Ia urtebete joan zaigu gortu gabe, baina hemen gaude bueltan, berriro ere.
Atzo arratsaldian:
- Oyes! Gortu o!
- Stones flash librian itea jungo al gaituko bihar?
- EA konforme!
Eta horrela, itsasbehera aprobetxatuz, Yosemitera jun gea gaur goizian.
Plana garbi zegoen: Stones flash librian egitia.
Ez dakienarentzat, Stones flash Yosemiteko lehenengo proiektu potentia izan zen. Eskubialdean, plaka handiaren erditik, iltze zahar batzuekin bide bat zabaldu zuten; baina, zoritxarrez ez zen oso gora iritsi. Handik aurrera sortu zen Euskadi tropikala.
Historia alde batera utzita, Mamua bideari ekin diogu hasteko, Stones flash pakean utzita.
Larregi hasi da, ohitura zaharrari jarraituz.
Gero, ni igo naiz, eta bilgunetik argazkia atera diot haitzetako espezie inbaditzaile horietako bati.
Oriotar bat ere pasatu da biko abantian arraunian. Oriotarra, txalupa eta palak hori-horiak zituelako.
Edo Anjel izango zen akaso. Auskalo!
Segidan, Mcmurtry&Rosales bidera abiatu gara.
Hemen ere Larregi sartu da aurrena.
Ederki joan da, tirriki-tarraka, eta gora heldu denean, soka bilgunetik pasatu eta jaitsi egin det.
Soka goitik nuela igo nahi nuen, baina Larregik pentsatu du hobeto zela gradua “obligatzea”.
Eta, beraz, soka behetik nuela igo behar izan det. Bilgunean, rapela prestatu eta behera.
Gaur sponsorrak kale egin digunez, kantinara jun gea zezasosakin hartzea.
Pagozelain geratu gara, ohitura zaharrari jarraituz. Kafea hartu dugu, baina ez dut komunekoa kudeatzeko aukerarik izan, ehiztariz beteta zegoen eta.
Hasiera batean, Las rayas izeneko sektore berrira joatea zen asmoa.
Baina, Etxaurira iritsitakoan sekulako behe lainoa zegoen. Aurrera jarraitu dugu Gradas de cirizako errebueltaraino. Han goian garbi zegoen, baina behean, egundoko behe lainoa.
Etxauri herrira joan eta kafe bat hartu dugu Basterra tabernan. Azkenean, behe lainoak alde egiteko asmorik ez zuela ikusita, Gradas de ciriza aldera joatea erabaki dugu. Jessica sektorera joan gara. Gauza serioa niretzat, serioegia. Gainera, lagunak ez du ez zerbezarik, ez urik eta ez jatekorik eraman.
Han, giro ederra, laino guztien gainetik.
Horma bertikala erabat. Egoteko lekua ere txukuna, batere lokatzik gabe.
5c+ mailako bide batean sartu da X jauna, berotzeko.
Ni berotu baino gehiago ere egin naiz bide horretan. Gero, deskuelgea 7a-ko bide batetik pasatzen zela aprobetxatuz, bide horretan sartu da X jauna top-ropean.
Kostata, baina pauso guztiak ederki atera ditu.
Ondoren, ezkerraldera jo dugu, eta han zeuden batzuek esanda, 6b zailtasuneko bide bati ekin dio X jaunak.
Bai eta egin ere, baina besoak nola berotu zaizkion ikusita, eta aurrez lehenengo bidean nahi baino gehiago sufritu dudanez, hortxe amaitu da eguneko jarduna.
Sektore horretako Txoki (7a) bideko babaresari argazki batzuk atera dizkiot, joan aurretik.
Igandean, Elosuko harrobian izan ginen. Aurreko egunean, eguraldi hotza genuela ikusita, Untzillaitzen hegoaldera joateko proposamena egin nien Larregiri eta X jaunari. Eta biei ondo iruditu, gainera. Ze indar daukan hotzak!
Hiru horma kateatzea zen helburua, baina eguzkiaren izpiak iristerako berandu samar izango zela iritzita, Elosuko harrobira joatea erabaki genuen azken unean. Lehenengo arazoa: bide deportiboak egin behar eta bi soka meherekin geunden. Saiatu ziren ni konbentzitzen Urresteiko Sur klasika egiteko, baina azkenean Elosuko harrobian geratu ginen.
Hasi zen X jauna eguneko lehen bidean gora, eguzkiak horma argitzeari ekin zion une berean. Bota pinue… 5c 28 m.
Gero, ni igo nintzen, edo nire erdia bai behintzat.
Eta azkenik, Larregi.
Handik, Lainoperen eskuineko bidera jo genuen. Tabira alpino mendizale elkarteak ateratako krokisen liburuxkan 6 zenbakia du, (5c, 35 m). Bideak bi luze ditu, baina labur samarrak biak ere. Larregik egin zuen sokaldi bakar batean, eta jaistean, lehen bilgunean geratu zen.
Judas prest? Jesus prest? Ekin!
Ni joan nintzen atzetik, eta X jauna, ondoren.
Bigarren bilgunetik dotore ageri zen Saukukogane. Hutsik, ia beti bezala.
