Egia esan berriro ere aire masa hotz eta ezegonkor bat iritsiko zaigu bihar goizetik aurrera eta bai bihar eta baita ere etzi eguraldia benetan gaiztoa izango dugu. Euri asko egingo du eta gainera zaparrada mardulak ere izango ditugu. Ekaitzak ere jo dezake eta txingorra ere izan dezakegu. Gainera, hori gutxi balitz tenperaturak behera egingo du nabarmen eta haizea ere zakar ibiliko da ipar-mendebaldetik, itsasoan ere egoera nabarituko delarik. Tenperatura maximoa 7 ºC-ren bueltan geratuko da eta minimoa 4 ºC-ren bueltan. Zumaian ez du elurrik egingo baina elur-kota 400-500 metrora jaitsiko da, beraz kontuz errepideetan.
Igandean behintzat eguraldiak hobera egingo du. Hala ere, goizean zehar euria egin dezake. Arratsaldean atertzera egingo du eta tenperaturak gorako bidea hartuko du maximoa 10 ºC-ren bueltan geratuz.
Laburbilduz, etxean geratzeko moduko eguraldia. Dena den, igandean hobera egingo du egoera.
Hurrengo asterako Atlantikoan beste bapateko ziklogenesia izango dugu eta bere ibilbidea aztertu beharra dago. Oraintxe bertan ematen du Frantzia iparraldera iritsiko dela eta hortik haize indartsua sortuko du gure lurraldean, baina ez da izango lehengokoa bezain indartsua. Dena den, zikloi honen ibilbidea aldatu daiteke eta ikusi beharko dugu azkenean nondik nora joaten den eta zein den azkenean izan dezakegun haizearen indarra. Hau, astelehen eta astearte bitartean pasako da Katauri itsasotik Frantzia iparraldera.
berriro ere eguraldi txarra..! baina ez noiz bukatuko den ezin da jakin Joseba? ezin degu jakin udaberri dexentia etorriko ote zaigun?
Beno ba behintzat orain 5-6 egun antiziklonikoak datoz. Oraingoz honekin konformatu beharko deu.
Udaberrikoa egia esan ezin da jakin zer egingo duen, baina badaude modelu batzuk tendentzia markatzen dutenak. Hau da, batazbesteko tenperaturatik gorago edo beherago egongo garen edo ohikoa baino euri gehiago edo gutxiago egin dezakeen. Oraintxe bertan modelu horiek esaten dute udaberria nahiko epela eta euri gutxikoa izango dela, baina iragarpen hauen fidagarritasuna txikia da. Esperantza behintzat ez dugu galduko.