Gora San Fausto!
Goizeko sei eta erdietan geratu gara. Bai, oso goiz da; Estazioko festetatik dator jendea, gaupasa eginda, baina San Faustora (Lizarrara) joan nahi dugu eta eguerdirako bueltatu; horregatik, nahiago dugu garaiz ibili. Eguraldia lainotuta dago, eta langarra ari du.
Autoan, Nafarroako autobidean sartuta, behe-lainoa da nagusi, Kla-klak esango lukeen bezala "txi-txia!". Poliki goaz, badaezpada ere.
Beti bezala, geldialdia egin dugu Pagozelain, kafea hartzeko. Apolok segituan bukatu du berea, eta han joan da komuneko buelta egitera. Kamarerari esan diot "R" handia jartzeko komuneko atean, eta azpian "Larunbat goizetan Apolorentzat". Beno, pentsatu egin dut, baina ez diot esan.
Lekunberrira iritsi eta orduan hasi gara eguzkia ikusten. Biaizpera iritsi eta, beti bezala, ezker-eskuin gure begiak…
Etzeok inor.
Nola egongo da, ba, zazpiak eta laurden dira eta! Gu jaikita gauden eskalatzaile bakarrak!
Irurtzundik Iruñea aldera hartu dugu, hiru karrileko autopistatik, eta bat-batean…
Kontuz!
Ostia!
Erdiko karrilean erremolke bat dago, geldirik, norbaitek galduta. Frenazoa eman eta eskuinaldean sartu gara. Pentsatu dugu mobilletik deitzea larrialdietara, abisatzeko, baina biok autoaren maleteroan dauzkagu segapotoak.
Esango zieu peajekuai.
Sustoa pasata, bidean brometan goaz, autoak aurreratzean.
Hi, honei, honei, esaiok erremolkia galdu dula!
Azkenean, peajera iritsi gara. Neska morena batek kobratu behar digu.
Aizu, Irurtzundik irtenda erremolke bat dago%u2026
¡Castellano!
¡Española!-esango bai, gustura, baina isilik geratu gara. Apolok eman dizkio azalpenak.
Bide ona dago Iruñetik Lizarrara, eta laster gara Eraul herrian. Aparkalekutik doan bidea ezagutzen dugu, eta pentsatu dugu gaurkoan herritik joanda probatzea, ea hobea den ikusteko. 08:15ak dira eta motxila bizkarrean hartuta bagoaz…
Ordu laurdenian han, beatzietako eskalatzen hasi, hamabiak bitartian… Buf! Daneako astiya zikuk.
Bideari jarraitu eta iritsi gara gain batera. Lehenengo zalantza: ezkerreko bidea edo beheraka doana? Azkenean, behera hartu dugu, baina handik gutxira ez dugu garbi ikusi; atzera egin eta lehengo bide-gurutzera bueltatu gara, ezkerreko bidea hartzera. Hortik joan gara, baina hori ere ez dugu argi ikusten. Horregatik, berriz ere beheraka doan bideari jarraitu diogu. Oso behera doa… Beheregi, gauza onerako. Bidea utzi eta ezkerraldera hartu dugu, basoan barrena, goraldera. Ez dago biderik eta batzuetan basoa nahikoa itxia da. Tarteka, zuhaitz artetik, goialdean pareta batzuk ikusten dira.
Hortzibek!
Gora egin dugu, zuzen. Hara iritsi eta kristoren pareta dago eskalatzeko, baina bien arrastorik ez. Haitza ukitu eta benetan gozada da haitzaren kalitatea.
Beirazak ze agarre, beirazak ze adherentzia, beirazak…-Apolok.
Nun ostia galbiltza?-nik.
Pentsatu dugu eskalatzeko paretak gorago egongo direla. Hormaren behealdetik ezkerretara egin dugu, ea pasabideren bat aurkitzen dugun, baina ezin gara harantzago joan.
Kakazarra!
Etorritako bidetik bueltatu eta eskuinaldera hartu dugu. Halako batean, goialdeko paretan, gurutze bat ikusi dugu.
Zibilizazioa, berrize!
Bide-gurutze batera atera gara, eta kartel bat dago: Lazkua eta Altikogaña jartzen du. Orduan, gu Lazkuaren behealdean ibili gara. Urruti bide onetik! Liburuko mapan paretak herritik bertan markatzen ditu eta ez da hala. Askoz urrutiago daude. Kristoren buelta eman dugu.