Beste aldera, berriz, honelakoxea zen ikuspegia. Hor, bazegoen norbait.
Lainope (6a, 35 m) egin genuen ondoren.
X hasi zen.
Gero, ni neu.
Eta azkenik, Larregi.
Amaitzeko, esponsorraren kontura eztarria buzti, X jaunak eramandako euskabralesa jan eta Zumaia aldera.
Goiz ederra pasatu genuen, hiru bide bakarrik egin arren.
Hurrengoan nora joan erabakitzen nahikoa lan izango dugu orain.
Ea nork proposatzen duen Saukukoganeko bide eder bat.
Atzo Bihaizpeko txikian izan ginen, Txemi izeneko bidea eskalatzen.
Duela hamar bat urte egin nuen lehen aldiz, Larregirekin eta Luismirekin batera.
Aspaldi ez dut Luismiren berririk. Beti bezain ongi segituko duzulakoan, agur bero bat, Luismi! Ea biribilketaren bat edo egiten dugun noizbait.
Beno, gehiegi liatu baino lehen, esan beharra daukat garai hartan bidea erraz egin izanaren oroitzapena nuela. Babaresako luzeari ekitea kostatu zitzaigula egun hartan, baina gainerakoan bidea erraz egin genuela. Iltze eta seguru ugari zituen orduan, babaresako luzean salbu.
Oraingoan, berriz, gogor samarra egin zait. Hasi orduko nekatuta nengoen, eta Xabier jaunari utzi diot luzeak aurretik egiten. Kexatzeko moduan egongo da! Beraz, nik igo dut motxila behetik goraino. Odolkiak ordainetan.
Bidea ia erabat desekipatuta dago, gaur egun. Iltze zar gutxi batzuk eta parabolt pare bat baino ez genituen aurkitu. Babaresa garbi egongo zela jakin arren, gainerakoa ekipatuta egongo zelakoan geunden, eta hori dela eta, ez genuen fisurerorik eraman. Bada, babaresaren ondorengo parabolta ere falta zen. Gero, luzea amaitzeko, pare bat parabolt daude, baina horiek Kuttunaren irteerakoak dira. Eskerrak 8 friend eraman genituen, bestela ez baiginen fin ibiliko.
Tolosako bi mutikorekin batera amaitu genuen bidea. Haiek utzitako friend handiari (3ko camalota) esker, babaresa behar bezala aseguratu genuen. Kostatu zitzaion sokalagunari luzea behar bezala aseguratzea, baina azkenerako lan txukuna egin zuen. Hark zenbat lan izan zuen ikusita, Iñigo eta Ander Tolosarrak ere soka aurretik zutela igo ziren.
Gustura egon ginen haiekin berriketan: Rabadá-Navarro dela, Gora gu ta gutarrak dela…
Olarro egunaren biharamuna Zumaian. Mutuarekin nago geratuta 07:00etan Fielatoan, eta jaiki orduko, kaleko zarata entzunda, badakit jendea dabilela oraindik kalean, parrandan.
Irten naiz kalera eta beldurtuta geratu naiz: Marina gainezka dago; Amaiako plazako aulki gehienetan jendea, gaupasa eginda; hanburgesa-saltzailea jo ta fuego ari da lanean Errotako izkinaren aurrean; Erribera kalean ematen du santelmoak direla…
Fielatora iritsi eta han da Mutua. Apolok kalabazak eman dizkigu gaurkoan (biuna!) eta biok bakarrik goaz, baina ez dakigu seguru nora; euria egin du gauean, aurreikuspena ere ez da ona, eta ea nola argitzen duen egunak, nora joan erabakitzeko. Okerrenera, bidean hamaiketako ederra eginda etxera, baina suerte pixka batekin badakigu Irurtzun pasa orduko argiago egongo dela eguraldia.
Bidean goazela hizketan, pixkanaka zehaztu dugu zer egin: Artetara joango gara, hango Txargain izeneko mendira (La Sima deitzen diote Escaladas en Navarra liburuan, eta beste leku batzuetan “La proa de Txargain”). Badira han 120 metroko pare bat bia, eta horietako bat egiten ahaleginduko gara; han txarra baldin badago, beti egongo da hor Aiztondo, eta han ere txarra eginez gero, Eginora. Hasteko, ordea, geldialdia egin dugu Pagozelain, Mutuak gosaltzeko eta nik bigarren kafea hartzeko.
Gaur, Apolorik eta bere komuneko kudeaketarik gabe, askoz ere azkarrago egin dugu jan-edana, eta bagoaz aurrera.
Biaizpetik pasatzean, paretari begiratu diogu eta ikusi dugu tarteka bustita dagoela. Baina ateri dago, eskalatzeko ondo, eta ez da gutxi! Irurtzunen gelditu gara, ogia erosteko, gaurkoan Mutuak Lanako gazta mitikoa jan nahi du eta, eta laster gara Irurtzundik Goñirako bidea hartuta, Beriainen bizkarraldean. Kilometro batzuk eginda, iritsi gara Olloko bailarara, eta Arteta herrira. Zer paraje polita, ezkutu-ezkutuan! Gainaldean, guztia zaintzen, guk eskalatu nahi dugun pareta.
