Biaizpetik Eginora, euritik ihesi

Aspaldian eskalatzera joan nahi eta ezinean genbiltzan: konpromisoren bat zela, eguraldi txarra zela… Larunbatean lainotuta zegoen, baina han abiatu ginen gortzera.

Larunbatean goizean goiz geratu gara, beti bezala zazpietan, eta bidean obramentuak egin ondoren (Pagozelain geratu, kafea hartu eta Apolok komuneko buelta), han geunden zortzietarako Biaizpeko tunelaren ondoan, Plataforma sektorera joateko. Handiko espoloia elegante ageri da, eta putreak daude goiko aristan.

-Geo normala hainbeste guano eotia!

Azkenaldian beti Aiztondon ibiliak gara, baina gaur zerbait desberdina nahi dugu, eta batez ere jende askorik gabea, lasaia.

Paretaren azpialdera iritsi eta miatzen ibili gara, biak kokatzen: 7a, 6c+… Jantzi ditugu jantzi beharrekoak eta sartu gara “Naturaren bihotzean ” bian (V+). Zailtasun horretako bideetan badago aldea eskola batetik bestera, eta nahikoa beldurrez sartu gara…

Lehenengo txapara iritsi, sartu soka eta… aibadios!

-Ostia! Euriya!

Tanta gutxi batzuk. Zalantzan ibili gara, gora edo behera egin, baina azkenean jaistea erabaki dugu. Trasteak motxilan sartzen bukatzerako euri txikia zaparrada bihurtu da, eta autora iristerako blai gaude.

-Kauen! Kauen! Kauen!

Izan ere, azkenaldian ez daukagu batere zorterik: eskalatzeko geratu eta beti eguraldi txarra.

Autotik Sakana aldera begiratu dugu eta iruditu zaigu argitasun pittin bat dagoela. Etxauri aldera ere bai, baina ez daukagu hango krokisik.

-Goazen Aiztondora, eta han txarra bado Eginoa, eta han txarra bado… Kauendios! Egualdi puta!

Hamar minuturako Uharte parean gaude, baina ez gara autobidetik irten ere egin: pareta bustita ageri da, grisa.

-Egualdi puta! Goazen Eginoa!

Hogei minutuan Eginoko aparkalekuan gaude. Iazko udan ere izan ginen eta monolitoen aldera joan gabe, Lezeren ondoan, ezkerraldean, bia politak ikusi genituen, guretzako modukoak (hau da, errazak). Ez daukagu krokisik, baina aspaldi ikasiak gara bien zailtasuna behetik kalkulatzen (edo hori uste dugu, behintzat!).

Hamar minutuan paretaren azpian gaude. Ez dago lehorra, baina eskalatzeko moduan bai. Burdinazko tubo handi baten ondoan, eskuinaldean, bi bia daude elkarren ondoan, kimikoekin aseguratuta, eta goialdean jaisteko tramankulua ere ikusten da.

-Benga! Ezkerrekua lenengo eta eskubikua geo!

Erraz egin ditugu.

Behetik gehiago ematen zuten benetan direnak baino: bertikal samarrak dira, baina heldulekuak onak, eta hanka jartzeko lekuak ere bai, onak. Betiko eztabaida: zer graduazio daukate?

-Asko jota 5a -, nik.

-Ixilik eon hai! Badittuk 5b, behintzat! -, Apolok.

Mutil bat eta neska bat etorri dira eta haiei galdetu diegu: eskuinekoa 5c da; ezkerrekoa, berriz, 5b. Esan digu mutilak hemengo 5c-ak gauza bat direla, eta monolitoetakoak beste bat; hangoak zailagoak direla

Bi bia hauen ondoan, eskuinaldean, beste bi daude, oso itxura onekoak, paraboltekin ekipatuta. Zailagoak dirudite. 6a+ omen dira…

-Ummmmmm… Earra itxura, e?

Baina ez dugu arriskatu nahi. Hori baino segurolagoak gara eta goialdera jo dugu. Mutilak esan digu 5b eta 5c­‑ko bia gehiago badaudela han. Tetxo baten azpialdean jarri gara. Bi bia dauzkagu aukeran, berriz ere.

