Archive for ekaina, 2010

Eguraldiak ezegonkortze aldera egingo du, baina hala ere eguraldi atsegina

Aste honetan sartu gara udan eta eguraldiak ere horixe nabarmendu nahi izan du. Lehengo asteko euritearen ondoren eta tenperatura fresko haiek atzean utzi eta udako giroan bete-betean sartu gara. Dena den, asteburuan aldaketa batzuk nabarituko ditugu, baina eguraldia ez da gehiegi okertuko. Alde batetik ekaitzetarako joera handiagoa egongo da, barneko bero puntua dela eta. Eta bestalde, igandean ipar haizeak hodei baxuak ugaritu ditzake.

Bihar, gaurko eguraldiaren antzekoa.

Larunbatean goiza ederki portatuko da, eguzkia nagusituz eta tenperatura atsegin eta goxoa lagaz, maximoa 24 ºC ingurukoa izango baita. Arratsaldean, barneko beroa dela eta ekaitzak izateko aukera dago barnealdea, eta ekaitz hoiek Zumaira ere iritsi daitezke. Beraz, larunbat arratsaldean ez harritu ekaitzen batek harrapatzen bazaituzte.

Igandean Azoreetako antizikloiak ipar pixka bat sartuko du eta nahikoa izango da hodei baxuak ekartzeko. Dena den, eguerdi partean ostarteak ere ireki daitezke eta aprobetxatzeko eguna geratuko da. Giroa pixka bat freskoagoa baina atsegina, maximoa 22 ºC inguruan geratuz.

Hurrengo asteko lehen egunetan ere igandeko tankera izan dezake eguraldiak.

Oraindik ere giro triste eta freskoa.

Hau da hau euria botatzea. Litro asko pilatu ziren atzoko egunean (hilaren 16an) bereziki Bizkaia aldean, baina Zumaian ere asko bota zuen, 82 mm neurtu dira 24 ordutan. Hau da, ia ekainean egiten duen guztia egun bakar batean. Dena den, ez zituen sortu arazo gehiegi Zumaian.

 Hurrengo egunetan, bai bihar eta baita ere asteburuan eguraldiak triste jarraituko du eta euria ere egingo du, baina ez atzo bezala.

Larunbata euriarekin hasiko dugu eta goizean gainera dexente bota dezake. Gero arratsaldean arintze aldera egingo du, baina ezin da baztertu arratsaldean ere euria egitea. Tenperatura fresko-fresko maximoa 18 ºC inguruan geratuz. Haizea iparraldetik ibiliko da.

Igandean goizean zehar euria egin dezake, baina arratsaldean hobera egingo du nabarmen, ostarte zabalak irekiz. Tenperatura oraindik ere fresko, maximoa 17 ºC-ren bueltan geratuko da.

Hurrengo astean ematen du behintzat hiru edo lau egunetan udako eguraldi sanoa izan dezakegula, tenperatura maximoa 21 ºC inguruan geratuz. Beraz, uda astronomikoki ere 21ean hasten da eta eguraldiak ere udan sartzen garela adierazi nahiko du.

Uholde arriskua bihar hasi eta asteazken osoan zehar.

Egoera konplikatu baten aurrean aurkitzen gara. Goi geruzetan aire poltsa hotz bat iritsiko zaigu biharko eta horrek ezegonkortasuna areagotu egingo du. Beste alde batetik lurrazalean depresio bat sortuko da Mediterraneoan eta horri loturiko fronte bat iritsiko zaigu asteazkenerako. Mediterraneoko aire masa izango denez hezetasunez kargatua etorriko zaigu eta goi geruzetan egongo de ezegonkortasunarekin batera euri asko egitea espero da.

Urrutira joan gabe biharko, hilaren 15a 40 eta 70 mm pilatzea espero da kantauri isurialdean eta baita ere Zumaia aldean. Baina asteazkenean oraindik euri gehiago espero da 80 eta 130 mm bitartean, baita ere kantauri isurialdean. Beraz, orain ditugun datuak kontuan hartuta, egoera larri baten aurrean egon gaitezke. Horrexegatik iragarpen berrien gainean egotea komeni da eta iragarpena konfirmatzen bada, beharbada neurri batzuk hartzea komeniko da. Iragarpen berriei adi-adi jarraitzeko gomendioa emango dizuet, ez dadin ezer garrantzitsurik gertatu. Ea ez den ezer gertatzen.

Asteburuan eguraldi kaxkarra

Bi aste oporretan egon eta gero, berriro ere ostegunero asteburuko iragarpena egiten saiatuko naiz. Horrela, asteburu honetarako eguraldiak duen itxura ez da batere atsegina, euria eta eguraldi freskoa izango baitira hizpide.

Larunbatean bertan eta goizean hasita euritara joko du eta arratsaldean gainera zaparrada mardul xamarrak eman daitezke. Ipar haizea nagusituko da eta freskotasuna nabarituko dugu, maximoa 19 ºC inguruan geratuz.

Igandean ere ildo beretik jarraituko du eguraldiak, eta gainera litro dexente pilatzea espero dugu. Egia da horrelako egoeretan, depresio hotz isolatu bat dugunean goi geruzetan, zaila dela 3 edo 4 egunetara iragarpena egitea, eta gauzak aldatu daitezke, baina oraintxe bertan ditugun datuekin eurite handia izateko arriskua hor dago. Dena den, euria ziurtaturik dugu ipar haizearekin. Gero zenbat eta non botako duen gehien, hori zaila da zehaztea. Tenperatura fresko antzean mantenduko da, maximoa 18 ºC inguruan geratuz.

Hurrengo aste osoak ere ez dauka itxura onik. Beraz, hondartzara bueltatzeko zai egon beharko dugu.



Bad Behavior has blocked 8 access attempts in the last 7 days.