Nabarmenena tenperaturaren beherakada izango da astebururako. Atzo brisak tenperatura goregi ez joatea lortu zuen eta hala ere 30 ºC inguruan geratu zen maximoa. Gaur, osteguna, hego haizea ibiliko da egunaren lehen partean eta horrekin tenperatura 35 ºC ingurura hurbildu daiteke. Gero arratsaldeko lehen orduan ipar-mendebaldera egingo du haizeak eta hortik aurrera freskotasuna iritsiko zaigu. Enbata bezalako zerbait izan daiteke, baina ez du ematen haizeak indar handiegirik hartuko duenik.
Bihar fronte ahul batek lainoak eta euri pixka bat utziko digu eta tenperatura maximoa 23 ºC inguruan geratuko da.
Asteburuan giro egonkorra nagusituko da, baina lehen eta azken orduetan hodei baxuak egongo dira eta gainera zirimiri pixka bat ere utzi dezakete hodei hauek. Tenperatura gaurko egunarekin konparatuz askoz ere beherago, maximoa 21 ºC inguruan geratuz bi egunetan. Haizea indar handirik gabe, beti ere iparraldetik.
Beraz, ezaugarririk nagusiena tenperaturaren beherakada izango da. Bestalde, hodeiak egunaren hasieran eta bukaeran, zirimiri pixkatekin, baina eguerdi eta arratsaldeak orokorrean eguzkitsuak.
0 Responses to “Tenperaturaren beherakada astebururako.”