San Telmotan euria bai, baina ez gehiegi.

Egoera nahiko nahasia daukagu oraintxe bertan eta asteburuan ere nahiko antzera jarraituko du. Horrexegatik, egoera hauetan zaila da euria non eta noiz egingo duen zehaztea, baina behintzat ez da ikusten egoera okerra astebururako. Nahiz eta euria egin dezakeen, egun guztiak kontuan hartuta ateri eutsiko dio momentu askotan. Euria egiteko aukerarik handiena larunbat arratsaldean, igande bukaeran eta astelehen goizaldean izango da. Dena den, hau aldatu daiteke eta euria beste momentu batean egitea ezin da baztertu. 

Egoera zehaztea zaila da, baina hementxe duzue egunez egun iragarpena:

Larunbata: Goiza nahiko lasaia izango da. Ostarteak izango dira nagusi zeruan. Arratsaldean hodeiak ugaritu eta zaparrada mardulak bota ditzake. Gainera, ekaitzak jotzea ezin da baztertu. Haizea orokorrean iparraldekoa izango da eta tenperatura freskoa, baina nahiko atsegina, maximoa 13 ºC. Gauean atertzera egingo du eta gau horretan (larunbatetik igandera) ez da euria espero.

Igandea: Goiza berriro ere polita izango da. Orokorrean ostarteak nagusituko dira. Arratsalderako hodeiak ugaritu eta gau parterako euri pixka bat egin dezake, baina ez gehiegi. Iparrarekin jarraituko dugu eta tenperatura antzera, maximoa 14 ºC-tan geratuz.

Astelehena: Goizaldean euri pixka bat egin dezake, baina egun osoan zehar ateri eutsiko diola ematen du, nahiz eta ezin baztertu tantaren bat erortzea. Ostarteak ere zabalduko dira eta tenperatura antzera (maximoa 14 ºC).

 Beraz, ikusten duzuen bezala, euririk egin gabe ez da pasako asteburua, baina ez du gehiegi egingo, eta gainera asteburuko zatirik gehienean ateri eutsiko dio eta tenperatura fresko antzekoa izango da, baina nahiko atsegina. Momenturik okerrena larunbat arratsaldea.

Ondo pasa San Telmoak 

0 Responses to “San Telmotan euria bai, baina ez gehiegi.”


  1. No Comments

Leave a Reply





Bad Behavior has blocked 8 access attempts in the last 7 days.