Arteta pasata, errepidean gora hasi gara, eta 7. kilometroaren parean, autoa aparkatu dugu. Prestatu ditugu traste guztiak eta badaezpada ere argazkia atera diot krokisari eta bideari, behar izanez gero eskura edukitzeko.
Ez zait inoiz gertatu, gaurkoa da lehen aldia: mendira joan behar eskalatzera eta aldapa igo beharrean jaistea!
Portuxar izeneko parajetik behera egin dugu bidean, eta halako batean, paretaren parean, goraka hasi gara. Segituan hasi gara hurreratzen, eta bia batzuk ikusten dira.
Itxura ederra dauka!
Berehala ikusi dugu guk eskalatu nahi dugu espoloia, eta 0 bilguneko bi paraboltak ere bai. Haraxe igo gara, lehen bilgunera.
Lehen sokaldia
Neu hasi naiz eskalatzen. 6a-koa omen da. Lehen metroak erraz samarrak dira, baina segituan tentetzen da pareta.
4/5 segurura iritsita, paso batean ez atzera eta ez aurrera geratu naiz. Esan nezakeen ez dudala ondo lo egin eta ez nengoela zentratuta; edo magnesio-poltsa etxean ahaztuta, magnesiorik gabe eskalatzen ez nagoela ohituta; baina egia aitortzea ere sanoa da: beldurtu egin naiz , ez naiz ausartu bi parabolten arteko 3 metro ziztrin horiek egiten, ez nuelako garbi ikusten, konfiantzarik ez neukalako, eta, zoritxarrez, buruak gehiegi egiten duelako lan hemen: hain behean ikusten da azken segurua, hanken azpian, eta hasten zara kalkulatzen zeren kontra hartuko duzun kolpea… Mutuari eskatu diot jaisteko eta berak egiteko. Halaxe egin du, eta ni beldurrarazi nauen pasoa erraz pasa ere bai, ezkerraldetik. Bilgunera iritsi eta segituan igo naiz ni ere. Erraz asko pasatu dut lehen ezin nuena!
Bigarren sokaldia
Pentsatu dut gogor egin behar diodala neure buruari eta han joan naiz aurretik ni, 6a+-ko sokaldia egitera. Aurrekoa baino zailagoa da graduazioari begira, baina orain konfiantza handiagoa daukat, ez nago hotzean.
Lehen metroak orain ere errazak dira, helduleku onekin, eta iritsi naiz pasorik zailenera. Mutuari eskatu diot eusteko eta ondo aztertu dut. Garbi dago nola egin behar den, eta han joan naiz gora, baita bilgunera iritsi ere. Bilgunearen eskuinaldeak zulo handi bat dago haitzean, eta beleen habi pila bat ere bai. Hor dabiltza kra eta kra, gu bidali nahiko bagintuzte bezala.
Mutuari etortzeko esan eta berehala etorri da. Bere txanda da.
Hirugarren sokaldia
Bi aukera dauzkagu orain. Eskuinaldekoa zailagoa da, 6c, eta ezkerraldekoa errazagoa, 6b. Itxura ere politagoa dauka azken horrek, plaka batetik, eta han joan da Mutua. Ederki igo ditu lehen metroak, erraz, baina abisatu dit beste parte bat zailagoa dagoela goialdean, fisuran.
Han ibili da gora eta behera, deskantsatu eta igo, jaitsi, deskantsatu eta igo, friend bat ere sartu du, hurrengo parabolta bitartean distantzia handia zegoelako, eta halako batean lortu du bilgunera iritsi eta dena librean egitea. Ona! Gustura geratu da.
Nik lehen metroak ondo samar egin ditut, baina oso bertikala da, batzuetan desplomatua ere bai, eta ez daukat inolako lotsarik fifi bat inprobisatu eta paraboltetan zintzilikatu eta deskantsatzeko. Besoak neka-neka eginda dauzkat, baina sokaldia polita da, ederra, eta haitza mundiala, latza eta gastatu gabea. Friendera iritsi naizenean, nahita geratu naiz handik zintzilik, ea agoantatzen ninduen ikusteko, azkeneko aldian Apolok Biaizpen sartu zuenean han joan zen eta hankaz gora behera! Ederki agoantatu dit, eta Mutua gustura utzi dut.
Laugarren sokaldia
Erraza da oso, 4b-koa. Hasieran, kanal batetik doa, txorien goano eta guzti, eta erraza da bideari jarraitzea. Terrenoa gero eta errazagoa da, eta bilgunea egin dut goialdean. Hau da bakea eta isiltasuna dagoena! Behien zintzarriak besterik ez dira entzuten! A zer diferentzia, Biaizpen edo hemen eskalatu: han autobiaren zarata izugarria da; hemen bakea eta lasaitasuna dira nagusi. Mutua segituan etorri da.
Trasteak txukundu eta argazki bat ere egin dugu.
Jaitsiera ez dago garbi adierazita, baina galtzeko beldurrik ere ez dago. Nola edo hala, hasieran harrien gainetik eta gero basotik, errepide aldera irten gara, eta Portuxarko bidea hartuta, autora ailegatu gara.
