Etxaurin bigundu

Aste osoa asteburuari begira pasa dugu, eta eguraldi ona egingo zuen segurantziarik ez. Asteazkenetik hasi ginen pentsatzen nora joan larunbatean: Hermanas? Egino? Urresteiko Sur Klasika? Ziordiako espoloia? Halako batean, Apoloren mezua: Mutua ere animatuko zela, baina larunbatean ezin zuela eta igandean bai; Ziordiakoa, ordea, bi aldiz eginda zeukala eta ez zuela nahi hirugarren aldiz egin; Bale. Igandean eta Hermanaseko Plataformara, orduan.

Larunbat goizean saltaka egitera joan eta etxera noala, zein ikusiko Marinaren kanpoaldean?

Joder, Mutu, noaine hemen?

Bai, etxea jun behar diat lanea.

Etxea? Nik beti hamen ikuste haut eta!

Eguerdian, Olagarro Egunaren giroan, Mutuarekin elkartu naiz. Joseberekin geldituta dagoela biharko, baina bederatzietan. Beno, nora joan guri ez zaigu hainbeste inporta, baina goiz mugitzea inportantea da, garaiz egiteko buelta. Apolo eta biok zazpietan geratu gara. Gauean Mutuaren deia. Zortzietan geratu da Joseberekin, eta mobilla ere hartuko du, bazpanere.

Plataforman?

Bai, Hermanasen.

Igande goizeko zazpietan olagarrorik ez, baina gaupaseroak lepo Marinaren kanpoaldean. Apolo etorri zait bila eta Arranpla parean geratu da. Beldurtuta dago.

Atrebitu in behar dek kotxiakin hor aurrealdetik pasatzen;

Lurra bustita dago eta gu bai beldurrez abiatu garela, alferrikako bidaia ez ote dugun egingo. Bidean goazela ere euria ari du.

Hartuko huan kamara, ezta?

Nik ez.

Ba nik ere ez!

Beraz, gaurkoan argazkirik ez!

Pagozelain parada, kafea hartzeko.

Komunera nitxiak -dio Apolok, nobedadea balitz bezala.

Erlojuari begiratu diot. Lehen bost minutuak dendako aldizkariei begira pasa ditut, baina aspertu egin naiz. Hamar minutu geroago, Apolo dator, joatean baino lasaiago.

Earra lasaitua, Xabier!

Lekunberri aldetik beltz ikusten da zerua eta Irurtzuna iritsitakoan aurrera egitea erabaki dugu, Etxauri aldera. Mutuari mezua bidali diogu: “Etxauriko Garrafoira “, eta deitu ere bai, baina ez du telefonoa hartzen.

20 minutuan Etxaurin gaude, aparkalekuan. Lurra bustita dago, baina goialdean pareta lehorra ikusten da. Etxaurin lehen ere, aspaldi, izanak gara, baina Garrafoi izeneko sektorean ez. Aparkalekutik han goian ikusten da, eta eskalatzeko esperantza handirik gabe (tarteka euri-tantak erortzen dira), bidean gora hasi gara. Pistatik gora eginda, harrobi batean azaldu gara.

Hamendik eztek!

Beste bide batetik joan eta beste harrobi batera.

Hamendik ere eztek!

Harrobi horren ondotik bidexka bat doa ezkerraldera, eta handik jarraitu dugu, Garrafoi izenekora iritsi arte.

Oso pareta polita da, kareharri grisezkoa, bertikala eta garbia, 25 metro ingurukoa. Mutuari deitu diogu berriz ere. Alferrik, ez baitu hartzen telefonoa.

Kabroi hau ohian eongo dek, lo!

Seguru!

Haitza lehorra dago eta eskalatzeko prestatu gara. “Euskalarria” atera eta 5c-ko bia bat aukeratu dugu, hemengo errazena.

Hasi naiz igotzen eta arraro sumatu dut neure burua. Aspaldian ibili gabe, gogortuta nago. Banoa pixkanaka goialdera, baina besoak gogor-gogor geratu zaizkit segituan, petatuta. Morala ere baxu samar. 5c batean honela ibili beharra!

