Jexemiterik ez, mesedez
Ikusmiran ibili naiz mendiko web gune batzuetan, eta han sartu naiz desnivel.com-eko eskolen atalean. Euskal Herrikoetan begira ibili eta "Jexemite"-rekin egin dut topo. "Hauxe behar genuen!", pentsatu dut.
Gehienok ezagutuko duzue Itzurungo eskuinaldean daukagun perla ederra. Oraingoz ez diot izenik emango, nahita, eta ikusiko duzue amaieran proposamena. Eskola horren berri, lehen aldiz, duela hogei urte pasa izan genuen. Orduan, asteburuero mugitzen ginen Joakin Zubeldiarekin (aupa 18!), hara eta hona, mendialdera irten eta bide batez zerbait eskalatu: Aizkorrira joan eta Irauleko monolitoa egin, Amezketara joan asteburu pasa eta Saltari egin, Izarraitzen Aizbakar… Gehienetan, askoz ere denbora gehiago pasatzen genuen hara joaten eskalatzen baino, ez geneukan-eta autorik. Halako batean, Muruaga zenak eta Mutuak esan ziguten kristoren pareta aurkitu zutela Itzurungo haitzetan, eskuinaldera, eta bia bat zabaltzen ari zirela. Pentsatu, garai hartan! Ez katu hankarik (zapatilekin edo pisamierdekin), ez budrierrik (soka zuzenean gerrira)… Halako batean joan ginen pareta ikustera, eta zabalduta zeukaten lehen luzea egin ere bai. Gogoan daukat "Stones flash" izena jarri ziotela, eta, egia esan, inpresionantea zen pareta, behetik begiratuta. Norbaitek esango zuen Yosemiteren antza zeukala, eta halaxe deitzen hasi ginen denok, Yosemite gora eta Yosemite behera. Pixkanaka, eta batez ere udan, sarri-sarri joaten hasi ginen, eta gure materiala ez ezik, eskaladaren ikuspegia aldatzen hasi zen: katu hankak eta budrierrak lortu genituen, soka goitik jarri eta ekipatu genituen bia batzuk, fisurak garbitu genituen… Horrela etorri ziren bia gehienak, eta pixkanaka gero eta ezagunagoa egiten ari zen lekua. Halako batean, norbaitek esan zuen zahar bati entzunda-edo leku horren benetako izena Katuplaza zela eta halaxe deitzen hasi ginen. Gero jakin genuen, ordea, benetako Katuplaza Paolalderago zegoela. Gero, arrazoi bat edo bestea zela medio, hasieran ibili ginenok utzi egin genuen eskalada eta hara joatea, eta beste belaunaldi bat hasi zen han. Iruditzen zait, ordea, ez zela egon behar bezalako informazio-trukea, batzuek zer uzten zuten eta besteek zer jasotzen zuten. Horrela, belaunaldi berri horrentzat, eskolaren izena Joxemite zen ("J" hori Zumaian esaten dugun bezala esanda: "Joxe"), eta bia batzuen izenak ere aldatu egin ziren. Talde horri esker, biak behar bezala (?) ekipatu ziren, kimikoekin, eta pixkanaka gero eta ezagunagoa egiten ari zen eskola. Horretan lagundu zuen Gara n azaldutako artikuluak, baina batez ere handik gutxira argitaratu zen "Gipuzkoako eskalada gida" liburuak. Hor ere Joxemite azaltzen da, eta gero eta jende gehiago hasi zen etortzen. Aurreko batean 4 kordada ibili ginen eskalatzen aldi berean… Beraz, urteetan, salto handia gertatu da hasiera hartatik gaur egun arte, baita izenean ere. Gaur desnivel.com-en "Jexemite" irakurri dudanean, lekuaren eta eskolaren benetako izena aldarrikatu behar dugula iruditu zait, oraindik garaiz gaudelakoan eta zumaiarroi dagokigulakoan, batez ere. Eskalada-eskolako pareta, brankada, itsasoan sartzen da, eta haitz horrek "Marianton" izena du aspaldidanik. Era askotara ageri da: "Punta Marianton" (1888ko mapa batean), "Mariantonaitz", "Marianton Muturra", "Mariantonpunta"… eta ahozkoan, "Maitonaitza" edo "Maitonertza". Izenaren jatorriari buruz hauxe dio Martinez Kleiser-ek, 1923an atera zuen liburuan: "En el siglo XVI solo una desgracia aparece inscrita; en cambio, entre las partidas mortuorias por azares de la pesca, merece ser mencionada por inconcebible y absurda la siguiente, del año 1651; dice asi: "A 14 de Mayo del dicho año fue por lapas y murio Marianton de Fosango, Viuda, a la cual alcanzo una baga de mar en q la llevo y fue ahogada". Beraz, hauxe proposamena: lagun artean deitzea daukagu nahi dugun bezala, Yosemite, Joxemite edo "Paret handia", baina gure artean edo kanpokoekin ari garela, erabil dezagun Mariantonaitz, badaude eta nahikoa arrazoi horretarako. Egingo al dugu Mariantonaitzen alde?


xeberri on 17 api 2007 at 0:10 #
norbaitek badauka jexemiteren krokizik?? edo non aurki dezaket??
eskerrik asko
erantzuna on 16 aza 2007 at 8:49 #
Guipuzkoako gidan agertzen dira krokisak.