Badator Aste Santua eta ematen du pixka bat denetik izango dugula. Egia esan, Aste Santu askotan eguraldi oso makurra egin izan du eta aurtengo behintzat ez da izango hain makurra. Fronteak pasako zaizkigu eta hauek euria eta tenperaturen beherakada ekarriko dute, baina fronteak iritsi baino lehen eguraldi eguzkitsua eta epela izango dugu. Beraz, aldaketa ugari izango ditugu egun batetik bestera. Xehetasunak hauek dira egunez egun:
Ostegunean eguraldi dotorea espero dugu. Hego haizea ibiliko da nahiko harro eta zeruan urdina izango da nagusi hasieran, gerora hodeiak ugarituko badira ere. Tenperatura gora joango zaigu eta egunez 24 ºC-ra iritsiko gara. Egunaren bukaeran euri pixka bat egin dezake, frontearen lehenengo hodeiek lagako dutena.
Ostiralean fronteak bete betean harrapatuko gaitu eta euri zaparrada mardulak espero ditugu egunaren lehen partean. Tenperaturaren beherakada ikusgarria izango da eta maximoa 11 ºC-ren bueltan geratuko da. Arratsaldean ere euri pixka bat egin dezake, baina goizean baino askoz gutxiago.
Larunbatean oraintxe bertan beste fronte batek ukitzea posible da, baina ez dago oso garbi. Dena den, ez du ematen euri askorik egingo duenik. Tenperatura ostiralaren antzekoa.
Igandean beste egun polit bat izan dezakegu, baina oraindik urruti xamar dago. Oraintxe bertan eguraldi nahiko eguzkitsua egingo luke eta tenperatura errekuperatze bidean 16 ºC inguruan.
Astelehenean beste fronte baten bisita izan dezakegu, baina ikusiko dugu.
Laburtuz eta Aste Santu osoa orokorrean hartuz, eguraldiak koska nabarmenak izango ditu. Egun batetik bestera eguraldian aldaketa nabarmenak eman daitezke, berotik hotzera eta eguzkitik eurira pasatuz.
Aupa Joseba!
Ez dakak merito makala asmatzen badek, Tourreko mendiko etapa batek baino gorabehera gehiago dizkik eta iragarpenak.
Ea asmatzen deken.