Bulderrak
Kaka zaharra! Asteburua iritsi eta eskalatzera joan ezin! Nola edo hala, baina gortu beharra dago, eta horrelakoetan bulder egitea bezalakorik ez dago. Gortu!
Eguraldi eskasa egiten badu, onena lokalera joatea da.
Berdin du hotz ala bero, gortzeko. Baina eguraldiak lagunduz gero, beste leku asko dauzkagu Zumaian edo inguruan, eta horiek bisitatzea komeni da, noizean behin.
Aukeretako bat Kamineros aldea da. Getaria bidean, errepidearen behealdean eta goialdean. Goialdekoa ez genuen ezagutzen eta, egia esan, altxor txiki bat da, oso polita eta berezia, gutxi batzuen eskura dagoena (batez ere zailtasunarengatik…). Behealdea, berriz, leku aproposa da bulder egiteko, baita arratsalde pasa eder bat egiteko ere, sagardoa eramanda eta bainatzeko aukerarekin.
Handik hurre Kartajenako muturra dago.
Bertikala da, plaka, 7-8 metroko altuera dauka eta ez da erraza aseguratzeko. Garai batean goialdean iltzea sartuta aseguratzen genuen, baina arazo bat baino gehiago izan genuen. Lehen, behealdean, tetxo oso polita zegoen, metro bat pasa zabal, baina ondoko errepidea itsasora erori zenean hormigoiez bete zuten eta akabo… oraingoz!
Zumaia aldera etorrita, inoiz ibili al zarete Azkizuko frontoian, itsasaldera? Bertikala da, helduleku txikiekin… Eta Artadiko elizan? Hor ere bai: bertikal-bertikala eta helduleku txikiak, segituan nekatzen duten horietakoak.
Santiagoko hondartzan, Getaria eta Zumaia arteko mugarri, Maia haitzaren ondoan, haitz bertikal bat dago. 
Heldulekuak onak dira, eta gora-behera eta ezker-eskuin arrisku handirik gabe ibiltzeko modukoa da. Goialdean kimiko batzuk daude sartuta, gainera, sokarekin ere ibiltzeko. Badauka alde txar bat, ordea: errepidearen ondoan dago, jende asko ibiltzen da paseatzen eta erraza da norbait -seguru asko jubilaturen bat- alboan jarri eta txapa sartzen hastea (esaldirik normalena: "Hoi dek abildadia!").
Paolaldean, Salbamenduko Junta izan zenaren paretan ere bulder egitea badago, baina hor ere jende asko ibiltzen da paseatzen.
Horiek baino ezkutuago geratzen da Inpernupe, baina pareta nahikoa etzanda dago, eta eroriz gero behealdean harri biribilak daude (motibazio handiagoa, ez erortzeko…).
Itzurun aldera etorrita, Mariantonaitz edo Yosemiteren azpian haitz asko daude bulder egiteko, baina bilatu egin behar… Hor dago, adibidez, "Alucina con tu vecina". Gaur egun zailagoa da egiteko lehen baino, harri handi bat falta duelako sabaian, baina saiatu egin behar…
Itzurungo hondartzan, berriz, hor daude Kantinako pareta, bainuak egon ziren gainaldekoa, Santelmopeko kobazuloa… Ez dira bereziki zailak, eta batez ere aproposak dira iraupena indartzeko.
Horra hor leku batzuk bulder egiteko. Horietako asko belarrez beteak… Jende gutxi joaten delako? Ibilian-ibilian, kenduko al dizkiegu belarrak?



Txuntxu on 23 mai 2006 at 14:04 #
Aspalditik etxetik gertu eskalatzeko toki bila nebilen asko moitu gabe nunbaitea juteko..ta mezu hau letu ta hau da proposamen pilla…poza emateu jendiak eskalda bultzatzia…oin aipautako tokiyai belarrak kentzia da kontua..ia jende pixkat juntatze gean behintzat…
Beti Martxan on 29 mai 2006 at 0:12 #
Atzo Oñatin izan ginan Mundumira izeneko festan eta arratsaldian bulder txapelketa ikustea okurritu zitzakun. Hara azaldu eta zumaiarrak falta!! Nun zian Larregi, Apolo ta konpañia?? Zuen seisak jende aurrian erakusteko lotsaz?? Kontuak kontu, politta izan zan espektakulua; Leire Agirre saltu ein ta katiatu ezinda eta Irati Anda nausi: mutiletan Beltza deitutako azpeitiar bat eta bi tximaluze gazte ibili zira ondona. Ia hurrenguan zumaiarrik badan tartian!!