Herri baten sustraiak
Lehengo astean, Ahizpa Handia igotzen ari ginela Ahizpa Txikian eskalatzen ari zirenei begiratzen genien. Komentatu genuen polita litzatekeela hurrengo astean Ahizpa Txikira joatea eta handik Handiari begiratzea. Esan eta egin, eguraldiak ia-ia utzi ez badigu ere!
Euskal Jaiaren ondorena da Zumaian, larunbat goiza, 07:00. Apolo Amaiako plazara etorri zait bila eta beldurtuta geratu da Marinaren kanpoaldean zer dagoen.
Zalantzan gaude eguraldiak lagunduko al duen. Lainotuta dago, baina Irurtzun aldera egin dugu gaurkoan ere: ona baldin badago, Ahizpa Txikiko Herri baten sustraiak (6a+, 90 m) egitera; segurua ez baldin bada, berriz, Plataforman geratu gara, 6b-ko biekin borrokan.
Kafea hartzeko Pagozelain geratu garenean eguraldiak ez zeukan itxura onik, baina Don Optimok esan du eutsiko diola. Iritsi gara Irurtzuna, autotik irten eta lehenengo begirada beti Ahizpa Handira da.
Hemen behetik, benetan inpresionantea da.
Trasteak hartu eta bagoaz, tunelaren eskuinaldetik, Los tres mosqueteros bia egitera (6a, 50 m), handik Zezen plaza izenekora iritsi eta Herri baten sustraiak hasteko. Berez, bi sokaldiko bia da, baina bakarrean ere ondo egiten da. Plaka batean gora da, hasieran nahikoa etzana, gero bertikalagoa, eta oso ondo aseguratuta.
Goiko bilgunean harriak eta lurra nahikoa suelto.
Klaudio ta Peloia ekarri beharko dixkiu, hau txukuntzea!
Zezen plazara iritsi gara. Harrigarria da honelako leku bertikal batean honelako plaza horizontala aurkitzea. Iritsi naiz Apoloren parera eta gora doa laster, Herri baten sustraiak-en lehen sokaldian.
Ez da oso zaila (5c), baina bai bertikala, eta "tira" egiten du behera.
Lehenengo bi sokaldiak bakarrean egin ditugu (50 m) eta han goian ikusten dut. Berak ni ere bai, eta argazkiak atera dizkiogu elkarri.
Igo dut lehen sokaldia eta ailegatu naiz Apolorengana. Haizea dabil, eta euria ere ez da oso urruti. Apunta hau: Apolo hotzak dago! Sinestezina! Eskerrak nik txalekoa ekarri dudan! Bilgunearen goialdean doaz espitak eta plakak oso itxura polita dauka.Trasteak txukundu, motxila bilgunean utzi eta banoa.
Uste baino errazago egin dut, eta hurrengo bilgunera iritsi naiz. Argazkiak.
Lekunberri aldera begiratu dut eta euri lainoak dira han. Honantz datoz. Kezka daukat, ea ateri eutsiko dion eta bia behar bezala bukatzea izango dugun, eta pareta bustiz gero zer… Hemendik jaistea… Ummmmmm, zaila ez, baina rapel asko. Apolo badator, gustura.
Earra, Xabier!
Moitu ai, euriya dator eta!
Hi, ingo al dek hurrengoa? Eske nomenkuentro!
6a+-eko paso bat dauka, baina orain artekoak ikusita, ez dago zertan ikaratu. Irten naiz bilgunetik ezkerraldera, igo gora eta konturatzerako azkeneko bilgunean nago.
Euri tantak hasi ditu, baina orain lasaiago nago. Egin dezala nahi badu!
Apolo badator eta bilgunetik gora bidali dut, tontorraldera.
Hara iritsi naizenean, eskua eman diogu elkarri. Hamaikak. Ordu ederra hamaiketakoa egiteko!
Oraindik ez dugu ezer sinatu Riojanoarekin, baina horretan ari gara eta tartea utzi behar diogu gure babesle izango denari.
Haizea dabil eta euri tantek jarraitzen dute. Sakana aldea lainotuta; Iruñean, berriz, garbi dago. Ahizpa Handiari begiratzen diogu. Patxi Berrio biako tetxoetako irteera nondik izan daitekeen…
Tontorretik behera egin dugu, hasieran aldapa handi batean, belardi malkartsu batetik, gero basoan.
Hau bai jaitsiera, eta ez lehengo astekoa. Eguerdiko ordu batean Inpernupen gara, dutxatuta!
Egattuk makalak!
