Archive for the 'Iragarpenak' Category

Asteburu euritsua bereziki larunbatean.

Egun guzti hauetan gertatzen ari den bezalaxe, asteburuan ere euria izango dugu gure artean, bereziki larunbatean. Igandean zertxobait arinago ibiliko da eguraldia eta eguerdi partean ostarte batzuk ere ireki daitezke. Tenperaturan ez dugu aldaketa handirik nabarituko. Igandea zertxobait hotzagoa izango da baina tira. Larunbatean 12 ºC-tan geratuko da termometroa eta igandean 10 ºC-tan.

Beraz, bihar goizetik hasi eta larunbat osoan zehar euria eta euria egingo du. Litro asko pilatuko dira eta zaila izango da aterguneren bat aurkitzea.

Igandean hobera egingo du bereziki eguerdi partean, baina tenperatura zertxobait beherago geratuko da.

Albiste bezala eman nahiko nuke hurrengo asterako espero dena. Astelehenean euria eta haize bortitza izango dugu. Itsasoa ere haserretuko da eta 5 metroko olatuak egon daitezke egunaren bukaeran. Eta asteartetik aurrera, aire masa hotza iritsiko zaigu ipar latitudeetatik eta elurra beheraino jaitsi daiteke. Oraintxe bertan modeloak aztertuz, esan dezaket asteartean elurra 400 metrora jaitsiko dela eta asteazkenean beharbada 100-200 metrora. Dena den, xehetasunak aldatu daitezke, baina denborale hau izateko aukera % 60 -koa da. Beraz, aukera handia dago hurrengo astean benetako negua gure artean izatekoa. Gainera, ekaitzak eta txingorra ere aipatu behar dira. Kontuz ibili bereziki kotxea hartu behar baduzue.

Asteburuan hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira, tenperatura freskoekin.

Asteburuan eguraldiak hobera egingo du, baina dena den hodeiak ez dira desagertuko. Ipar-ekialdeko haize fina ibiliko da, eta tenperatura freskoa izango da. Gainera, ezin da guztiz baztertu euri tantaren bat erortzea.

Bihar hodeiak izango dira nagusi eta euri pixka bat ere egin dezake. Tenperatura 12 ºC-tan geratuko da egunez.

Asteburuan esandakoa, hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira, beharbada larunbatean igandean baino hodei gehiago izango da zeruan eta zipriztinak erortzea ezin da baztertu. Igandean ematen du eguzki ordu gehiago ikusiko ditugula. Haizea ipar-ekialdetik ibiliko denez, tenperatura 14 ºC-tik ez da pasako. Beraz, eguraldiak hobera egingo du, baina ez da hobekuntza erabatekoa izango.

Asteburu polita hego ikutuko haizearekin.

Egin duen euria atzean utzi eta astebururako antizikloia hurbilduko zaigu. Penintsulan kokatuko da eta eguraldi egonkorra ekarriko digu. Dena den, bihar fronte batek harrapatuko gaitu eta euria izango dugu egun osoan zehar. Berriro ere litro dexente pilatu daitezke. Mendebaldeko haizea ibiliko da eta tenperatura egunez 14 ºC-tan geratuko da.

Larunbatean eta igandean antizikloia nagusituko da, baina goi latitudeetan dabiltzan fronteen isats batek ikutu dezake Euskal Herria larunbatean. Horrela hodei batzuk izango ditugu larunbat arratsaldean baina euria egitea oso zaila izango da. Haizea indar handirik gabe ibiliko da baina beti ere hego ikutuarekin. Horrela, tenperatura gorantz joango da eta maximoak 18 ºC inguruan geratuko dira bai larunbatean eta baita ere igandean. Igandean hodei zurixka eta mehe batzuk agertu daitezke, baina garrantzi gutxikoak izango dira, eta eguzkia nagusitzea espero da. Behobia-San Sebastian korrika saioan parte hartzeko aitzakia gutxi izango du eguraldiak. Beharbada zerbait aipatzekotan, hego ikutuko haizea ibiliko dela eta hori askorentzat ez da ona izaten korrika egiteko, baina indar handiegirik ez du hartuko eta beraz, ez da haizea gehiegi nabarituko. Tenperatura bikaina ordu horretan korrika egiteko 14 eta 16 ºC bitartean kokatuko da

Giro nahasia astebururako.