Bi lagun datoz bidean, eskalatzaile itxurakoak, eta horiei segitzea pentsatu dugu, berriz ere ez galtzeko.
Azkenean iritsi gara San Faustoko eskalada-eskolara. Liburuan 15′ markatzen du, baina guk ordu eta erdi egin dugu. "Prehistoria" sektorea da, eta lehen bia "Afrikako kizkurra" (6A).
Hauxe ingo diu, ze ostia!-alferkeriaz, urrutiago ez joateagatik.
Trasteak lurrean utzi eta eskalatzeko prestatu gara.
Ni jungo nauk.
Eta hasi naiz, ba, eskalatzen. Hasiera gogor samarra dauka, helduleku onekin, baina pittin bat desplomatuta. Hemen, barkatuko didazue, baina gure attittaren pasadizo bat kontatuko dizuet.
Gure attittak ohean ikasi omen zuen igerian. Han etzaten omen zen, ahozpez, eta anaiak esaten omen zion "Earki iten dek, motel, earki! Hik bai in igeriyan!", eta hainbeste aldiz esanda, azkenean sinistu. Han joan omen zen ibaira, eta zanbulla egin ere bai. Portu inguruan zebilen langile batek atera omen zuen, erdi itota. Ba, guri antzeko zerbait gertatzen zaigu. Ibiltzen gara lokalean bulder egiten, ibiltzen gara ia egunero saltaka egiten, eta elkar berotzen dugu: "Ai gattuk gortzen! Oainguan gortu bihar diu, e?", eta azkenean sinistu egiten dugu, gai garela 6A erraz egiteko… Haitza, ordea, ez da berotzen gu adina. Haitza beti 6A. Eta horixe gertatu zaigu. Egin, egin dugu 6A hori, baina eskumuturrak harri-koskorrak baino gogorrago geratu zaizkigu, beste ezertarako gauza ez direla, eta 5 metro igota!
Hartu eskoba eta pala eta jasozak morala! Ostia!
Errealitatera itzuli gara. Biok bia egin eta beste batera joan gara, eskuinalderago: "Ibanjo y Pintxame" (5C). Hemen bai, asko disfrutatu dugu. Helduleku onak, batzuetan pittin bat desplomatuta, baina gustura igotzekoa.
Beste bat? 5C+-ko bat?
Eskuinalderago joan gara. "Payico Revelao"-n sartu gara. Hasi naiz igotzen eta… Berriz ere konturatu naiz grabitateak zenbateko indarra daukan, are gehiago 85 kilo badituzu. Igo dut, baina batere gozatu gabe. Apolok bai, gustura igo du, eta Mutuak erakutsitako bizikleta ere egin du.
Hoi dek hoi! Hoi dek teknika!
Mutil bat eta neska bat daude ondoan, hitz egiteko posturan nafarrak. Mutila "El Carbayon" egiten ari da, 6B+-ko bia bat, soka goitik pasatuta. Kosta zaio, baina egin du azkenean.
Guk ere nahikoa egin dugu. Hamabiak dira eta trasteak jasotzen hasi gara. Nafarrek esan digute beste sektoreetan jendea lepo egoten dela; gehiegi, aukeran. Gero, Zumaiara etorritakoan, jakin dugu zumaiarrak ere bazirela han.
Eraul aldera egin dugu, oraingoan bide ona bilatuko dugulakoan. Hogei minututan autoan gaude.
Buelta Urbasatik egitea pentsatu dugu, giro ederra dago eta. Pareten behealdetik doa errepidea eta argazkiak egin dizkiegu. Orduan ikusi dugu non ibili garen ordu eta erdian, galduta…
Urbasa zoragarri dago, berde, eta Bioitza kanpina pasata bagatoz gainetik behealdera. Lehen bihurgune itxian, auto bat ziztu bizian goraka, gure aurrean, errebuelta zabal-zabal hartuta.
Noa hua?!
Beherago joan gara eta hurrengo errebueltan, goma erre usaina.
Hau tronpuak iten ai dek!
Atzera begiratu eta ikusi dut goian buelta eman duela. Atzetik datorkigu. Beheraka ere tronpoak egiten dator.
Ikusi al dek hoi?
Atzean geratu da. Olazti eta Etxegarate pasata, N1etik eta autopistan sartu gara. Lainoa dago kostaldean. Zumaiara iritsi gara ordu biak puntuan. Eguzkia lainoak urratzen ari da. Badirudi geuk ekarri dugula.