Aiztondo: ze ondo!

Aiztondoko pareta Uharte Arakilen dago, Beriainen aurrez aurre, Aralarko San Migelen oinetan. Ikusi nuen lehen aldian Txindokiko paretaren tankera hartu nion, bai haitzaren itxuran, baita altueran ere, baina badago alde nabarmen bat: Txindokikora iristeko ordubete pasako ibilaldia egin beharra dago Larraiztik, aldapan gora; hemen, autotik jaitsi eta bost minututan arnesa janzten ari zara.

Aspaldian ez ginen etorri Aiztondora eta baneukan gogoa. Duela bi urte deskubritu genuen eta garai batean sarri etortzen ginen, hainbat arrazoirengatik: iristeko erraza, gradu "baxu"-ko biak nagusi, luze batzuetako biak egiteko aukera, 100 metroko pareta, ekipamendu ona… Gero, azkenerako, ordea, aspertu egin ginen, eta, gainera, konturatu ginen hemengo 5c-ek ez zeukatela zerikusirik OƱatikoekin, edo Santa Barbarakoekin, adibidez. Beno, baina aspaldiko partez gozatzera eta gortzera joan ginen Aiztondora joan den larunbatean.

Goiz irten eta goiz bueltatu, horixe dugu asmoa aspaldian, eta 06:30ean geratu ginen, Pulpon. Pagozelain geratu ginen, ohiko kafea hartzeko eta Apolok komuneko buelta egiteko. Garbitzailea ari zen lanean komunean.

Sartu al leike?

Hemen ez. Jun horrea.

Eta minusbaliatuen komunera bidali zuen. Txistea eginda zegoen…

Zortzietarako paretaren azpialdean geunden. Zer bia egin ere hitz eginda geneukan: "Esto es Chamonix" (100 m: 5c, 5b, 5c eta 6a+) eta "Alde hemendik" (60 m: 5a, 6a+). Txamonix lehendik ere egina geneukan eta akordatzen ginen zerbait, baina nahi genuen ikusi ea orain lehen baino errazago igotzen genuen. "Alde hemendik", berriz, oso jende gutxik egiten du Aiztondon eta guk ere ez geneukan eginda (Aiztondoko krokisa hemen, Nafarroako eskaladen liburutik hartua).

Apolo hasi zen igotzen eta lehen bi luzeak bakarrean egin zituen, 50 m pasatxo. karrean 60 m-ko bi sokarekin joan ginen, gero jaitsi ere azkarrago egiteko. Asmoa geneukan beste bi luzeak ere (3.a eta 4.a) bakarrean egiteko, baina azkenean bi luzetan egitea erabaki nuen, sokak errozamendu handia zeukalako. 3 luzea oso polita da, kanal batean gora, kobatxo baten azpira.

Azkeneko luzea (zailena) Apolori utzi nion, ondo egin eta morala igotzeko, aspaldian premian zebilen eta. Hasi zen gora, gora, tiki-taka, tiki-taka eta elegante egin zuen bukaerako plaka ederra.

Ni ere gora igo, elkarri bostekoa eman eta jaisten hasi ginen. Bi rapeletan behean ginen, berriz ere eskalatzeko prest.

Beste bia "Alde hemendik" zen, bi luzekoa. Bia horretara iristeko aurretik beste luze bat egin beharra dago, 5c-koa edo 6a-koa, aukeran. Azkenekoa aukeratu genuen, baina ez genuen aurkitu zailtasun horretako pasorik. Igerri-igerri Aiztondon gaudela.

Bilgunetik aurrera jarraitu nuen, "Alde hemendik"-en lehen luzean (5a).

Zuhaitz artetik, han behean, Apolo zegoen, eta laster igo zen niregana, bilgunera. 2. luzeak ederra zirudien, aurrealdeko plakak eta batez ere amaierako desplomeak.

Poliki-poliki, Apolok ederki egin zuen. Bilgunera iritsi zen. Nire txanda. Gora nindoala…

Hemendik kristoren argazkia ziok, elegantia.

Ta zeatik eztek ekarri, ba, kamara?

Behetik desplomeak zaila ematen zuen, baina bazegoen nahikoa helduleku. Hankak ondo jarriz gero, ondo egiten da. Bilgunera iritsi eta biok pozik.

Gora gu ta gutarrak! In diu noain’e zumaiarrak!

Egattuk makalak! Gortu!

Bi rapeletan berriz ere behean ginen, eta laster autobidea hartuta Zumaian, gustura, larunbat goizean ondo gortu genuelako.

Trackback URI | Comments RSS

Leave a Reply

Bad Behavior has blocked 4 access attempts in the last 7 days.