Archive for otsaila, 2010

Haize bortitza astebururako, bereziki larunbat arratsaldean, gauean eta igande goizaldean.

Hego haizea dabil agintari aste osoan eta gainera momentu batzutan gogor jotzen ari da.

 Astebururako egoera berezia daukagu gure aurrean. Atlantikoan Penintsularen hego mendebaldean ziklogenesi prozesu bat gertatuko da probabilitate handiarekin ostiral gauean eta azkar asko sakonduko da, bapateko ziklogenesia izan daitekeelarik. Horrek zikloi sakon bat sortuko du eta Galizia aldetik pasako dela ematen du. Momenturik sakonenean 970 mb-ko presioa izan dezake bere erdigunean. Horrek hego aldeko haize bolada bortitzak sortu ditzake Euskal Herri osoan eta baita ere Zumaian. Dena den bere ibilbidea oraindik ere zehazteko dago eta aldaketa nabariak eman daitezke. Beraz, iragarpenen jarraipen bat egitea komeni da.

Oraintxe bertan ditugun datuekin hauxe gertatu daiteke.

Larunbatean zeruan hodeiak izango dira nagusi, baina ostarteak ere zabalduko dira. Euri pixka bat egin dezake baina ezer gutxi. Aipagarriena haizea izango da. Goizean hego-ekialdeko haizea ibiliko da eta bolada gogorrak eman daitezke, 80 km/h-koak, baina okerrena arratsaldeak aurrera egin ahala etorriko da. Orduan hego-mendebaldeko haize boladek 120 km/h-ko abiadura gainditu dezakete. Hori horrela mantenduko da igande goizaldean ere. Gero igandean gauzak bere onera bueltatuko dira. Bestalde, larunbatean tenperatura oso altua izango da 22 ºC inguruan geratuz maximoa.

Igandean hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira, euri pixka bat egitea baztertu gabe. Tenperatura jaitsi egingo da eta maximoa 15 ºC-tan geratuko da eta haizea mendebaldetik ibiliko da, goizaldean oso zakar, baina egunak aurrera egin ahala indar gutxiagorekin.

Iragarpen guztia zikloi horren ibilbidearen eta sakontze prozesuaren menpe dagoenez, iragarpen berrien jarraipena egitea komeni da.

Beraz, kontuz haizearekin asteburuan.

Asteburu nahasia.

Laga dugu atzean hotzaldia eta orain beste egoera batean murgildurik gaude. Tenperatura pixkanaka bere onera bueltatzen ari da eta horrelaxe jarraituko du hurrengo astean ere. Egoera berri honetan euri askorik ez da ikusten, beharbada aipagarriena hego haizea izango da, zeren eta momentu batzutan gogor joko du.

Bihar ipar-mendebaldeko haizea nagusituko da eta horrekin euria eta tenperaturaren beherakada etorriko dira.

Larunbat goizean oraindik ere euria egingo du, baina pixkanaka haizea mendebaltzen joango da eta arratsalderako atertu egingo du, hego ikutuko haizearekin. Baliteke goizaldean zaparrada trumoitsuren bat izatea (ostiral arratsaldean ere arrisku hori hor egongo da). Tenperatura fresko samarra, maximoa 11 ºC-ren bueltan.

Igandean aipagarriena haizea izango da. Hego haize zakarra espero da, bolada oso gogorrekin, 100 km/h-ko muga ere gainditu daiteke, bereziki arratsaldean. Haize honekin hodeiak ibiliko dira zeruan, ostarteak ere zabaldu daitezke, baina euria egitea zaila izango da. Tenperatura zertxobait igoko da, maximoa 13 ºC-koa izango baita, baina haize horrekin hotz sentzazioa areagotu egingo da.

Laburtuz, atzean laga dugu hotzaldia eta oraingo egoera berrian tenperatura epelagoak izango ditugu.

Bihar elurra egiteko aukera handia ikusten da.

Iritsi zaigu berriro ere beste hotzaldi bat. Antizikloiak Islandia hegoaldean kokatuta Europan zehar aire masa oso hotza garraiatuko du Euskal Herrira. Gainera hotza gurekin geratuko da asteburu osoan, beraz ihauteriak ospatzeko giro hotza (mozorratzeko erropa ugari jantzitzea hobea izango da).

 Prezipitazio aldetik bihar izango da egunik garrantzitsuena eta horrexegatik elurra egiteko aukera handiak ikusten ditut. Egia da, azkenengo hotzaldian ez zuela zuritu, baina bihar berriro ere aukera hori hortxe egongo da. Benetan egun oso hotza izango da, tenperatura minimoa 0 ºC-koa izango da eta maximoa 3 ºC-koa bakarrik. Txingorra bezalako elurra egin dezake, baina malutak erortzea ere ezin da baztertu. Egun osoan egongo da elurra egiteko aukera eta zuritzekoa ere bai. Gainera, bi ezegonkortasun lerro pasako dira eta beraz elurte polit bat ikusteko aukera izan dezakegu. Beharbada, 10 zentimetro pilatu daiteke. Dena den, kostaldean beti ere zailtasunak izaten dira zuritzeko itsasoa hor baitago eta beraz, ikusiko dugu baina aukera handia dagoela ezin dezaket uka.

 Gerora eta asteburuari begira, hotzak gurekin jarraituko du, baina prezipitazioa asko murriztuko denez, ez da espero zuritzea. Beraz, ihauterietan hotza eta noizbehinka beharbada elur maluta bat edo beste baina garrantzi gutxikoa. Termometroetan merkurioa ez da 3-4  ºC-tik gora joango, eta minimoak negatiboak ere izan daitezke -1 ºC ingurukoak. Kriston hotza.

Larunbatean euria eta igandean eguraldi polita.

Larunbatean euria egingo du, baina aurreko asteburuarekin konparatuz askoz ere gutxiago.

Zirkulazio zonal baten barnean gaude eta horrek esan nahi du mendebaldeko haizea ibiliko dela. Gaur eta bihar hego ikutuarekin, eta beraz ia ez du euririk egingo.

Larunbatean berriz, ipar-mendebaldeko ikutu bat hartuko du eta hori nahikoa izango da hodeiak eta euria nagusitzeko. Tenperatura fresko baina garai honetarako egokia, maximoa 13 ºC inguruan geratuko da.

Igandean antizikloia gure gainean jarriko da eta horrek hobekuntza nabarmena ekarriko du. Beharbada, goizaldean hodei batzuk geratuko dira, baina goizean zehar eguzkia nagusituko da. Dena den, goi eta erdi-mailako hodeiak agertuko dira eta zerua zuritzea lortuko dute, bereziki eguerditik aurrera. Hala ere, ateri eutsiko dio egun osoan. Tenperatura oso atsegina izango da, maximoa 14 ºC ingurukoa.



Bad Behavior has blocked 8 access attempts in the last 7 days.