-Lenengo ezkerrekua, geo eskubikua.

Biak ere errazak. Graduazioa gehiegizkoa iruditzen zaigu. Tetxoa oso erraz egiten da.

-Beti holako agarriak eongo balia… Tetxo guztiak horrelakuak balia…

Nafar batzuk agertu dira, “Euskal Harria ” gida eskuetan. Goialdean, Iturriaren sektorean, bia gehiago markatzen ditu. Hara joatea erabaki dugu.

Bidean goazela, haitzarte handi bat, eta barrualdera sartuta, eskalatzeko biak ere bai. Baina ez dugu denbora askorik egin barruan. Ea pare bat bia egiteko astia daukagun…

Iritsi gara beste sektorera. Jendea dago. Aibadios! Famosoak! Pou anaiak, ikastaroa ematen… Enekori galdetu diogu inguruko biez, eta esan digu bere gainaldeko biak 5c direla. Ba, horixe egingo dugu! Eskuinaldekoa.

Ez dugu askorik sufritu. Gora iritsi, katetik soka pasatu eta behera! Zerbait zailagoa nahi dugu. Ezkerraldera 6a bat omen dago.

-Goazen, ba!

Hara goazela, Joanito Oiartzabal etorri da semearekin. Bada famosoa, hemen, Eginon…

Bia laburra da, plakan, paso zail bakarrekoa, eta ondo egin dugu.

-Gora gu ta gutarrak! Egatxuk makalak!

Orduari begiratu eta hamabiak jota dira. Trasteak jaso eta Zumaiara. Arranplara iritsi eta… Zein ikusiko eta Mutua!

-Ze iten dek hik hor, petrillian exerita! Guk bai gortu! Seisa, seisa!

Behingoagatik, Mutuak ez du hitz egin eta entzun behar izan du…

Biazperi buruzko informazioa nahi izanez gero, Joseba Arlegik oso web txukun eta ona dauka, hemen

6 Responses to “Biaizpetik Eginora, euritik ihesi”

  1. Iherrito on 17 mai 2006 at 0:26 #

    Hau da hau aitona pila paretean! Ze iten dezue zuek Juanito Oiarzabal eta Pou anaien artean?
    Gortu!!

  2. Larregi on 17 mai 2006 at 7:31 #

    Iherrito! Jakingo dek Pedro Udaondok, Naranjoko lehen inbernala egin zuenak, 72 urterekin aurten berriz ere igo duela Naranjo, lehengo bide beretik… Hark adinako sasoia edukiko bagenu 30 urte barru…
    Hi aspaldi prejubilatu hintzen, baina oraindik izango dek hortik eskalatzeko materiala, emateko moduan, ezta?

  3. epiola on 19 mai 2006 at 14:08 #

    Hemen earra!
    Zumaiako armiarmak sareratu diala! (Ze ondo geratu zaidan esaldia…)
    Ni eskaladan ez naiz asko aritu baina behin Joxemite ezagunean ibilia naiz. Zuek ere han hasiko zineten ba ezta?
    Zuen abentura ta argazkien zain…

  4. Apolo on 22 mai 2006 at 2:53 #

    Joño auzoko blogariya ongietorria ematea!!
    Pastelik ez al dek ekarri pelikula amerikanuetan bezela?

  5. mutua on 22 mai 2006 at 6:13 #

    ona, ona, ona, ona.
    Earra paria, karakola ta baria.
    Zaharrak orain ere nagusi!
    Estilua pulitu eta daukazuen grinarekin, aurten, seguru-seguru 7a eroriko dela.
    Ea udazkenean, naranjoko Rabada egiteko moduan garen.

  6. Apolo on 22 mai 2006 at 6:31 #

    Aupa Mutu. Estiloa pulitzeko erakustaile bat behar diagu, plafoirako. Hartu akuilua eta badakik.

Trackback URI | Comments RSS

Leave a Reply

Bad Behavior has blocked 4 access attempts in the last 7 days.