Azpeitiko Kanteran
Beste aukerarik ez eta igande arratsaldean geratu gara gortzeko. Gaurkoan, gainera, Mutua ere etorriko da, aspaldiko partez. Sergio Leoneren pelikulaz akordatu da Apolo: El bueno, el feo y el malo. Artikulua irakurrita, zuek baietz asmatu zein den bakoitza…
Inpernupen geratu gara, hiru t’erdietan, kafea hartu eta Apoloren zain egoteko. Mutua puntual etorri da eta "Euskalarria" begiratuz pasa dugu denbora.
Nora joan zalantzan gabiltza: ekaitza eta euria daude iragarrita eta ezin urrutiegi joan. Apolok eta Mutuak nahiago dute Santabarbarara joan; nik, berriz, Azpeitiko Kanterara. Aste osoan garai bateko kontuak eta eskaladak izan ditut buruan, eta kostako zaie iritzia aldaraztea. Azkenean Kanterara.
Irtetera goazela, hara non ikusten dugun K., Mutuaren anaia, Amaiako plazan:
Pero donde vais!
Azalpenak emanda, bota dio kristorena, anaiari:
Lo que subas tu subo yo!
Eta gustura joan da, Nikol aldera, mus-partida jokatzera. Eskerrak anaia ez den mutu geratu…
Ya me acuerdo yo en Santabarbara, lo que subiste tu…
Iritsi gara Kanterako inguruetara, autoa aparkatu eta erraz egin dugu bidea.
Ez dago inor ere, eta eguraldiak agoantatuko duela ematen du. Aldatu eta eskalatzeko ordua da.
Ta? Nundik hasiko gattuk?
Itzaletik, noski. Eta itzalean, zer hoberik (eta errazagorik) "Keixpin" izeneko bia baino (6a). Beno, ez gaude seguru biaren izenaz, eta ea norbaitek argitzea badaukan. "7"-a hasten da espoloitxo batetik, ezta? Ba horren eskuinalderako, plaka bertikal bat da, fisura batekin, eta gorago (8-10 metrora) plataforma batera iristen da. Gero, handik gora, "Riglos" deitzen dioguna hasten da, harri gorri-gorrian gora. Gipuzkoako Eskalada Gidan bia hau markatzen du "6 3/4" bezala, eta guretzat, behintzat, garai batean "6 3/4" hori eskuinalderago zegoen, "5", "6", "6 1/2" eta gainerako guztiekin batera.
Hasteko, neu boluntario. Aitortu beharra daukat: buelorik ez, baina pare bat aldiz heldu behar izan dit zintzilik Apolok, nekatu egin naizelako. Heldulekuak txikiak dira, eta txapatzeko Mutuaren mosketoi "bereziak" tokatu zaizkit, irekitzen ez diren horietakoak:
Ze mosketoi puta dek hau!!!- esku bat agarre batean eta beste eskuarekin mosketoia ezin irekirik, soka pasatzeko.
Azkenean, behera bota dut. Heldu budrierreko beste zinta bati, eta… Berdina!
Kakuendios!- eta behera bota dut hau ere, nahita.
Azkenean txapatu eta egin dut aurrera, baina nahikoa nekatuta noa.
Plataformara iritsi eta arnasa hartu dut. Gero, "Riglos" deitzen diogun horretatik gora egin dut. Heldulekuak onak dira, baina pareta bertikala, eta nekea handia. Zulo batean, 4 arrautza ikusi ditut, txoriren batenak. Biaren behealdean ez dago batere oharrik, eta komentatu dugu igual abandonatuta egongo direla. Azkenean iritsi naiz gora. Katea eta behera.
Apolo doa. Horko buf eta baf. Hasierako jarduna ere isildu zaio, nekea areagotu ahala, baina ondo egin du bia.
Mutua lotu eta igotzen hasi da. Ba omen dira 7 hilabete eskalatu zuen azkeneko alditik, baina ez du ematen. Euliak paretan nola, halaxe pegatzen da eta gozatu ederra da erraz eta elegante igotzen ikustea. Begira, begira bideoan! (egin klik hemen)
Bukatutakoan, eguzki aldera begiratu dugu. "Sagardo" hor dago (6a+)… Aurretik, ordea, Puti-putiren azpian jarri eta lehengo kontuez akordatu gara. Bia motza da, baina heldulekuak jakin ezean kostatu egiten dena. Di-da batean egin diagu Apolok eta biok. 6a omen da. Guztiak hain errazak balira… Ezin da, ordea, egin berri dugun "Keixpin"-ekin konparatu.