Euria ere gurekin iritsi da, eta egin dezala orain nahi duen guztia!
Autoa hartu eta behera egin dugu, portua hasten den lekura, ur-lantegiaren ondora, eta bide bazterrean geratuta, gazta jan eta zerbeza edan dugu. Ez zeuden txarrak!
Haitz hauetan ez dago olagarrorik, baina ezta beharrik ere! Pentsatu dugu hurrena ere etorri behar dugula, ahal bada sasoi hobean, besoak indartuta eta gehiago gozatzera. Laster izango ahal da!
Astean zehar hizketan zer egin behar dugun eta ez gara konforme jarri asteburuan gortzeko asmoetan: nik nahi nuen egin zerbait luzea eta erraza, disfrutatzekoa (adibidez, Txindokiko Txema); Apolok, berriz, zerbait gogorragoa; Mutuak, azkenik, Kuttuna (150 m, 6c+ edo V+, A1), Biazpen, batez ere Txindokin biaren azpialdera ailegatzeko izerdi asko bota behar delako. Azkenean biak konforme jarri zitzaizkidan derrigor Biaizpera joan behar genuela, eta han nik nahi nuena aukeratu; “Caballé” proposatzekotan egon nintzen, baina iruditu zitzaidan “Kuttuna” askoz ere tentagarriagoa zela. Nire beldurra zen zatirik zailenetan arrastaka ibiltzea, baina konbentzitu ninduten zati horiek artifizialean ere egitea bazegoela esanda. Han joan ginen larunbatean, Irurtzun aldera, “Kuttuna” egitera.Kuttuna, Arlegiren webgunetik:
2-Kuttuna: 150 mts. 6c+ (V+/A1), 3h-3h30′
Vía totalmente reequipada con parabolts, fue abierta por Carlos Velázquez y Santi Galar a principios de los 80. Casi nadie sabía de su existencia, por lo que se ha repetido muy poco, hasta que ha sido reequipada. Tiene la R4 y un corto tramo del L5 común con la “Txemi”, y la R6 y 7 común con la Virgen, así como la salida a la cima. Si andamos justos en los 6b, convendrá llevar uno o dos estribos. Comienza debajo de un desplomito triangular.
Krokisa ikusi nahi duenak, berriz, webgune horretantxe dauka.
07:00etan geunden geratuta eta 06:55ean han zeuden Fielatoan nire zain Mutua eta Apolo. Mutua puntual? Zaila sinesten, ezta? Aldatu egin ote zaigu, ba, mutila? Irurtzuna iritsi aurretik konturatu naiz ezetz, gauzek lehenean jarraitzen dutela, Pagozelaiko ohiko paradan:
-Mutua gosaldu gabe etorri da, beti bezala
-Apolok komunekoa kudeatu du, nahiz eta etxean beste bat ere kudeatu duen
Lainotuta dago, baina eskalatzeko primerako eguraldia. Mutuak ogia behar omen du, gazta ekarri duelako. Pagozelain ogirik ez eta Irurtzuna joan beharko dugu. Akordarazi diot lehengoan ere eraman omen zuela urdaiazpikoa Atxartera, baina gero ez genuela usaindu ere egin, eta bueltan eraman zuela etxera. Horrek akordarazten dit Peloiaren Pueyoko ardoarena: mendira joaten ginenean beti esaten zuen Pueyoko ardoa zekarrela, ederra, ona, baina ez genuen ikusten, are gutxiago dastatzen; zenbat buelta egin ote zituen Pirinioetara ardo-botila hark, existitu bazen, behintzat!
Irurtzuna joan eta ogi-barra erosi du Mutuak:
-E? Bakarra? Horrekin ez gaituk beteko!
Eta bagoaz Txikiaren azpialdera. Autoa aparkatu, trasteak hartu eta aldapan gora abiatu gara. Sareak jarri dituzte, errepidera harririk ez erortzeko, eta ondotik pasa gara gure bidea nondik hasten den ikusi nahian.
Berehala ikusi dugu desplomea, baina haraino iristekoa arriskutsu samarra iruditu zaigu, eta lotzea erabaki dugu. Sarearen goialdean parabolt pila bat dago sartu dute sarea jarri duten langileek, eta haietan aseguratu gara.
Neu hasi naiz igotzen lehen sokaldia (V+), boluntario; desplometxoak helduleku onak dauzka, eta goragoko plaka ere polita da, eta segituan naiz zuhaitzaren enbor gainean, bilgunean. Dena prestatu eta igotzeko esan diet Apolori eta Mutuari. Biak hasi dira igotzen, baina berehala Apolo gelditu egin da:
-Larre! Katu-hanketan hik zer hanka dakak?
Mutua etorri denean eman dizkit azalpenak: katu-hanka berriak ekarri ditu Apolok, estreinatzako (orain dela bi urte pasa erositakoak!), baina min ematen diote eta behera jaistea erabaki du. Errukitu egin naiz:
-Biuna! Sufritu zak pixkat!