Apolori esan diot heltzeko, sokatik zintzilik deskantsatzeko.

Hi, seguru hemendik dala? Ez dek izango eskubikua? -goialdean etzanagoa ikusten baita eskuinaldeko bia.

Liburuan begiratu du.

Ez, hau dala emateik

Jarraitu dut goialdera. Azkeneko pasoak oso gogorra ematen du, baina ez da hain zaila izan: azkar eta elegante egin dut, zintari helduta.

Behera!

Apolo prestatu eta badoa gora.

Uffff… Affff… Uffff… Affff… Hau ez dek 5c, eo gradua hemen gorra ziok, Xabier.

Hi bai haola biuna! Segizak gora!

Ailegatu da halako batean.

Hamen maila jatxi beharra ziok, Xabier. Lenengo, 5c-ko bia asko in, kontsolidatzeko…

Tantak ari dira, eta ez dugu nahi beste bia luze batean sartu. Paretaren eskuinaldean badaude 6a-ko motz batzuk, 10 metrokoak, eta hara joan gara. Behetik begiratu eta txapa zaharrak ikusi ditugu, eta deskuelgea alanbre herdoildu batekin. Etxera joatea erabaki dugu. Bidean behera, marmarrean jardun dugu, Mutua gora eta behera… Jaitsi gara aparkalekura eta zer aurkituko? Mutuaren kotxea!

Hau… Hau…

Ta nun ziok, ba?

Izan ere, aparkaleku horretatik Garrafoira bakarrik joatea dago. Mutuari deitu dio Apolok eta Arrik hartu dio, azkenean. Etxean utzi omen du mobilla, ahaztuta, baina joan omen da goizean goiz.

Babua!

Hau beste bide batetik jun dek, gu jexten giñañ bitartian.

Eztarria airez bete-bete egin eta Etxaurin lotan zeuden guztiak esnatu ditugu:

Muuuuuuuuuutttttuuuuuuuuuuuuuu!

Erantzunik ez.

Muuuuuuuuuutttttuuuuuuuuuuuuuu!

Pentsatu dugu Joseberekin igo bada bale, baina igual bakarrik etorriko zela, eta gure bila ibiliko dela. Esan diot Apolori berriz ere igoko naizela, ea han dauden begiratzera.

Bidean 5 minutu ere ez ditut egin, eta telefonoa. Apolo da. Mezua: “Ta? “. Ez diot erantzun, oraindik asko falta zait eta.

Iritsi naiz gora eta hara non dauden Mutua eta Josebe. Guk pentsatu bezala, beste bide batetik igo dira, erdi galduta. Eskalatzeko prestatzen ari dira. Apolori deitu diot. Mutuak dio ea zergatik ez garen berriz ere igotzen. Baina Apolok arrazoi du: hamaikak jota dira eta ez daukagu denbora askorik.

Mutuari partea eman diot, zer egin dugun.

Horko hori in dezuela? Hori ez dek 5c; 6a dek. 5c eskubikua dek.

Bale, poz txikia hartuko du Apolok, jakiten duenean.

Han utzi ditut eta behera jaitsi naiz. Apolok bisita izan du. Kotxetik aparte zegoenean, kotxe bat etorri da eta gureen ondoan aparkatu du, baina ikusi duenean Apolo han zegoela martxa egin du. Etxaurik oso fama txarra dauka, lapurreta asko egiten dituztelako.

Euskalarria n begiratu eta ikusi dugu 6a+ ko bian ibili garela.

Noain bai, noain ulertzen diat. Normala, gu horrela ibiltzia!

Bagatoz bueltan Zumaiara, musika topera jarrita.

Gehiago gortu beharra zeok, Xabier.

Bai horixe, Joxean. Bihar zer, saltaka itera edo lokalea?

One Response to “Etxaurin bigundu”

  1. Apolo on 18 ira 2006 at 5:05 #

    Olarru eguna pasata normala dek biunduta ibiltzia, ezta?

Trackback URI | Comments RSS

Leave a Reply

Bad Behavior has blocked 4 access attempts in the last 7 days.