Negu giroan murgildu gara aste honetan zehar eta astebururako ez dago batere garbi nondik nora ibiliko den eguraldia euri kontuari dagokionez. Ziurgabetasun handia dago. Aire hotza daukagu goi geruzetan eta lurrazalean depresioak sortzen dira oso errez. Horrela, astebururako depresio bat sortuko da gure inguruan eta zehatz mehatz non kokatzen den oso garrantzitsua izango da guretzat. Pirineo aldean kokatzen bada guk ipar haizea izango genuke eta horrekin litro asko botako lituzke, baina pixka bat mendebalderantz kokatzen bada, hego haizea izango genuke eta honekin euri kontu gutxi. Beraz, iragarpenaren fidagarritasuna oraingoan oso baxua da. Dena den, garbi dagoena da elur-kota ez dela jaitsiko 1000 metrotik. 

 Bihar egunez ez du apenas euririk egingo eta ostarteak ere irekiko dira. Haizea aldakor baina bukaeran ipar ikutuarekin, eta horrexegatik bukaeran zaparradak eman daitezke. Tenperatura epelagoa 12-13 ºC-koa.

 Asteburuan oraintxe bertan dauzkagun datuekin iparra nagusituko da eta honekin hodeiak eta euria izango ditugu eta tenperaturak bere horretan mantenduko dira, 10-12 ºC-tan. Kasurik okerrenean euri asko egin dezake, baina lehen esan dudanez hori ez dago batere garbi. Horrelako kasutan iragarpena egunez egun jarraitu behar da zeren asko aldatu daitezke gauzak.

Asteburu bikaina. Eguraldi eguzkitsua eta sanoa. Goiz freskoak eta egunez epelago.

Eguraldi dotorea espero dugu astebururako. Antizikloia izango da egoeraren jaun eta jabe eta beraz, eguzkia nagusituko da. Hori bai, tenperaturak ez dira lehengo astekoak izango eta freskura edo hotza ere nabarituko dugu gauetan eta goizeko lehen orduetan. Egunez eguzkiak epelduko du giroa, baina 20 ºC-ko muga ez da gaindituko. 15 eta 18 ºC bitartean geratuko dira termometroak asteburuan egunez.

 Beraz, bai bihar eta baita ere asteburu osoan eguzkia jaun eta jabe eta ipar-ekialdeko haizea ibiliko denez, tenperatura ez da gehiegi igoko. Dena den, egunez giro goxo xamarra izango dugu.

 Datorren astean asteartetik aurrera ematen du denboraldiko lehen aire masa hotza iritsiko dela, negu giroa ekarriz. Antizikloia Atlantikoan ipiniko da eta hortik ipar haizea bidaliko digu. Horrela, ipar latitudeetako aire masa hotza iritsiko zaigu, Islandiatik eta elurra nahiko behera etorri daiteke, 500-600 metrora beharbada. Dena den, oraindik nahiko urruti dagoenez, egoera aldatu daiteke, baina orain ditugun datuak kontuan hartuz, aukerak handiak dira.

Asteburu nahasia. Igandean hobera.

Egun hauetan eredu matematikoak asko aldatzen ari dira egun batetik bestera, beraz iragarpenen fidagarritasuna egun hauetarako ez da handia. Dena den, ematen du larunbata nahasia izango dela eta zaparrada trumoitsuak eta nahiko mardulak izan daitezkeela. Igandean hego ikutuko haizearekin nabarmen egingo du hobera. Tenperaturak bihar eta larunbatean zertxobait beherago, baina oraindik ere oso atseginak izango dira, gainera igandean berriro ere 20 ºC-ko muga gaindituko du maximoak.

