Archive for apirila, 2010

Aipagarriena tenperaturaren beherakada izugarria izango da.

Atzo, asteazkena, 32 ºC-ko maximoa izan bagenuen ere, ezin dugu esan uda iritsi denik, zeren eta larunbatetik aurrera goi latitudeetatik datorren aire masa hotz batek harrapatuko gaitu eta horrekin batera tenperatura nabarmen jaitsiko da. Tenperatura maximoa atzoko 32 ºC-tik 13 ºC-ra jaitsiko da, hau da 15 ºC baino gehiagoko beherakada, izugarria.

Larunbatean goizean euri pixka bat egin dezake, baina ostarteak irekiko dira arratsaldean eta giro atsegin samarra geratuko da. Haizea iparraldetik ibiliko da eta tenperatura maximoa 15 ºC inguruan geratuko da.

Igandean zeruan hodeiak izango dira nagusi eta euria egingo du. Iparraldeko haizearekin jarraituko dugu eta tenperatura maximoa 13 ºC inguruan geratuko da.

Beraz, ez gorde oraindik jertseak, zeren eta tenperatura altu hauek bukatu dira epe baterako. Ematen du maiatzak 6 edo 7ra arte gutxienez tenperatura fresko hoiekin egongo garela. Gainera, giro ezegonkorra nagusituko da eta mendietara elurra bueltatu daiteke 1200 metro ingurura.

Asteburu hau ere ondo portatuko da.

Apirila lehor samar doa orain arte eta ez da ikusten aldatzeko gogo handirik duenik eguraldiak. Gaur eta bihar euri pixka bat egin dezake, baina litrotan ez da asko izango. Ekaitz ikutuko zaparradaren bat edo beste izateko aukera ere badago baina 5 eta 10 mm bitartean geratuko lirateke pilaturiko litroak. Horrekin oraindik ere ez gara hileko bataz-bestekora hurbilduko inondik inora.

Asteburuan oro har hartuta eguraldi atsegina izango dugu. Brisa ibiliko da eguerdi partean eta horrekin tenperatura fresko samarra izango dugu, itsasoko tenperatura oraindik hotza dagoelako (14 ºC-ko tenperatura dauka itsasoak gure parean). Tenperatura maximoa 17-18 ºC inguruan geratuko da bi egunetan. Bestalde, arratsaldeetan barneko beroa dela eta bero hodeiak garatuko dira Euskal Herriko barnealdean eta ekaitzen bat edo beste izan daiteke, baina Zumaira iristeko aukera oso txikia da. Beraz, probabilitate handiarekin euri konturik ez dugu izango. Zeruan hodeiak ere agertuko dira, bereziki igande goizean, baina bestela nahiko zeru urdina espero da. Egia da baita ere, garai honetan itsasoan behe-lainoa sortzea oso erraza dela eta hurrengo egunetan fenomeno hori gertatu daitekeela, baina asteburu honetan egunaren zatirik handienean eguzkia ikusiko dugu.

Apirila bere bukaerara iristen ari da eta ez da ikusten euri konturik. Hurrengo aste ia osoa antiziklonikoa izango da, brisarekin eta eguraldi eguzkitsuarekin. Dena den, taosa izateko aukera ere hor egongo da (hitz gutxitan: barnealdeko berotasunak ura lurruntzen du eta aire masa bero samar hori kostaldera iristerakoan, itsasoko tenperatura hotzak hoztu egiten du aire masa horren beheko partea, hor dagoen ura kondentsatuz eta taosa sortuz).

Repetiziotan ere eguraldi ederra.

Ematen du aurtengo San Telmoak tantarik bota gabe pasako direla, zeren eta datorren asteburuak ere itxura ona dauka.

Depresio bat dago Penintsulako mendebaldean eta horrek fronteak bultzatzen ditu Penintsulara, baina gurera oso ahul iristen dira eta hodei batzuk ikusiko baditugu ere, eguzkia nagusituko da.

Oro har, bai larunbatean eta baita ere igandean eguzkia agertuko da zeruan, nahiz eta zerua guztiz garbi ez egon. Hego ikutuko haizea izango da nagusi eta honek tenperaturen gorakada ekarriko du. Indar handirik ez du izango eta horrexegatik brisa ateratzeko aukera egongo da, bereziki arratsaldeetan. Tenperatura maximoa 18 ºC inguruan geratuko da, giro oso atsegina eraginez. Brisa sartzen ez bada 20 ºC-ra ere iritsiko da merkurioa.

Beraz, 2010eko San Telmoak euririk gabekoak izango dira. 

San Telmotan ez da apenas euririk espero.

Ematen du aurtengo San Telmotan eguraldia nahiko ondo portatuko dela. Festa hauek badaukate euritako fama, baina kasu honetan  larunbatean eta igandean giro lehorra espero da.

 Larunbata izango da egunik dotoreena. Eguzkia izango da jaun eta jabe eta gainera tenperatura atseginarekin. Ipar-ekialdeko haize ahula ibiliko da brisa antzean eta tenperatura maximoa 16 ºC-koa izango da.

Igandean, lehorretik jarraituko du eguraldiak, baina beharbada hodei batzuk agertuko dira zeruan, eta tenperatura ere freskoagoa izango da. Tenperatura maximoa 14 ºC-tan geratuko da, baina ipar-ekialdeko haizea nahiko fin ibiliko denez freskotasuna gehiago nabarituko da.

Azkenik, astelehenean, San Telmo egunean, zertxobai ezegonkortu egingo da eguraldia eta tenperaturak ere beherako bidean jarraituko du. Dena den, egunaren zatirik gehienean ateri eutsiko dio, hodeiak eta ostarteak tartekatuz zeruan. Ematen du arratsalde bukaeran edo iluntzerako zaparradatxoren bat bota dezakeela, baina garrantzi gutxikoa izango litzateke. Ipar-ekialdeko haizeak jarraituko du tenperatura hozten eta maximoa 10 ºC inguruan geratuko da.

Beraz, esandakoa oro har eguraldia ondo portatuko da San Telmo hauetan. Ondo ospatu festak!!!



Bad Behavior has blocked 8 access attempts in the last 7 days.