Archive for martxoa, 2009

Eguraldiak okerrera egingo du asteburuan, euria eta tenperaturaren beherakadarekin.

Azken boladan eguraldi dotorea izan dugu eta bihar arte oraindik ere horrelaxe jarraituko du, baina bihar gauetik aurrera fronte hotz batek egoera aldatuko du.

Beraz, larunbatean hodeiekin esnatuko gara, eta euria ere egingo du. Litrotan ez du asko botako, baina zaparradak eguneko edozein momentutan botako ditu. Beste gauza bat ere aldatuko da eta hori tenperatura izango da. Hotza ere nabarituko dugu, zeren eta tenperaturak beherantz egingo du eta egunez ez dugu 10 ºC-ko muga gaindituko. Gainera iparraldeko haizea ibiliko da nabarmen eta horrek hotz sentsazioa areagotu egingo du.

Igandea ere antzekoa izango da, baina arratsaldean arintze aldera egingo du eta ostarteak ere irekiko dira, baina oraindik ere euria egin dezake. Tenperatura antzera, 10 ºC-ak harrapatu ezinik.

Laburbilduz, asteburuan eguraldiak okerrera egingo du eta euriarekin batera hotza ere izango dugu.

Eguraldi dotorearekin jarraituko dugu zubi osoan zehar, baina tenperatura freskoagoekin.

Eguna joan eta eguna etorri eguraldi zoragarria egiten ari da eta horrelaxe jarraituko dugu zubi luze honetan ere. Zerua garbi, urdin urdin agertuko zaigu eta beraz, eguzkia izango da jaun eta jabe. Dena den aldaketaren bat nabarituko dugu eta hori tenperaturetan izango da.

 Gaur adibidez hego haizea ibiliko da goiz partean eta horrek berriro ere tenperatura 20 ºC-tik gora eramango du, gero arratsaldean brisa pixka bat sartu eta zertxobait freskatuko badu ere. Bihartik aurrera hego haizeak indarra galduko du eta ekialdekoa nagusituko da, zehatzago esanda ipar-ekialdekoa eta hori haize fina da eta fresko samarra garai honetan. Horrela, 20an, 21ean eta 22an 15 ºC-ko muga ez dugu gaindituko, maximoa 14 ºC inguruan kokatuz. Gauez gainera tenperatura 7 ºC-raino jaitsiko da.

Beraz eguraldi zoragarriarekin jarraituko dugu hurrengo egunetan, baina tenperatura freskoagoak izango dira. Hurrengo astea ere horrelaxe hasiko dugu eta oraingoz 24ra arte ez da aldaketarik ikusten.

Asteburuan zertxobait hondatuko da eguraldia baina gutxi.

Eguraldi dotorea izango dugu gaur eta bihar. Eguzkia nagusituko da eta gainera giroa epelduko du dexente, bereziki bihar, hego ikutuko haizea ibiliko baita goizean zehar eta horrek tenperatura 21º C-raino eramango du. Beraz, goizak fresko samar eta gero egunez udaberri bete beteko eguraldia.

 Larunbat arratsalderako fronte ahul bat iritsiko zaigu arratsalde aldera, eta nahikoa izango da eguraldia pixka bat estropeatzeko. Larunbat goizean eguraldi polita izango dugu, baina arratsalderako hodeiak ugarituko dira eta egunaren bukaeran zirimiri pixka bat egin dezake. Igande goizaldean eta lehen orduetan ere zirimiri pixka bat egin dezake eta gero argitze aldera egingo du, igande arratsalde eguzkitsua geratuz. Fronte ahul honen beste ondorioetako bat tenperaturaren beherakada izango da. Ostiraleko 21 ºC-tik , larunbateko 15 ºC-ra eta igandeko 13 ºC-ra pasako gara.

Beraz, gaur eta bihar udaberriko egun dotoreak izango ditugu eta asteburuan fronte ahul batek eguraldi dotore hori pixka bat hondatuko digu, baina ez gehiegi.

Hurrengo astean berriro ere antizikloia jaun eta jabe izango da gure lurraldean, eguraldi eguzkitsua eta egonkorra ekarriz, behintzat martxoaren 19ra arte.

 Hurrengo mapa honetan ikusi dezakezue asteburuan, bereziki larunbat gauean, giroa pixka bat hondatzeko erruduna zein den: fronte hotz ahuldua.  

slp_15032009.gif

Larunbat euritsua eta igandean hobera.

Lehengo astean esan nuen moduan iritsi zaigu berriro ere negu giroa eta benetan giro makurra daukagu: euria, txingorra, haizea… ez zaigu ezer falta.

Bihar ere antzera jarraituko dugu, baina egoerak pixka bat hobera egingo du. Goizaldean oraindik ere zaparrada trumoitsuak eman daitezke txingor eta guzti, baina egunean zehar ez dira espero. Euria egingo du dexente egun guztian zehar eta tenperatura zertxobait bada ere gora joango da, maximoa 8 ºC-ren inguruan geratuz.

Larunbata euritsua izango da eta litro dexente pilatu daitezke. Euria egingo du egun osoan zehar. Tenperatura gorako bidean, egunez 11-12 ºC-ren bueltan. Haizea ipar-mendebaldetik ibiliko da baina ez gaur bezain zakar.

Igandean hobera egingo du eta itsasoko iturri hori moztu egingo da. Dena den, goizaldean euri pixka bat egin dezake baina oso gutxi. Gero eguerdi partean ostarteak zabalduko dira eta berriro gauerako tapatu eta euria egin dezake. Tenperatura gorako bidean, 15 ºC-ren bueltan maximoa.

Beraz, larunbata euritsua izango da eta igandean nabarituko dugu hobekuntza. Gainera, gaur izango da egun hotzena, baina pixkanaka tenperatura gorantz joango da egunak pasa ahala.

Hurrengo asterako beharbada, berriro ere antizikloia etorri daiteke guregana. Oraintxe bertan %60ko probabilitatea dago. Ikusiko dugu.



Bad Behavior has blocked 8 access attempts in the last 7 days.