Gabonetan giro nahasia.

Hotzaldiak aste oso bat iraun du eta hemendik aurrera Atlantikoko borrasken menpe geratuko gara. Horrek esan nahi duena da, alde batetik hego haize indartsua izango dugula momentu batzutan eta bestalde, fronteak ere iritsiko zaizkigula euria ekarriz eta tenperaturak hoztuz beste momentu batzutan. Hau da, giro oso aldakorra, baina oro har hartuta tenperatura epel samarrak, behintzat konparatuz izan dugun aste hotz horrekin.

Dena den eta gauzak gehiago zehaztuz gabonetarako hauxe espero da:

24ean: Goizean hego haize indartsua izango da aipagarriena, bereziki goizaldean, orduan 100 km/h-ko boladak eman daitezke. Goizean zehar, haizea baretuz joango da, baina oraindik ere hego haize ikutuarekin ateri eutsiko dio, eta gainera tenperatura oso epelarekin, maximoa 18 ºC inguruan geratuko da. Arratsaldean ordea, fronte bat iritsiko zaigu eta honekin batera euri zaparrada mardulak eta tenperaturaren beherakada. Oraintxe bertan ematen du arratsaldeko bostak inguruan iritsiko dela frontea, beraz ordutik aurrera zaparradak, ipar-mendebaldeko haizea nahiko zakar eta tenperatura behera nabarmen, esate baterako gaueko hamarretan 8 ºC-ren bueltan ibiliko da termometroa. Beraz, aldaketa nabarmena goizaren eta arratsaldearen artean.

25ean: Goizeko lehen ordutan oraindik ere euri pixka bat egin dezake, baina hobera egingo du goizean zehar, eta arratsalde eguzkitsua geratuko da. Hasieran ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da indar handirik gabe, baina arratsaldean aldakor. Tenperatura hotzago, maximoa 10 ºC-ren bueltan geratuko da.

Beraz, 24 arratsaldean gabonetako koroa kantari ibiliko den momentuan frontea iritsiko zaigu, baina ondo prestatu ezkero koroa entzun eta pote batzuk hartzeko aukera ezin da galdu.   

Gabon zoriontsuak denori!!!

0 Responses to “Gabonetan giro nahasia.”


  1. No Comments


Bad Behavior has blocked 6 access attempts in the last 7 days.