Oraindik ere gogoan daukat, katu-hanka zaharrak puskatuta ere ez zituela inoiz berriak, “pacergrado” omen ziren eta…
Mutuak motxila kendu du bilgunean zintzilikatzeko, eta orduan akordatu gara: Apolo oinez badoa gora, bide errazetik eta eskalatu gabe, zergatik ez eman berari motxila? Gazta, zerbeza, oinetakoak, arropak… Ez ditugu ezertarako behar!
-Hi! Gora al hua oñez? Hartzak motxila!
Mutua berriz ere behera jaitsi da, eman dio motxila Apolori eta atzera bilgunera etorri da. Ea hastea daukagun behingoagatik…
Bigarren sokaldia 6a+-ekoa da, plakan, eta han joan naiz.
Oso polita da, adherentziako paso batzuekin, paraboltekin ederki aseguratuta.
Apolok aparkalekutik argazki batzuk atera dizkigu.
Hirugarren sokaldia (hau ere 6a+-ekoa) diedro batetik doa, eta hasieran eta oso-oso polita da; amaieran, bilgunera iristeko, paso arraro samar batzuk daude, baina betiere egingarriak.
Nire txanda da. Laugarren sokaldia V+ da. Bilgunetik eskuinaldera, plaka bertikal batetik, eta helduleku onak behar nahitaez… Kostata, aurkitu dut ezkutuan zegoena eta gora egin dut. Erraz samarra da, baina tartean badaude paso “bitxi” batzuk, batez ere bilgunera iritsi aurrekoak, diedroan.
Bilgunean bat egiten dute “Txemi”-k eta “Kuttuna”-k, eta ikusi dugu jendea hurbildu dela “Los tres mosqueteros” biaren azpialdera. Beste batzuek ibaia zeharkatu eta Caballera abiatu dira. Mutua segituan etorri da.
Aurrealdean daukagu bosgarren sokaldia (librean 6b+, edo A1). Plaka bertikala da, eta liso samar ikusten da bilgunetik. Han joan da Mutua, eta han ibili da librean atera nahian.
Nire txanda iritsitakoan, erraz samar pasatu dut Mutuari hainbeste kostatu zaiona, estriboa sartuta. Mutuak dio 6b+ baino zailagoa dela; ni saiatu naiz baina ez zegoen ia non heldu! Artifizialean egiteko ere ez da erraza, parabolt batetik bestera tartea dago eta…
Bilgunean bat egiten du “Kuttuna”-k “La virgen” bidearekin, eta azken horretatik egin dugu gora. Librean 6b da, eta halaxe igo da Mutua; zatirik zailenean, parabolten artean iltzeak daude sartuta, nahi izanez gero A0n egiteko, eta halaxe egin dut nik; iltze batzuk auskalo noizkoak diren, baina oraindik ere agoantatzen dituzte 90 kg…
Mutuarekin elkartu bilgunean eta gora jarraitu dut (IV+-eko paso bat) eta tontorreraino igo naiz, Apolo han egongo den esperantzan, baina motxila besterik ez dago. Apolo falta! Orduari begiratu diot; 13:00ak.
Zapatilak jantzi eta behera abiatu gara, berandu da eta.
Bagoazela, mutil bat igo da, “Herri baten sustraiak”-etik, eta argazki bat egiteko eskatu diogu, baina azkenean ez dakit zer gertatu den, baina argazkirik ez kameran. Behera goazela, Apolo dator gora. Asperrraldi ederra hartu omen du, gure zain, eta buelta bat ematera joan da, Arteta ingurura, han ere pareta ederra ba omen da eta…
Autora iritsi eta zerbeza freskoa, behintzat, edan dugu, materiala txukundu bitartean. Gero, Apolok arrainastua jarri digu musika eta 14:30ak pasatxo ginen Zumaian, goseak ireki-ireki eginda.
Amaierako oharrak:
Ikusten duzuenez, Pueyoko ardoak badauka ondorenekoa, mitoaren jarraitzailea: Lanako gazta! Ez genuen probatu azkenean eta Zumaiara etorri zen bueltan!
Norbaitek segurtasun-mosketoi gorri bat aurkituz gero Txikiaren azpialdean, Mutuarena da.
Asteburu honetan ez neukan asmo berezirik gortzeko, baina Mutuaren mezua jaso nuen ostiralean: “Aste bukaeran gortzeik ba al dezue?”. Igandean Apolok ezin zuen, familiarekin gortu behar zuelako Landetan, eta Mutuarekin egin dut plana, Atxartera joateko; zerbait luzea eta erraza egiteko asmotan, nik, eta zerbait luzea edo motza berdin, baina zaila, Mutuak.
“La puntualidad es una virtud” zioen Dieciochok, eta larunbatean akordarazi nion Mutuari zazpiak zazpiak direla, eta ez zazpiak eta hamar. Han dago zazpietarako, Errotan, baina kafeak beste nonbaiten beharko du izan, igandeetan zazpi terdietan zabaltzen dute eta. Itziarren geratu, autoari gasolina bota eta ederki gosaldu dugu restopean.
Durangora iritsi eta autopista ondorengo biribilgunean Mutuak Urkiola aldera egin du.