Kinto!
Notepases! Dekotatzia ondo ziok, baƱa…
"Sagardo"-ri begiratu eta dudetan nago neu joan lehenengo, baina akordatu naiz hemen izan nintzen azkeneko aldian erori eta kolpe ederra hartu nuela. Onena izango da Mutuari uztea.
Hik beirau pasuak nola dian ta memorizau.
Dana memorizatziakin konponduko balitz…
Mutuak ondo igo du. Nekatu ere ez dela egiten ematen du. Erraz eta elegante; Apolok eta biok, berriz, kostata eta baldar. Baina, beno, hurrengorako konfiantza gehiago daukagu… Betiko ondoriora iritsi gara:
Hamar kilo gutxiyokin ta lokalian gortuta…
Motxilen ondora joan gara, ura edatera.
Ta? Oain?
Tetxoen azpialdera eraman gaitu Mutuak, hango bia bat egitera: "Azpeitiarrak" (6a+). Bertikala da oso eta behetik heldulekuak oso-oso txikiak ikusten dira. Mutua igo da, flamante-flamante. Gero, Apolo saiatu da. Kauendiosak entzungo zituzten, seguru, Loiolan ere… Atzetik ni. Eginahalak egin eta ezin, eta egindakoan ahal bezala, baina librean ez… Beti utzi behar da zerbait hurrengorako, ezta?
Mutua animoak ematen saiatu da. "Hurrengoan seguru egingo duzuela", "Honelako bietan ere sufritu beharra dago gradoan gora egiteko"… Gora gu! Animo gehiago emateko eta guri morala igotzeko, hankahutsik igo du…
Zortziak dira, bueltatzeko ordua. Puntukako karneta, gidatzekoa, uztailean jarriko da martxan, baina Apolorena lehenago: etxera bueltatu beharra dauka, asko kenduko ez badizkiote…
Igande arratsalde ederra pasatu dugu. Eskalatu, barre egin eta ondo pasatu. Taberna zuloan musean baino hobeto. Hori bai: amaierarako zerbeza hotz bana izan bagenu…

Plaizalia on 22 eka 2006 at 23:08 #
Gero eta gehio ari zerate gortzen!! Eta non dao ba kantera dalako hori??? Basoko bide horrek elegantia ematen du behintzat!
Jai arratsaldian plaiko giro earra egon zan, taberna zuluan sartu gabe ere. Eta galdera inportantia: mutua baldin bada ona, zein da itxusia eta zein txarra??
xagardo on 23 eka 2006 at 4:41 #
la vieja guardia…..
Larregi on 26 eka 2006 at 1:10 #
Azpeitiko Kantera Izarraitz mendian dago, Loiolaren parean edo. Gertuago dago Azkoititik Azpeititik baino. Hara joateko, Xoxoterako pista hartu behar da, eta azkeneko baserriaren ondoren aparkatu autoa. Handik, oinez, 15 bat minutu daude, lehenengo pista batetik, gero bide batetik. Oso leku polita da, eta makina bat azpeitiar eta azkoitiarrek ikasi dute han eskalatzen, baita gortzen ere.
Mutua ona baldin bada, beste biok, Apolo eta Larregi, itsusia eta gaiztoa, baina zein den zein… Gu pixka bat ezagutuz gero, erraz asko erantzungo zenuke, baina nola eskalatzen dugun jakin gabe ere bai…
mutua on 29 eka 2006 at 8:58 #
El feo etzakiat baina el malo zea txuk,or bla bla bla ahoa zabal zabal izanik juten txuken hoiek.Kaso putik ez,bapo ari zeate ta,badakizue ezana:
GALTZEN DEN BORROKA BAKARRA USTEN DENA OMEN DA,eskaladan ere ala da.Eutzi gohiari,dena bere garaian izango da ta.Ea berriz noiz joaten garen….