Hotzaldiaren ondoren tenperatura etorri da bere onera eta horrelaxe jarraituko du baita ere asteburuan. Gaur depresio sakon bat pasako da Kantauri osoa zeharkatuz eta aipagarriena horrek eragingo duen haizetea izango da. Bereziki, eguerdi partean 100 km/h-tik gorako boladak eman daitezke. Gainera zaparrada mardulak ere izango ditugu ipar-mendebaldeko haize zakar horrekin.
Bihar gauzak baretu egingo dira eta egun polit bat geratuko da, prezipitaziorik gabe eta egun eguzkitsua orokorrean. Haizea aldakor hasieran baina pixkanaka hego ikutua hartuko du eta bukaerarako indartu ere egingo da.
Larunbatean hego haizea izango da nagusi. Hodeiak izango ditugu zeruan baina euria egitea zaila izango da. Beharbada, tantaren bat eror daiteke arratsaldean. Hego haizearekin tenperaturak gora egingo du eta maximoa 15 ºC-ren bueltan geratuko da.
Igandean goizean zehar euri pixka bat egin dezake ipar-mendebaldeko ikutua hartuko baitu haizeak, baina antizikloia guregana etorriko denez, arratsaldean hobera egingo du eta ostarteak irekiko dira, gero eta zabalagoak orduak aurrera egin ahala. Tenperatura larunbatean baino freskoago, baina hala ere atsegina, 12 º C-ren bueltan.
Beraz, asteburuan eguraldia ez da albiste izango eta egoera normal horren baitan tenperatura atseginak eta euri pixka bat izango ditugu.
Azken iruzkinak