-Hi! Ba al dakik bidea?
-Nik? Estoooo… Hemendik dek, ezta? Hik ba al dakik?
Sartu gara Durangon eta galduta ibili da -ezin “gara” esan!-, bueltaka, harik eta Abadiñorako errepidea aurkitu dugun arte. Handik Mendiolarako bidegurutzetik gora eta asmatu dugu Atxarte aldera joaten. Pentsatu hutsarekin lehen oinez egiten genuela Durangotik Atxarterako bidea, motxila handiekin, asteburu pasa…
Autoa aparkalekuan utzi eta lehenengo duda, zer egin behar dugun motxilarekin: traste guztiak bakarrean hartu edo bakoitzak berea. Azkenean, bakoitza berearekin igo gara.
Lehen espoloira goaz, eta gero Hirugarrenera, Astxikin (791 m).
Hasteko aldapa ederra dago 1. espoloiaren azpialdera igotzeko, hauspoa ondo berotzeko.
Bidean hizketan igo gara, hala ere, eta “Naufrago nocturno” (krokisean 3 zenbakia) bidea egitea proposatu diot Mutuari. Ez dago oso konforme.
-Eta zailagoren bat?
Ezkerraldean Beko dago (krokisean 1), baina nik ez daukat errekuerdo onik, batez ere V+eko pasoarena. Hor dago, halaber, Flowers (krokisean 2), baina gogoan daukat lehen ere oso paso gogorra zeukala (6a). Azkenean, lortu dut konbentzitzea…
-Hi, oain suabe-suabe hasiko gattuk, ta geo goian ingo dek gradua.
Trasteak atera eta igotzeko prestatu naiz, eta motxilarekin zer egin duda areagotu da:
-Bi aukera zizku: hemen utzi, basean, eta gero, goitik beherakoan jaso, baina bidetik desbideratu eta aldapa handia igo beharko diagu hartzeko; edo geurekin eraman, bigarrenak, txandaka.
Azken aukera horren alde egin dugu, baina ikusiko duzuenez, ez dugu eramango txandaka.
Hasi naiz igotzen Naufragotik. Krokisean IV-IV+ jartzen du, buruan neukan errekuerdoa errazarena zen, baina ederki bota dut izerdia igotzeko!
Sugandilak bezala, arrastaka, baina haiek ez bezala hankak txirristaka, haitza irristakor ere bazegoen eta.
-Ondo al hao? Argazkia aterako diat…-Mutuak.
Kamara txikia ekarri du. Ona izango da, baina motela? Nik ez dut ezagutzen horrelakorik! Argazkia ateratzeko 20 segundo, alajaina!
-Hi, ze kamara-klase ekarri dek? Zahartu egingo nauk, hik argazkia ateatzeako!
-Hi, bakik, Eroskikoa…
Halako batean iritsi naiz bilgunera eta laster etorri da Mutua.
Kike (IV+,V-) proposatu diot jarraitzeko, eta han doa.
-Hi! Ta motxila? Utzi zak hemen!
-Ummmm… Ez, gortu beharra ziok, pa kuando vaya a la Rabada…
Nik ez diot askorik insistitu, noski, eta han igo da Kiketik gora, motxila handiarekin.
Bilgunean daukat zain, eta banoa.
Mutua moskeatuta dago, gorakoa oso zaila ikusten duelako… Azaldu diot “trukoa”: bilgunearen ezkerraldeko espoloian hanka luzatu eta hortik dela, eta han joan naiz gora. Nik ez daukat motxilarekin gortzeko asmo edo nahirik, eta ez dut hartu bilgunean, noski! Motxilarik ez, baina gerri-buelta ederra daukagu, guk, igotzeko! Eginahalak egin eta kentzen ez dena, gainera!
Iritsi naiz 1. espoloiaren goialdera, eta han elkartu gara.
3.ena ederra ikusten da, handia, eta ondo bereizten da Bordatzen, Mutuari proposatu behar nion bia.
-Hi, Mutu! Kuartoetan ia ezinean, eta nahio diat 6b horretan ez sartu; bestela, desplomean, motxilaren kargarekin, petauta geratuko nauk eta txorixoa bezala zintzilik, eta hik indarrean ez dituk igoko 90 kg…
-Ta? Zer ingo diu, ba?
Lehendik entzuna daukat eskuinaldean, Horma horian, badela oso bia polita, Petrushka, eta hara joatea proposatu diot. Mutuak baiezkoa segituan (????), eta han joan gara.
Oso bia polita da Petrushka, bi sokaldikoa. Lehenengoa plaka ederrean, bigarrena desplome batetik (argazkiaren eskuinaldean, plaka horiaren eskuinaldean).
Hasi naiz igotzen eta aspaldiko gozaturik handiena hartu dut. Plaka bertikal samarra da, baina helduleku onekin, erraz igotzekoa.
Han etorri da Mutua.
Lehen espoloira begiratuta, jendea txiki-txikia ikusten da aristaren handitasunean (kasko zuri bat).
