Mariantonaitzen Gortu
Asteburu honetan ez dugu gortu eta bestelako zerbait jarri behar hemen, "artxibo"-tik aterata.
Duela bi urte pasatxo bia bat zabaldu genuen Mariantonaitzen eta "Gortu!" izena jarri genion. Ez dut uste askok igo dutenik, igual ez delako oso ezaguna, edo behealdetik errespetu handia sorrarazten duelako, baina artikulu honen bidez probatzera gonbidatu nahi zaituztet: Mariantonaitzen "Gortu!".
Garai hartan, duela bi urte, zerbait idatzi nuen igoeraz, eta hemen daukazue zati bat, hitzez hitz kopiatuta. Amaieran beste ohar batzuk ere jarri ditugu.
Hona hemen kontakizuna:
"Halako batean, paretaren behealdean dagoen harri txapaletik gora begiratu eta bia berri bat marraztu genuen begiradarekin: hemendik zuzen, eta han fisuran, elkargunea; gero, eskuinaldera irten eta plakatik jarraitu, fisura harrapatu eta gora irten.
Bai, motel!
Eta hurrengo egunetan duela hogei urte hainbeste aldiz egindakoa errepikatu genuen: goitik rapelatzen jaitsi eta bia garbitu; batek aseguratu eta besteak probatu, eta egitea zegoela egiaztatutakoan, seguruak non jarri erabaki: hemen kimikoa, hemen klabija… Gero, ez dakit zenbat joan-etorri, lehenengo jostailua zirudien taladro txikiarekin (egunean zulo bat egiten genuen!); gero, Kakok utzi zigun hilti handi ederrarekin; espitak eta kimikoak sartu (eskerrik asko, Gofix), eta dena prest lehen igoerarako… Ordurako, izena ere erabakita geneukan: "Gortu!". Guretzat, koadrilan, gortzea da zailtasunari aurre egitea, hortzak estutu eta aurrera egitea…
Abuztuaren 16an hondartza gainean elkartu ginen. Ura goian zegoen eta Talaimenditik jaistea erabaki genuen.
Paretaren goialdera joan eta rapelatzen jaisteko asmotan ginen, bloke horizontalaren ondotik, baina beldurtu egin ginen: inoiz baino inklinatuago iruditu zitzaigun… Horregatik, brankada beltzetik jaitsi ginen…
Paretaren azpian jarri eta…
Hik o nik?
Eta neu hasi nintzen.
Lehen sokaldia erraz samarra da, plakan, adherentzian, baina erne ibili behar, seguruak (bi kimiko eta espita) nahikoa urruti baitaude elkarrengandik…
Erraza, baina errespetu galanta; buruari ez zaio utzi behar lan egiten; bestela, hasten baldin bazara "Hemendik eroriz gero, 10 metroko bueloa…", malo! Elkargunean bi kimiko daude. Sokaldia 25 metro ingurukoa da.
Apolo erraz igo zen, atzetik, eta animoso zegoen bigarren luzea hasteko. Hasi zen, iritsi zen lehen espitera…
…baina ezin aurrera egin.
Egia esan, pauso alua da, fina bezain polita. EzkerĀ-eskuin saiatu eta ezin.
Lehen aldia zen probatzen zuena, eta igarri. Nik, berriz, lehendik ere egina neukan, biak nondik joatea zeukan probatzean, eta igo nuen.
Apolok argazki batzuk ere atera zizkidan. "Palaposteriodidad!". Behin plakatik fisura harrapatuta, erraz gora.
3 kimiko eta espita daude, 20 metroan, eta goiko fisuran fisurero edo friend ertainak sartzea dago; elkargunean, berriz, bi kimiko daude. Atzetik Apolo etorri zen, eta berekin batera euria. Eskua eman genion elkarri, "Egattuk makalak!" esanda, eta rapelatu egin genuen, euritan. Berdin zitzaigun bustitzea!".
Horra bitartekoak duela bi urte idatzitakoak, eta hemen daukazue orduan marraztutako krokisa:
Beste pare bat kontu ere aipatu nahi nituzke, ordea.
- Nahikoa seguru badaude: ondoko biekin alderatuta, ikusiko duzue "Gortu!"-k seguru gutxiago dauzkala. Ez da kasualitatea. 2 metrotik 2 metrora seguruak nahi izanez gero, hor daude alboan beste dozena erdi bia, ezker-eskuin, eta horietara joan.
- Guk dagkigula, zarauztar batzuek igo zuten, eta esan ziguten guk proposatutako V+ baino zerbait gehiago izango dela, agian 6a. Zuek esango diguzue. A! Eta lantxo batzuk badauzkagu, bia honetan egiteko: 1) Lehen sokaldian, agian komeni da espit edo kimikoren bat sartzea azken partean; zuloa eginda dago 2) Zarauztarrek esan zigutenez, 2. bilguneko seguru bat mugitu egiten da; ikusi egin beharko, ea hala den.
Hona hemen nola bukatzen zen duela bi urteko kontakizuna: "Behera iritsitakoan, egindako bideari begiratu genion. Berehala hasi ginen: Hi, hor elkargunetik ezkerraldera hartuta, eta goiko laja haren gainetik, bazeok bia irekitzea… Baina, tira, oraindik proiektua besterik ez da… ". Proiektua izaten jarraitzen du; oraindik zain dago, zeinek igoko.








Gorka on 24 urt 2007 at 12:45 #
Hemen zumaiarrak!!!
Sustatun begira ari nintzela…
txapatuzak web orria egiten zuena naiz, Gorka, eta orain dela urte batzuk Imanolekin email batzuk trukatu nituen joxemiteren inguruan. Azkenaldian gure web-a ez dugu batere berritu. Eskalatzen jarraitzen dut ( inguruko gehienek utzi dute), baina web-a berritzeko motibazioa falta zait.
Gortu bideari dagokionez, guk egingo genuen lehenengo errepikapena. Bertako eskaladan buru belarri ibiltzen ginenean. Bai, guretzako garai hartan zertxobait gehiago zen V+ baino, baina tira ez ginen inpresio horrekin bakarrik geratu. Seguruen arteko distantziak, plakak eta goiko fisurek gozatuarazi gintuzten gehien. Bide ederra zela gogoratzen naiz. Bideon grabatua dugu gainera.
Kimikoari dagokionez, bai, goiko bilerako kimikoa mugitu egiten zen. Azkenaldiz mariantonaitzen izan nintzenean, lagun batekin izan nintzen, horma garbitzen. Pena ematen zidan bere egoerak. Asko da ez naizela bertara joan baina dudarik gabe, mariantonaitz izango da gure hasieretako eskola, markatu gintuena. Eta hain zuzen zumaian egon behar!
Ondo izan eta ea zuen berri gehiago dudan.