Archive for otsaila, 2009

Oraindik ere antizikloiaren eraginpean egongo gara ia asteburu osoa.

Orain dela 13-14 egun etorri zen gure ingurura antizikloia eta oraindik ere hementxe daukagu. Egia da egun batzutan iparra eta hodeiak sartu dizkigula, baina orokorrean egun askotan eguzkia eta zeru urdinak nagusitu dira. Ba horrelaxe jarraituko du gaur, bihar eta baita ere larunbatean. Eguzkia izango da protagonista eta giroa goxatzea lortuko du egunez, nahiz eta gauak nahiko hotzak izan.

Larunbatean, beraz, giro eguzkitsua izango dugu, baina arratsalde bukaeran hodei batzuk hasiko dira gurera iristen, hodei altuak izango dira eta ez dute euri konturik utziko, baina zerbait aldatzen ari den señale izango da. Hego ikutuko haizea ibiliko da eta tenperatura egunez 20 ºC-ra hurbilduko da. Gauez hego ikutuko haizeak ez dio lagako termometroari gehiegi jaisten eta tenperatura minimoa 7 ºC-koa izango da.

Igandean egunaren zatirik handienean ere ateri eutsiko dio, hodeiak eta ostarteak tartekatuz, baina arratsalde bukaeran edo egunaren azken partean (gauez)  zaparradaren bat izan dezakegu. Tenperaturetan beherakada nabarituko dugu, baina ez gehiegi. Goizez hego ikutuko haizea ibiliko da oraindik ere eta maximoa eguerdi partean 15 ºC-ra hurbilduko da.

Laburbilduz, oraindik ere antizikloiaren eraginpean egongo gara, baina hasiko gara aldaketa txiki batzuk nabaritzen, bereziki igandean, hodei gehiagorekin eta beharbada euriarekin igande bukaeran. Hurrengo asterako berriro ere negu giroa bueltatzeko aukera handiak daude. Aprobetxatu udaberriz mozorrotu diren egun hauek. 

Ihauteriak ondo ospatzeko moduko eguraldia.

Egoera antiziklonikoarekin jarraitzen dugu eta beraz astebururako ez dira aldaketa gehiegi espero. Bihar eta etzi eguzkia nagusituko da, beharbada hodeiren bat edo beste agertuko da, bereziki egunaren lehen eta azken orduetan, baina ez du ematen asko iraungo dutenik. Tenperaturetan ere ez dugu aldaketa handirik nabarituko. Gauez hotz xamar 3 ºC-ko tenperatura minimoa izango dugularik eta egunez nahiko atsegin 10 ºC-ren bueltan. Haizea ekialdetik ibiliko da indar handirik gabe.

Igandean iparrak muturra sartu nahiko du pixka bat eta horrek hodei gehiago ekarriko ditu, baina hodei hauek euri konturik ez digute apenas ekarriko. Egitekotan xirimiri pixka bat egin dezake larunbat eta igande bitarteko gau horretan, baina lurra bustitzea ere zaila izango da. Hau da, guk esaten dugun bezala txispeatu dezake pixka bat baina hori bakarrik. Igandean zehar esandakoa hodei gehiago, baina hala ere eguerdi partean ostarteak ireki daitezke. Tenperaturetan gaua pixka bat epelago 5 ºC-ren bueltan minimoa, hodeiei esker, eta egunez 9-10 ºC-ren bueltan.

Laburtuz, eguraldia ez da aitzakia izango ihauteri hauetan mozorrotzeko. Hori bai, kontuan hartu neguan gaudela eta erropa jantzi beharra dagoela.

Hurrengo asterako ere ez dira ikusten nobedadeak. Astelehenean iparrarekin euri pixka bat egin dezake, baina ondoren antizikloiaren menpe jarraituko dugu egun batzuk gehiago. Azkenean antizikloia gurera etorri da eta ematen du gustora dagoela hementxe.