Bihar hodei ugari goizean eta euri pixka bat egitea ezin da baztertu. Arratsaldean ateri eutsiko dio eta ostarteak zabalduko dira. Tenperatura 18 ºC inguruan egongo da egunez.

Larunbatean, orain dugun informazioa kontuan hartuz, eguraldi ezegonkorra espero da. Zaparrada mardulak eta trumoitsuak eman daitezke, bereziki goiz partean eta tenperatura bere horretan mantenduko da.

Igandean hego ikutuko haizearen laguntzarekin ostarteak eta hodeiak tartekatuko dira, baina ostarteak nagusitzea espero da. Tenperatura gorako bidean, maximoa 23 ºC inguruan geratuz.

Astebururako eguraldiaren ezaugarriak hego haizea eta tenperaturaren gorakada nabarmena.

Egoera erabat aldatuko da astebururako. Hego haizea eta tenperatura epelak espero ditugu, berriro ere 20ºC-ko muga gaindituz.

Bihar eguraldi eguzkitsua nagusituko da eta goizeko tenperatura freskoa ederki epelduko da eguerdirako, hego haizearen laguntzarekin. Biharko maximoa 22ºC inguruan geratuko da.

Asteburuan ere ezaugarri berdinak izango ditu eguraldiak. Hego haizea eta tenperatura altuak. Beharbada hodei gehiago izango da zeruan, baina momentu honetan ez da espero euririk egitea. Tenperatura maximoa 25 ºC inguruan geratuko da.

Mediterraneoan gaur eta bihar izango dituzte arazoak, zeren han ekialdeko haizea izango dute (itsaso epeletik pasako den aire masa hezea eta beroa iritsiko zaie) eta gainera aire hotza goi geruzetan. Horrela euri asko pilatzea espero da eta seguruenik albisteetan ikusiko ditugu uholdeen irudiak. Modelu honetan ikusi dezakegu zenbat euri pilatuko den 12 ordutan (larunbateko lehen 12 ordutan) eta euri dexente pilatuko dela ematen du Mediterraneoan. Hemen berriz ezertxo ere ez.

precip_12_09102008.png

Bihar zaparradak, haizea, hotza eta mendi altuenetan elurra. Asteburuan hobera egingo du, berriro ere tenperatura epeletara bueltatuz.

Biharkoa benetan egun makurra izango da. Alde batetik zaparradak emango dira, momentu batzutan ekaitz ikutukoak eta txingorrarekin. Gainera, haizea indartsu ibiliko da, beraz aterkia erabiltzeko ere egun txarra. Eta hori gutxi bada, tenperatura asko jaitsiko da, neguko egun baten itxura hartuz. Tenperatura maximoa 13 ºC inguruan geratuko da. Horrela, aurtengo lehen elurtea izango dugu 1300 metrotik gora, bereziki Pirineotan. Dena den hotzaldi honek gutxi iraungo du, eta berriro igandetik aurrera tenperatura epelak izango ditugu hego ikutuko haizearekin.

Larunbatean egunaren hasieran euri pixka bat egin dezake, baina arratsaldean nabarmen egingo du hobera, atertuz eta ostarteak irekiz. Oraindik ere fresko antzean joango da eguna, baina termometroa 17 ºC-raino iritsiko da. Gainera haizeak ere indarra galduko du eta arratsalde nahiko atsegina geratuko da.

Igandean egun polita espero da. Beharbada hodei batzuk izango dira zeruan, baina eguzkia nagusituko da eta hego ikutuko haizearekin berriro 20 ºC-tik gora joango da termometroa, berriro ere hondartzarako giroa.

