elurra ere egin dezake baina gutxi egingo du. Bihar pixkanaka tenperatura gorantz joango da, baina hala ere biharkoa egun hotza izango da. Goizean 0 ºC inguruan geratuko da merkurioa eta egunez 6 ºC-tan. Goizean ostarteak ikusiko ditugu zeruan, baina arratsalderako hodeiak ugarituz joango dira eta bukaeran euri pixka bat egin dezake, baina elur kontuak amaitu egingo dira.
Larunbatean lainotuta esnatuko gara eta oraindik ere hotza egingo du. Gainera euri pixka bat ere egin dezake, arratsalderako atertuz. Tenperatura maximoa 6 ºC-tan geratuko da berriro. Iganderako ostarteak nagusituko dira eta tenperaturak gorako bidea hartuko du, gehiegi igo gabe; hortxe geratuko da 8 ºC-ko mugan.
Beraz, hotz eta elur denboralea bihar arte izango dugu gure artean, baina astebururako hobera egingo du. Dena den, nahiz eta tenperaturak gorako bidea hartu, oraindik ere 10 ºC-ko muga ez dugu gaindituko asteburuan.
Hurrengo asteari begira, oraintxe bertan ez du ematen beste hotzaldi bat etorriko denik.
Azken iruzkinak