Archive for abuztua 13th, 2009

Bihar eguraldi bikaina, etzi beroa eta ekaitz arriskua eta igandean iparra, hodeiak eta freskoago.

Kostata bada ere, azkenean egun hauetako hodei baxuak desagertu dira, behintzat ordu batzuk. Horrelako egoerak uda partean oso ohikoak dira. Ebaporazio gehiago dago urtaro honetan eta hezetasun honekin erraz sortzen dira hodeiak, bereziki gau partean, lehen orduetan eta bukaeran, gainera zirimiri pixka bat ere lagatzeko gai dira. Momenturik onena eguerdi partea eta arratsaldeko lehen orduak izaten dira horrelako egoeretan.

Dena den, biharko eguraldi bikaina geratzea espero dut, hodei batzuk berriro ere agertu daitezke lehen orduetan, baina eguerditik aurrera zerua urdin geratuko da eta tenperatura ederra, maximoa 26 ºC-koa izango da, brisari esker.

Larunbatean hego haizea ibiliko da goizean eta horrek tenperatura ederki igoko du, maximoa ordu bata aldera emango da eta 35 ºC ingurukoa izango da. Goizean zerua nahiko oskarbi egongo da, baina arratsalderako hodeiak ugaritu egingo dira. Gainera, haizea aldatu egingo da eta ipar-mendebaldekoa izango da eta gainera bolada gogorren bat eman daiteke. Horrez gain, ekaitz arriskua ere aipatu beharra dago, eta ekaitzen bat gertatzekotan haize bolada aipagarriak izan ditzakegu. Beraz, arratsaldean aldaketa izango da.

Igandean ipar haizearekin hodeiak nagusituko dira eta zirimiri pixka bat ere egin dezake, bereziki hasieran eta bukaeran. Dena den, eguerdi partean eta arratsaldeko lehen orduetan ostarteak ere zabaldu daitezke. Tenperaturak beherako bidean, maximoa 25 ºC inguruan geratuko da.

Beraz, asteburuan pixka bat denetik eta plan ezberdinak egiteko ondo etorriko zaigu.



Bad Behavior has blocked 6 access attempts in the last 7 days.