Archive for maiatza, 2010

Eguraldi zoragarria astebururako. Uda giroa.

Azkenean atmosfera lasaitu da pixka bat eta maiatzako lehen hamabostaldi hotz eta umela pasa ondoren, aste hau beste itxura batekin hasi genuen, udaberriko itxurarekin eta orain astebururako beste koska bat hobera egingo du, tenperatura gorako bidean ipiniz eta udako giroa ekarriz. Beteko dira hondartzak oraingoan.

 Hitz gutxitan eguraldi zoragarria egingo du asteburu osoan. Zerua urdin agertuko zaigu. Beharbada goizean goiz, lanbro laino pixka bat sortu daiteke, baina goizeko lehen orduetatik zerua urdin geratuko da eta horrelaxe mantenduko da egun osoan zehar. Larunbatean brisa ibiliko da garbi asko eta egun sano horietakoa izango da. Tenperatura maximoa 21 ºC inguruan geratuz. Gauez ordea oraindik ere badaki freskatzen minimoa 12 ºC-koa izango baita. Igandean zeru urdinarekin jarraituko dugu, baina hego haizeak nahiko du muturra sartu eta hor egongo da brisa eta hego haizearen burruka. Brisak ez badu irabazten termometroa 27 ºC-ra hurbildu daiteke, eta bestela brisa pixkatekin 23 ºC-tan geratuko da. Beraz, udako giro peto-petoa.

 Hurregno astean baliteke pixka bat okertzea asteartetik aurrera, baina oraindik ez dago garbi zer geratuko den.

Azkenik kontuan izan itsasoko tenperatura 14-15 ºC-an dagoela eta garai honetarako batezbestekotik behera dagoela. Hau da, hotza dagoela oraindik ere, baina seguru nago jende askok baño bat hartuko duela.

Larunbat umela eta igandean hobera.

Nahiz eta maiatzaren erdialdean aurkitu, giro triste eta freskoarekin jarraitzen dugu eta horrelaxe jarraituko dugu igandera arte. Antizikloia Atlantikoan kokaturik dago eta hortik ipar-mendebaldeko haizea bultzatzen du guregana. Itsasoko egoera honekin hodeiak eta euria dira nagusi, gainera tenperatura freskoarekin gauden garairako. Gaur bertan, esate baterako elurra espero da mendietan 1000 metro inguruan.

Asteburuan larunbatak ez digu panorama hau gehiegi aldatuko. Zeruan hodeiak nagusituko dira eta tarteka euria egingo du egun osoan zehar. Tenperatura ere fresko mantenduko da, maximoa 11 ºC-ren bueltan geratuz. Haizea ipar-mendebaldetik ibiliko da eta egunaren lehen partean indar pixka bat izango du.

Igandean, pixkanaka bada ere, eguraldiaren itxura aldatzen joango da. Egunaren hasieran hodeiak hor egongo dira, baita euri pixka bat ere, baina eguerditik aurrera atertuz joango da eta ostarteak irekiko dira. Tenperatura larunbatean baino atseginagoa, maximoa 14 ºC inguruan geratuko delarik.

Igandeko hobekuntza honek jarraipena izango duela ematen du hurrengo astean, baina oraindik konfirmatu beharra dago. Atmosferaren eboluzio probableena kontuan hartuz, antizikloia Atlantikotik Europarantz hedatuko da eta bere eraginpean geratuko gara, eguraldi egonkorra nagusituz eta tenperatura errekuperatuz, bere balio normalera bueltatuz. Ikusiko dugu. 

Tenperatura errekuperatuz joango da, baina eguraldiak ez du hobera erabat egingo.

Negu giroa nagusitu da azkenengo egun hauetan, baina pixkanaka bada ere tenperaturak gorako bidea hartuko hurrengo egunetan. Dena den, horrelako egoerak maiatzan noizbehinka eman izan dira. Elurrak badaki maiatzan mendietan behera egiten.

 Astebururako egoera egonkorrik ez da ikusten, baina izandako egun hauekin konparatuz hobera egingo du. Egoera nahasia izango da eta horrexegatik zaila izango da eguraldia nondik nora ibiliko den zehaztea. Hori bai, tenperatura igo egingo da eta maximoa 15 ºC-ren bueltan ibiliko da.

Larunbatean goiza dexentekoa izango dela ematen du, ostarte batzurekin, baina arratsaldeko lehen ordurako euria egin dezake. Gero berriro atertuko du gauerako. Ikusten duzuen bezala, egoera nahasia. Tenperatura maximoa 15 ºC-koa izango da.

Igandean ere goiza polit samarra izango dela ematen du eta arratsalderako hodeiak ugaritu eta euria egiteko aukera egongo da. Tenperatura maximoa 17 ºC-koa izango da.

Gerora begira, maiatzaren erdialdera arte behintzat egoera ezegonkorrak jarraituko duela ematen du eta hortik aurrera beharbada udako giroa izateko aukerak ikusten dira, baina esandakoa maiatzaren 15arte giro ezegonkorra.



Bad Behavior has blocked 8 access attempts in the last 7 days.