Archive Page 2

Tenperatura errekuperatuz joango da, baina eguraldiak ez du hobera erabat egingo.

Negu giroa nagusitu da azkenengo egun hauetan, baina pixkanaka bada ere tenperaturak gorako bidea hartuko hurrengo egunetan. Dena den, horrelako egoerak maiatzan noizbehinka eman izan dira. Elurrak badaki maiatzan mendietan behera egiten.

 Astebururako egoera egonkorrik ez da ikusten, baina izandako egun hauekin konparatuz hobera egingo du. Egoera nahasia izango da eta horrexegatik zaila izango da eguraldia nondik nora ibiliko den zehaztea. Hori bai, tenperatura igo egingo da eta maximoa 15 ºC-ren bueltan ibiliko da.

Larunbatean goiza dexentekoa izango dela ematen du, ostarte batzurekin, baina arratsaldeko lehen ordurako euria egin dezake. Gero berriro atertuko du gauerako. Ikusten duzuen bezala, egoera nahasia. Tenperatura maximoa 15 ºC-koa izango da.

Igandean ere goiza polit samarra izango dela ematen du eta arratsalderako hodeiak ugaritu eta euria egiteko aukera egongo da. Tenperatura maximoa 17 ºC-koa izango da.

Gerora begira, maiatzaren erdialdera arte behintzat egoera ezegonkorrak jarraituko duela ematen du eta hortik aurrera beharbada udako giroa izateko aukerak ikusten dira, baina esandakoa maiatzaren 15arte giro ezegonkorra.

Aipagarriena tenperaturaren beherakada izugarria izango da.

Atzo, asteazkena, 32 ºC-ko maximoa izan bagenuen ere, ezin dugu esan uda iritsi denik, zeren eta larunbatetik aurrera goi latitudeetatik datorren aire masa hotz batek harrapatuko gaitu eta horrekin batera tenperatura nabarmen jaitsiko da. Tenperatura maximoa atzoko 32 ºC-tik 13 ºC-ra jaitsiko da, hau da 15 ºC baino gehiagoko beherakada, izugarria.

Larunbatean goizean euri pixka bat egin dezake, baina ostarteak irekiko dira arratsaldean eta giro atsegin samarra geratuko da. Haizea iparraldetik ibiliko da eta tenperatura maximoa 15 ºC inguruan geratuko da.

Igandean zeruan hodeiak izango dira nagusi eta euria egingo du. Iparraldeko haizearekin jarraituko dugu eta tenperatura maximoa 13 ºC inguruan geratuko da.

Beraz, ez gorde oraindik jertseak, zeren eta tenperatura altu hauek bukatu dira epe baterako. Ematen du maiatzak 6 edo 7ra arte gutxienez tenperatura fresko hoiekin egongo garela. Gainera, giro ezegonkorra nagusituko da eta mendietara elurra bueltatu daiteke 1200 metro ingurura.

Asteburu hau ere ondo portatuko da.

Apirila lehor samar doa orain arte eta ez da ikusten aldatzeko gogo handirik duenik eguraldiak. Gaur eta bihar euri pixka bat egin dezake, baina litrotan ez da asko izango. Ekaitz ikutuko zaparradaren bat edo beste izateko aukera ere badago baina 5 eta 10 mm bitartean geratuko lirateke pilaturiko litroak. Horrekin oraindik ere ez gara hileko bataz-bestekora hurbilduko inondik inora.

Asteburuan oro har hartuta eguraldi atsegina izango dugu. Brisa ibiliko da eguerdi partean eta horrekin tenperatura fresko samarra izango dugu, itsasoko tenperatura oraindik hotza dagoelako (14 ºC-ko tenperatura dauka itsasoak gure parean). Tenperatura maximoa 17-18 ºC inguruan geratuko da bi egunetan. Bestalde, arratsaldeetan barneko beroa dela eta bero hodeiak garatuko dira Euskal Herriko barnealdean eta ekaitzen bat edo beste izan daiteke, baina Zumaira iristeko aukera oso txikia da. Beraz, probabilitate handiarekin euri konturik ez dugu izango. Zeruan hodeiak ere agertuko dira, bereziki igande goizean, baina bestela nahiko zeru urdina espero da. Egia da baita ere, garai honetan itsasoan behe-lainoa sortzea oso erraza dela eta hurrengo egunetan fenomeno hori gertatu daitekeela, baina asteburu honetan egunaren zatirik handienean eguzkia ikusiko dugu.

Apirila bere bukaerara iristen ari da eta ez da ikusten euri konturik. Hurrengo aste ia osoa antiziklonikoa izango da, brisarekin eta eguraldi eguzkitsuarekin. Dena den, taosa izateko aukera ere hor egongo da (hitz gutxitan: barnealdeko berotasunak ura lurruntzen du eta aire masa bero samar hori kostaldera iristerakoan, itsasoko tenperatura hotzak hoztu egiten du aire masa horren beheko partea, hor dagoen ura kondentsatuz eta taosa sortuz).

Repetiziotan ere eguraldi ederra.

Ematen du aurtengo San Telmoak tantarik bota gabe pasako direla, zeren eta datorren asteburuak ere itxura ona dauka.