Udazken euritsua eta hotza

Zumaiko datuak eguneratu ditut eta ikusi dezakezue iraila nahiko lehorra izan zela, baina hortik aurrera udazken osoan euria izan da protagonista. Gainera, tenperaturak ere batazbestekotik behera geratu dira. Hego-haizea ez da askotan agertu eta hori garai honetan izaten direla hego-haizeko egun ugari. 3 hilabeteetan (urrian, azaroan eta abenduan) ia 700 mm jaso dira, eta hori urte batean botatzen duenaren erdia da.

2009ko urtarrilean ere euri asko egin du baina datua normalagoa da 171 mm, hala ere batazbestekotik gora. Tenperatura normaltzat hartu daiteke.

Badator antizikloia.

Gaur goizean euria egin dezake, baina eguerdirako atertzera egingo du eta hori izango da asteburuko joera. Beraz, aspaldiko partez, eguraldi egonkorra izango dugu. Eguraldi dotorea espero dugu, baina arantza txiki batekin. Larunbatean fronte ahuldu bat iritsiko zaigu eta hodeiak ekarriko dizkigu eta baliteke zipriztinen bat lagatzea, giroa zertxobait lardazkatuz. Baina hori kenduta, eguzkia nagusituko da bai bihar eta baita ere igandean.

Tenperaturak freskoak izango dira, egunez nahiko atseginak 10 ºC-ren bueltan. Gainera haizerik ez denez ibiliko eta eguzkia nagusituko denez, larunbateko hodei horiek kenduta, giro atsegina nabarituko dugu. Baina egoera antiziklonikoek beste gauza bat ere ekartzen dute. Gauez oskarbi geratzen denean tenperatura asko jaisten da eta 0 ºC-ra hurbilduko gara. Oraintxe bertan, 2 ºC-ko tenperatura minimoa espero dut iganderako. Larunbatean hodei gehiago izango dugunez 4 ºC-ko minimoa izango dugu.

 Laburbilduz, egoera antiziklonikoa nagusituko da eta horrela aspaldiko partez giro lasaia eta polita izango dugu, eguzkitsua eta egunez tenperatura nahiko atseginekin. Hala ere, neguan gaude eta gauak hotzak izango dira. Egoera hau hurrengo asteko lehen egunetan ere mantenduko dela ematen du.

Egoera antiziklonikoa ondo ikusi daiteke hurrengo isobara mapan:

slp_15022009.gif

Eguraldi makurra astebururako, bereziki bihar eta etzi.

Egia esan berriro ere aire masa hotz eta ezegonkor bat iritsiko zaigu bihar goizetik aurrera eta bai bihar eta baita ere etzi eguraldia benetan gaiztoa izango dugu. Euri asko egingo du eta gainera zaparrada mardulak ere izango ditugu. Ekaitzak ere jo dezake eta txingorra ere izan dezakegu. Gainera, hori gutxi balitz tenperaturak behera egingo du nabarmen eta haizea ere zakar ibiliko da ipar-mendebaldetik, itsasoan ere egoera nabarituko delarik. Tenperatura maximoa 7 ºC-ren bueltan geratuko da eta minimoa 4 ºC-ren bueltan. Zumaian ez du elurrik egingo baina elur-kota 400-500 metrora jaitsiko da, beraz kontuz errepideetan.

Igandean behintzat eguraldiak hobera egingo du. Hala ere, goizean zehar euria egin dezake. Arratsaldean atertzera egingo du eta tenperaturak gorako bidea hartuko du maximoa 10 ºC-ren bueltan geratuz.

Laburbilduz, etxean geratzeko moduko eguraldia. Dena den, igandean hobera egingo du egoera.

Hurrengo asterako Atlantikoan beste bapateko ziklogenesia izango dugu eta bere ibilbidea aztertu beharra dago. Oraintxe bertan ematen du Frantzia iparraldera iritsiko dela eta hortik haize indartsua sortuko du gure lurraldean, baina ez da izango lehengokoa bezain indartsua. Dena den, zikloi honen ibilbidea aldatu daiteke eta ikusi beharko dugu azkenean nondik nora joaten den eta zein den azkenean izan dezakegun haizearen indarra. Hau, astelehen eta astearte bitartean pasako da Katauri itsasotik Frantzia iparraldera.



Bad Behavior has blocked 8 access attempts in the last 7 days.