Oraingoan bai, Mutuak motxila utzi dit, desplome potentea ikusten da eta. Erraz samar igo du, eta han goian egin du bilgunea, 15 m ingurura.
-Hi, ta soka botatzen badiat? Lotu eta igoko diat…
Halaxe egin dugu, eta oraingoan ere motxila hartu gabe libratu naiz.
-Ikusikoek hau kontatzen detenian…
-Hi, gu nahikua gortuta bagatxibek, ta hik gortu ber dek, biuna!
Egia esan, motxilarik gabe askoz ere errazago igo dut, eta eskertzekoa da.
Bilgunetik gora irten dut, oinez erraz, eta laster da Mutua.
Astxikiko tontorrera igotzea proposatu diot, eguna biribiltzeko.
Bidean, 3. espoloira begiratu eta bi lagun ikusi ditugu bide normaletik gora (aristaren ertzean).
Beste argazki ikusgarri batekin akordatu naiz, toki berean aterata (hemen).
Erraz baina izerditan igo gara, eta han kristoren erromeria aurkitu dugu, dozena bat lagun baino gehiago han, etab bi txakur ere bai. Bati eskatu diot argazkia ateratzeko.
Zerbeza edan (Mutuak dioenez, Riojanuarekin hitz egin beharrean, zuzenean San Miguelera jo beharko genuke!), materiala txukundu, eta behera abiatu gara, autora. Orduan konturatzen zara ibili-ibilita zenbateko desnibela egiten den hemen gora!
Kostatu zaigu behera iristea, eta berriz ere espoloiei begiratu diegu.
-Hi, eskerrak motxila igo dugun, bestela orain bila joan beharko bagenu…
-”Dugun”? Hik dakak arpeia!
Ederki ibili gara Atxarten, motxilarekin edo motxilarik gabe.
Apolo familiarekin gortzera joan zaigu Aragoi-Katalunia aldera, Terradets eta gainerakoak ikustera eta ahal badu ukitzera; gu, hemen, askoz ere errealistagoak gara eta Biazpe ingurura joan eta eskalatzearekin konforme. Mutuari enbidoa bota eta hemen gara, 2009-08-18an, asteartean, beste hartan bezala (orain dela hiru urte pasa!) “Los tres mosqueteros” eta “Herri baten sustraiak” lotu eta goiz pasa ederra egiteko asmotan. Hauxe kronika laburra.
Zazpietan geratu naiz Mutuarekin, baina gaurkoan ere sartu dit ederki. Ilun dago eguna, baina eskalatzeko eguraldi ona dator.
Eta hamarrean azaldu da, eta gosaldu gabe, gainera. Horregatik, gaurkoan, Pagozelain geratu ordez, Zumaian bertan egin dugu lehen parada, Errotan: hutsa eta ebakia, kroissanta, periodikoa… Ederra martxa!
Autoa hartu eta halako batean (08:30), iritsi gara Irurtzun ingurura. Autoak daude errepide bazterrean, baina eskalatzen inor ere ez. Ederra ikusten da Txikia…
Urrutian, langile batzuk ikusi ditugu, arropa horiekin, eta gerturatu ahala ikusi dugu kableak eta sareak konpontzen ari direla, harriak eroriz gero ez iristeko autobideraino.
Trasteak prestatu ditugu eta lehen bi sokaldiak bakarrean nik egitea proposatu diot Mutuari. Konforme da.
Ustez errazago egin nuen aurrekoan, baina iritsi naiz azkenean bilgunera. Mutuari abisatu, niregana etorri eta Zezen-plaza izenekotik egin du gora, hurrengo bilguneraren bila. Luze eta zabal aurkitu dut, hango nagusia balitz bezala.
-Nik egingo dizkiat bi hauek eta hiretzat bi azkenak…-nik, batez ere ondo akordatzen naizelako azken biak direla gogorrenak.
Eta ameto Mutuak! Harrigarria! Hori bai: marmarrean jardun du, nik lau egingo ditudalako aurrean eta berak bi… Esan diot bere biak askoooooozzz ere zailagoa direla eta aurretik egiteak meritu doblea daukala.
Goraka irten naiz eta lehen metroetan sekulako nekaldia izan dut, eskuekin tiraka, hankak behar bezala erabili beharrean. Ahaztuta nengoen zeinen polita zen, batez ere amaieran, eskailera antzekoa hasten denean. Gora igo ahala argazkiak atera ditut, eta bilgunean lotuta, segituan igo da Mutua.
Hurrengo bi sokaldiak ere bakarrean egitea badago metro-kopuagatik, baina beldur naiz ezkerralderako trabesiarekin sokak ez direla ondo ibiliko eta bitan egitea proposatu diot Mutuari. Halaxe egin du,
eta laster gara biaren amaieran. Hortik gora erraza da, paso txiki bat kenduta, eta laster azaldu da Mutua.
Gure babeslearen tartea eta guzti
Eta niri ere argazki batzuk egiteko eskatu diot Mutuari. Hauxe polita, Handiaren pare-parean!
Eta beherakoan, beti bezala, argazkiak Handiari, laster igoko dugun esperantzan.
Apolo bueltatu da oporretatik, eta badaki gortzen izan garela, Mutuak esanda.