Beraz, ederra diferentzia bihartik igandera. Bihar negu giroa eta handik bi egunetara uda giroa. Hurrengo mapan biharko, tenperatura 0 ºC-tan zein altueretan espero den ikusi daiteke. Gure lurraldean 1500-1600 metro inguruan kokatuko da 0 ºC-ko tenperatura, baina elurra pixka bat beherako agertuko da, 1300 metro inguruan.

ibsnow_03102008.jpg

Asteburu atsegina nahiz eta hodeiak ugaritu.

Asteburu honetarako ez dira aldaketa garrantzitsuak espero. Astelehen eta asteartean beharbada iparra eta euri kontuak izango dira, baina asteburua egoera horretatik kanpo egongo da. Ekialdeko haizea nagusituko da asteburuan eta Mediterraneotik iritsiko zaizkigu hodei batzuk eta beharbada tanta batzuk baina gauza gutxi. Mediterraneoan bai botako duela, han uholdeak izateko arrisku handia dute.

 Bihar gaurko egunaren antzera, lehen eta azken orduetako hodeiak kenduta, eguzkia nagusituko da eta ipar-ekialdeko haizearekin tenperaturak bere horretan jarraituko du, 18 ºC inguruan geratuz maximoa.

Larunbatean goiza eguzkitsu hasiko da, baina arratsaldean gero eta hodei gehiago ikusiko dugu zeruan eta egunaren bukaeran baliteke tanta batzuk ere erortzea. Hego-ekialdeko ikutu bat izango du haizeak eta tenperatura pixka bat gorago, 20 ºC-ren bueltan geratuko da.

Igandean hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira eta arratsaldean edo egunaren bukaeran euri pixka bat egin dezake, baina gauza gutxi. Tenperaturan ez dugu aldaketa nabarmenik igerriko, berriro ere 20 ºC-ren bueltan geratuz maximoa.

 Hemen modelo edo eredu matematikoak ematen duen euri kantitatea ikusi dezakegu (6 ordutan pilaturiko euri kantitatea igande arratsalderako). Ebro bailaratik barrena iristen zaigu hodeiz kargaturiko aire hezea. Dena den, gehiena Mediterraneoan botako du.

euria_28092008.gif

Udazkeneko tenperaturak eta euria astebururako. Igandean hobera.

Gaur fronte hotz bat iritsiko zaigu eta ondorioz eguraldia erabat aldatuko da. Gaurtik aurrera aipagarriena tenperaturetan nabarituko dugun beherakada izango da. Orain arte, oraindik ere udako tenperaturak izan ditugu, 25 ºC-tik behera, baina bihartik aurrera 16 edo 17 ºC-tan geratuko gara, hori da aldea hori.

 Tenperaturen beherakadaz gain, euria ere egingo du. Gaur eguerditik aurrera zaparradak izango ditugu eta une batzutan ekaitz ikutuko zaparrada indartsuak izan ditzakegu, txingorra eta guzti. Gainera, eguerditik aurrera haizea ere indartu egingo da, ipar-mendebaldekoa eta 70 km/h-ko boladak izango dira. Beraz, euria eta haizea arratsalderako. Eta esandakoa tenperaturak behera nabarmen. Gaur gauean 13 ºC-ra jaitsiko da termometroa.

Bihar eta etzi hodeiak nagusi eta baita euria ere. Haizea ipar-mendebaldekoa izango da eta oraindik ere nahiko gogor joko du. Tenperatura maximoak 16-17 ºC inguruan geratuko dira.

Igandean ematen du hobera egingo duela. Goizean oraindik ere hodeiak eta euri pixka bat egin dezake, baina arratsaldean atertu eta ostarteak irekiko dira. Haizea bareago ibiliko da iparraldetik eta tenperatura zertxobait gorantz joango da, 19 ºC-ra.

 Beraz, nahiz eta oraindik astronomikoki udan egon, udazken giroa datorkigu. Gainera hurrengo asteari begira ere 16tik aurrera beste okertze nabarmen bat etor daiteke, baina hori ikusiko dugu oraindik dexente geratzen baita.

Next Page »



Bad Behavior has blocked 11 access attempts in the last 7 days.