Depresio bat dago Penintsulako mendebaldean eta horrek fronteak bultzatzen ditu Penintsulara, baina gurera oso ahul iristen dira eta hodei batzuk ikusiko baditugu ere, eguzkia nagusituko da.

Oro har, bai larunbatean eta baita ere igandean eguzkia agertuko da zeruan, nahiz eta zerua guztiz garbi ez egon. Hego ikutuko haizea izango da nagusi eta honek tenperaturen gorakada ekarriko du. Indar handirik ez du izango eta horrexegatik brisa ateratzeko aukera egongo da, bereziki arratsaldeetan. Tenperatura maximoa 18 ºC inguruan geratuko da, giro oso atsegina eraginez. Brisa sartzen ez bada 20 ºC-ra ere iritsiko da merkurioa.

Beraz, 2010eko San Telmoak euririk gabekoak izango dira. 

San Telmotan ez da apenas euririk espero.

Ematen du aurtengo San Telmotan eguraldia nahiko ondo portatuko dela. Festa hauek badaukate euritako fama, baina kasu honetan  larunbatean eta igandean giro lehorra espero da.

 Larunbata izango da egunik dotoreena. Eguzkia izango da jaun eta jabe eta gainera tenperatura atseginarekin. Ipar-ekialdeko haize ahula ibiliko da brisa antzean eta tenperatura maximoa 16 ºC-koa izango da.

Igandean, lehorretik jarraituko du eguraldiak, baina beharbada hodei batzuk agertuko dira zeruan, eta tenperatura ere freskoagoa izango da. Tenperatura maximoa 14 ºC-tan geratuko da, baina ipar-ekialdeko haizea nahiko fin ibiliko denez freskotasuna gehiago nabarituko da.

Azkenik, astelehenean, San Telmo egunean, zertxobai ezegonkortu egingo da eguraldia eta tenperaturak ere beherako bidean jarraituko du. Dena den, egunaren zatirik gehienean ateri eutsiko dio, hodeiak eta ostarteak tartekatuz zeruan. Ematen du arratsalde bukaeran edo iluntzerako zaparradatxoren bat bota dezakeela, baina garrantzi gutxikoa izango litzateke. Ipar-ekialdeko haizeak jarraituko du tenperatura hozten eta maximoa 10 ºC inguruan geratuko da.

Beraz, esandakoa oro har eguraldia ondo portatuko da San Telmo hauetan. Ondo ospatu festak!!!

Eguraldiak egonkortze aldera egingo du eta igande dotorea geratuko da.

Egoera zertxobait nahastu da azken egun hauetan. Atzo fronte bat pasa zen eta gaur beste bat. Egia da hego haizearekin ez duela ia apenas euririk egiten, baina zaparradak botatzeko aukera hor dago.

Larunbat goiza oraindik ere ez da egonkorra izango. Mendebaldeko haizea ibiliko da nahiko zakar eta euri pixka bat egin dezake eguerdi bitartean. Hortik aurrera eta arratsaldeak aurrera egin ahala nabarmen egingo du hobera, ostarte zabalak irekiz. Tenperatura maximoa 14 ºC inguruan geratuko da.

Igandea benetan dotorea izatea espero da. Eguzkia ikusiko dugu goiz-goizetik eta horrelaxe bukatuko dugu eguna. Haizea indar handirik gabe ibiliko da, baina hego ikutukoa nagusituko denez, tenperaturak gora egingo du nabarmen eta maximoa 20 ºC ingurukoa izango da. Beraz, kanporako giro aproposa.

Hurrengo astean gauzak nondik nora ibiliko diren ez dago oraindik garbi, baina ematen du astelehenetik aurrera okerrera egingo duela. Ikusiko dugu.

Asteburu luze honetan hego haizea nagusi igandera arte.

Aste honetan nabarmenena tenperaturaren gorakada izan da. Lehengo astean elurra ere egin zuen gutxi bada ere. Aste honetan tenperatura maximoak 20 ºC-ko muga gainditu du,  hego haizearen laguntzarekin, beraz ederra diferentzia.

Asteburu honetan , bai ostiralean eta baita larunbatean ere, hego haizea izango da nagusi, eta haize honekin badakigu zer gertatzen den, hodei ugari zeruan, euri aldetik ia ezertxo ere ez eta tenperatura oso epelak. Tenperatura maximoa berriro ere 20 ºC-ren bueltan ibiliko da eta minimoa 15 ºC-ren bueltan. Gainera haizea nahiko zakar ibiliko da momentu batzutan.

Igadean ordea, aldaketa txiki bat emango da. Haizea mendebaldetik ibiliko da eta horrekin batera fronte batek euri pixka bat lagako digu, bereziki goizean zehar. Arratsalde bukaeran berriro ere hobera egingo du. Tenperaturaren beherakada ere nabarituko dugu, maximoa 14 ºC-ren bueltan geratuz.

Beraz, asteburu osoa kontuan hartuz ezin gara gehiegi kexatu.  