Gaur Eginon izan gara. Larregiren lankide batek duela gutxi egin du Xabier bidea, eta haren gomendioari jarraituz, han joan gara Larregi, Mutua (Xabier) eta ni neu.
Hasteko, txoferrari kostatu zaio garaiz iristea, eta gainera, ez du lortu. Adarra jotzen hasi gara, eta ondoezik zegoela, gau txarra pasatu duela eta horrelakoekin hasi zaigu.
Mandubian barrena joan gara, bidean sirimiria ere izan dugu eta N-1 hartu baino lehenago, gosaltzera geratu gara. Mutua berandu eta gosaldu gabe agertu ez da ba! Halako batean behintzat iritsi gara, Egino aldera.
Eguraldiarekin kezkatuta egon arren, pareta lehorra ikusi dugu, eta eskerrak.
Aparkalekura heldu gara, batzuen zoritxarrerako…
Mutuak egin du bere saiakeratxoa eskalatzera ez joateko, baina alperrik. Ondoezik dagoela, gure zain geratuko dela eta horrelakoak. Han joan gara hirurok oinez txintxo-txintxo.
Xabier bidea hasten den tokira iritsi garenean:
-Lehenengo bi largoak nik- Larregik.
Eta hasi da.
Iritsi da bilgunera, eta Mutua eta biok abiatu gara ondoren.
Bilgunea bainera eder bat da, eta gustura egon gara bertan.
Bigarren luzearen hasieran.
Lehenengo luzean begetazio dezente bazegoen ere, polit askoa izan da bigarrena. Hirugarrenari ekiteko paso de mahoma moduko bat pasatu behar da.
Hortik, ederki ikusten da hurrengo luzea.
Eta atzera begiratuta.
Larregik Mutuari pasatu dio lekukoa, eta ekin dio hirugarren luzeko plaka zoragarriari.
Larregi eta biok abiatu gara atzetik.
Gero, oinez egin beharreko zati batera iritsi gara. Hurrengo bilerara iritsi, eta Larregi larrialdia kudeatzen ari zen bitartean, Mutuak diedroko luze famatuari ekin dio. Izan ere, ez geneukan oso garbi 6b+/A1 edo 6a+/A1 jartzen zuen krokisean.
Bilgunera iritsi denean, nire txanda.
Gustura zegoen Mutua bilgunean, hankak freskatzen.
Nik edatekoa eraman dut; Larregik, jatekoa. Eta zer eraman du Mutuak? Bere hitzetan, ondoeza. Jan tzank erreta!
Larregi ere iritsi da.
Nire txanda iritsi da orduan, eta hurrengo bilgunearen bila abiatu naiz, oihanean barrena. Eta atzetik, Mutua.
Luze hori oso erraza zen, hurrengo bilgunea aurkitzea zen zailtasun bakarra. Hara ere iritsi gara eta ekin diot azken luzeari.
Gozatzeko luzea, hori ere.
Larregi eta Mutua ere badatoz.
Bilgunera iritsi direnean, sokak jaso eta oinez jarraitu dugu. Azken pauso bat, parabol eta guzti, eta goian gaude.
Eguzkiak ederki jotzen du, eta bista zoragarriak ditugu, iparraldera lainotuta ageri den arren.
Ederki asko egon gara, jaten eta gure sponsorraren zerbeza bana hartzen.
Gortuko elastikorik ez daukagu oraindik, baina bai euskal harrietan jende gehiago ikusteko gogoa.
Beherakoan, Eguzkiak eta nekeak nahiko lan eman digu.
Leher eginda iritsi gara aparkalekura, baina pozik.
Igandean, goizeko 7etan, Larregi fielatoan jaso eta Aiztondo aldera abiatu gara. Zarautzen, peajearen parean, Ferdinan norbaiten zai dago, txintxo-txintxo, motxila eta guzti, norabait joateko.
Pagozelain geldialdi teknikoa egin ondoren, sartu gara krokisetan 1. bidea izenarekin ageri den horretan. Lehen bi luzeak bakar batean egin ditu Larregik. Niri hirugarrena eta laugarrena tokatu zaizkit, baina bi luzetan egitea erabaki dut.
Gu gortzen hasi orduko, nire argazki-kamerari pilak bigundu zaizkio, eta Larregik, berriz, ez du kamerarik hartu. Garai bateko eskalatzaile handi batek zioen moduan: “es peso de más”.
Hemen dituzue eguneko argazki bakarrak, 1. bideko 2. luzekoak.
Jaitsitakoan, jende pixka bat bildu da dagoeneko.
Ondoren, Sur clasica bidearen lehen luzea egin du Larregik. Ni igotzen ari naizela, Larregiren farreak somatzen ditut.
- Zer passten da?
- Beirazak! Chamonixen lehen luzea bukatu berri duen horrek “voy a saltar” esan ziok lagunari eta bilguneko “bainuontzira” lanzamientua egin dik.
Eta gu kamerarik gabe!
Handik, Joakina bideari ekin diot nik.
Bi rapeletan jaitsi eta bukatutzat eman dugu eguna, gustura asko.