Archive for iraila 21st, 2009

Ostiralean jasotako euri kantitatea Zumaian 60 mm izan zen.

Egia esan, komentatu nuen ostegunean, ostiralak uholde arriskua izateko itxura bazuela, eta halaxe gertatu zen Bizkaiko kostaldeko eta Iparraldeko zenbait tokitan. Bereziki, Bermeon 172 mm pilatu ziren, ia guztia 4 ordutan eta gainera ordubetean 51 mm. Hor arazoak izan zituzten, baita ere Baionan 200 mm baino gehiago jaso zirelarik. Zumaian euri asko egin zuen eta 60 mm jaso ziren.

Egoera hau uda lehor baten ondoren etorri denez, ondorioak ez dira izan oso larriak, zeren eta lurrak ur asko xurgatu du, erreketara joan beharrean, baina euri aldetik gutxitan gertatzen da ostiralean gertatutakoa. Oro har, 80 mm-tik gora jaso zen Kantauri isurialdean eta Araban ere 60 mm-tik gora. Euria normal egin balu ordura arte, ondorioak larriagoak izango ziren.

Euri kantitate hau egiteko egoera aproposa izan zen. Alde batetik aire hotza goi geruzetan, depresio isolatu bat (Depresión Aislada en Niveles Altos). Behe geruzetan ipar haizea eta gainera itsasoko ura oraindik altu dagoen urte sasoia, hezetasun handia sartuz Euskal Herrira. Beraz, aire masa epela eta hezea behe geruzetan eta aire hotza goi geruzetan. Honek ezegonkortasun handia eragiten du ekaitz zaparradak eraginez eta ur-jasa handiak ekarriz.

Aste honetan antizikloia hurbilduko zaigu, baina asteazkenean igerriko ditugu bere ondorioak. Asteazkenetik aurrera eguzkia eta tenperatura atseginak izango dira nagusi (20 eta 25 ºC bitartean). Gaur eta bihar ipar haizearekin eta euriarekin jarraitu beharko dugu



Bad Behavior has blocked 6 access attempts in the last 7 days.