Larunbat traketsa eta igandean hobera

Bete betean gaude murgildurik beste hotzaldi batean, negu honetan askotan gertatu den bezala, baina ikusten zaio akabera. Gaur eta bihar hotza egiten jarraituko du, baina pixkanaka tenperatura hasiko da errekuperatzen. Dena den, antizikloia guregana etortzen igandean hasiko da, eta gainera bere ibilbidean, larunbatean, ipar haizea eta fronte bat ekarriko dizkigu.

 Beraz, larunbatean egun euritsua izatea espero dut. Goiz goizetik hasita euria nagusituko da eta ipar haizea bizi bizi ibiliko da. Gainera, tenperatura oraindik ere hotza izango da eta maximoa 7 ºC-ra bakarrik iritsiko da. Laburtuz egun traketsa.

Igandean ordea, eguraldiak nabarmen egingo du hobera, bereziki arratsaldean. Oraindik ere goizean hodeiak izango dira nagusi eta ezin da baztertu euri pixka bat egitea, nahiz eta oraintxe bertan euria egiteko aukera txikia den. Tenperatura ere egunean zehar gorantz joango da maximoa 10 ºC-ra hurbilduz.

Datorren aste hasieran aspaldiko partez giro eguzkitsua nagusituko da, antizikloia gain gainean ipiniko baita.

Haize bortitza astebururako, bereziki larunbat arratsaldean, gauean eta igande goizaldean.

Hego haizea dabil agintari aste osoan eta gainera momentu batzutan gogor jotzen ari da.

 Astebururako egoera berezia daukagu gure aurrean. Atlantikoan Penintsularen hego mendebaldean ziklogenesi prozesu bat gertatuko da probabilitate handiarekin ostiral gauean eta azkar asko sakonduko da, bapateko ziklogenesia izan daitekeelarik. Horrek zikloi sakon bat sortuko du eta Galizia aldetik pasako dela ematen du. Momenturik sakonenean 970 mb-ko presioa izan dezake bere erdigunean. Horrek hego aldeko haize bolada bortitzak sortu ditzake Euskal Herri osoan eta baita ere Zumaian. Dena den bere ibilbidea oraindik ere zehazteko dago eta aldaketa nabariak eman daitezke. Beraz, iragarpenen jarraipen bat egitea komeni da.

Oraintxe bertan ditugun datuekin hauxe gertatu daiteke.

Larunbatean zeruan hodeiak izango dira nagusi, baina ostarteak ere zabalduko dira. Euri pixka bat egin dezake baina ezer gutxi. Aipagarriena haizea izango da. Goizean hego-ekialdeko haizea ibiliko da eta bolada gogorrak eman daitezke, 80 km/h-koak, baina okerrena arratsaldeak aurrera egin ahala etorriko da. Orduan hego-mendebaldeko haize boladek 120 km/h-ko abiadura gainditu dezakete. Hori horrela mantenduko da igande goizaldean ere. Gero igandean gauzak bere onera bueltatuko dira. Bestalde, larunbatean tenperatura oso altua izango da 22 ºC inguruan geratuz maximoa.

Igandean hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira, euri pixka bat egitea baztertu gabe. Tenperatura jaitsi egingo da eta maximoa 15 ºC-tan geratuko da eta haizea mendebaldetik ibiliko da, goizaldean oso zakar, baina egunak aurrera egin ahala indar gutxiagorekin.

Iragarpen guztia zikloi horren ibilbidearen eta sakontze prozesuaren menpe dagoenez, iragarpen berrien jarraipena egitea komeni da.

Beraz, kontuz haizearekin asteburuan.

Asteburu nahasia.

Laga dugu atzean hotzaldia eta orain beste egoera batean murgildurik gaude. Tenperatura pixkanaka bere onera bueltatzen ari da eta horrelaxe jarraituko du hurrengo astean ere. Egoera berri honetan euri askorik ez da ikusten, beharbada aipagarriena hego haizea izango da, zeren eta momentu batzutan gogor joko du.

Bihar ipar-mendebaldeko haizea nagusituko da eta horrekin euria eta tenperaturaren beherakada etorriko dira.

Larunbat goizean oraindik ere euria egingo du, baina pixkanaka haizea mendebaltzen joango da eta arratsalderako atertu egingo du, hego ikutuko haizearekin. Baliteke goizaldean zaparrada trumoitsuren bat izatea (ostiral arratsaldean ere arrisku hori hor egongo da). Tenperatura fresko samarra, maximoa 11 ºC-ren bueltan.

Igandean aipagarriena haizea izango da. Hego haize zakarra espero da, bolada oso gogorrekin, 100 km/h-ko muga ere gainditu daiteke, bereziki arratsaldean. Haize honekin hodeiak ibiliko dira zeruan, ostarteak ere zabaldu daitezke, baina euria egitea zaila izango da. Tenperatura zertxobait igoko da, maximoa 13 ºC-koa izango baita, baina haize horrekin hotz sentzazioa areagotu egingo da.

Laburtuz, atzean laga dugu hotzaldia eta oraingo egoera berrian tenperatura epelagoak izango ditugu.

« Previous PageNext Page »



Bad Behavior has blocked 3 access attempts in the last 7 days.