Biaizpeko Plataforman
Orain dela hilabete bezala, Biaizpen gaude, eta orduan bezala, eguraldiak ez du itxura onik: Aralar azaltzearekin batera belztuta ageri zaigu zerua, eta beldur gara ea ez ote dugun ibili beharko "peregrinazioan", orduan bezala, euritik ihesi.
Iritsi eta inor ez aparkalekuan. Ondo, lasaitasunaren bila gatoz eta. Hamar minutuan paretaren azpian gaude, eta prestatu ondoren,"Romantico empedernido"-n sartu gara (30 m, V/V+). Pauso batzuk arraroak dauzka, baina nahikoa erraz egiten da.
Gora iritsita, katea ia eskura daukadanean, ezkerreko hankapeko harri bat ihesi joan zait behera, eta ni atzetik, hegan. Ez naiz konturatu ere egin, baina 6 metro beherago nago, sokatik zintzilik.
Ondo al hao?
Bai. Ta hi?
Baita. Noaingoan homologatu diu budrierra.
Berriz ere gora, baina oraingoan, ezkerretik sartu beharrean, plakatik gora iritsi naiz katera. Jaitsi eta Apolo doa.
Bukatzen ari denean, bi mutil datoz bidean gora, eta haiekin hitz egin ondoren eskuinalderago joan gara, beste bia batzuk egitera.
Hasteko, "Extraños en el paraiso" egin dugu (22 m, V).
Ostia! Goiko plakak kriston itxura zekak! Segiko al diat?- esan diot Apolori, katera iritsi naizenean.
Geo jungo gattuk, Xabier. Noain jatxi hax.
Ni behera jaitsi eta Apolok egin du. Ia arnasa hartzeko astirik gabe, "Naturaren bihotzean" (V+, V+) hasi dugu.
Apolo gustura dago, hasierako pausoan bizikleta egin duelako. Alferrik pasatzen ditugu, ba, orduak lokalean…
Bigarren luzea 15 metrokoa da eta plaka bertikal batetik doa. Behetik ez da aparteko heldulekurik ikusten, baina agarre onak egon behar dute, derrigor.
Verdon ematen dik, e?- esan dugu, nahiz eta sekula han egon ez.
Itxura kristorena dauka, eta halakoa da, benetan. Polit-polita. Egin duenean, Apolo gustura jaitsi da.
Kegozada! Hau bai largoa! Benetan disfrutatu diat! Kegozada! Earra, Xabier!
Elkargune beretik beste bia bat abiatzen da eta segidan egin dugu "Valiente hijo de puta" (V, 15 m).
Gure ezkerraldean, lehenagoko mutilak gora eta behera dabiltza.
Behealdean, berriz, autobideko trafiko zaratatsua. Hemen pixka bat egonda ondo asko ulertzen da zer den kutsadura akustikoa.
Eskuinalderago badago 6a bat, "Capricornio y de pura raza", eta hori probatzeko kapritxoa ere sartu zaigu… Hartu trasteak eta hara goaz.
Itxura polita dauka. Suabe-suabe hasten da eta plaka batean dauka pausorik zailena. Heldulekuak txikiak dira, baina ondo egin dugu.
Gora gu ta gutarrak!
Morala, behintzat, goian gaurkoan.
Pentsatu dugu kobazuloen sektorea ere ikusi behar dugula, eta trasteak jaso ditugu, hara joateko.
Bagoazela, hizketan geratu gara lehengo mutiletako batekin. Ordiziakoa da, eta bestea Ataungoa. Hitz egin dugu Jentilbaratzaz, eta esan digu ezagutzen duela Zumaiako eskola.
Joxemite.
Ez, Joxemite ez; izatekotan, Yosemite, eta lekuaren izena "Mariantonaitz" da, berez.
Jendea dago Caballe egiten. Eta Patxi Berrio egiten ere bai! Argazkiak atera dizkiegu.
Orduari begiratu eta hamabiak pasa dira. Egunekoak egin ditugula pentsatu dugu eta azkenean autora joan gara. Pareten azpialdean geratu eta jende asko ikusten da eskalatzen: "Patxi Berrio"-n, "Txemi"-n, "La Virgen"-en… Ederra erromeria!
Bereziki begiratu diegu Patxi Berriokoei. Krokisa aterata, ibilbidea eta zailtasunak aztertu ditugu. Igual oraindik ez, baina hilabete barru, gu ere…


