Amets eder bat: Atxarte
Gaurkoan Marinan geratu gara, zortzietan, normalean baino beranduago, egunak ere geroago argitzen baitu (e, Txafla?), eta kafea hartzeko ere bai, gaur ez baikoaz Nafarroa aldera, Bizkaia aldera baizik.
Apolo zain dago, barran, atzoko ezkontzetatik geratzen diren "hondarrei" begira eta haien txorakeriekin barrez.
Ateki? Ze hartzen? Hutsa?
Mutuaren txokora begiratu dut. Orain hutsik dago, baina atzo goizean ere hantxe zegoen, periodikoa irakurri bitartean gosaltzen. Galdetu nion, ba, gaur joango ginen, baina oraindik etxeko obrak ez omen ditu bukatu eta…
Pentsatzen hasita nitxiok Mutuak ez dula nahi gurekin jun…
Beretzat kalte!
Autoan sartu eta autopista hartu dugu. Durangon irten eta Abadiño pasata Atxarten sartu gara. Hango tabernatik pasatzean beste garai batzuk gogoan: asteburu pasa etortzen ginenekoak, Laguarra…
Konturatzerako, iritsi gara Eguzkiarre edo Labargorri izenekoaren azpira. Autoa aparkatu eta goraka begiratu dugu.
Berdin-berdin jarraitzen dik, Xabier.
Aldapa gora egin eta iritsi gara paretaren behealdera. Di-da batean, erabaki dugu zer egin: "Esoterica"-tik sartu eta lehen sokaldia egin; hortik ezkerraldera hartu "Amadeo-Peque"-tik eta bigarren bilgunera iritsi; behera jaitsi eta "Maria" egin. Ikusi hemen krokisa, Todescalada.net-etik hartua.
Urrutian, espoloiak elegante ikusten dira.
"Esoterica"-ren lehen sokaldia erraz samarra da. Bertikala bai, baina helduleku onekin. 6a-ko paso bat dauka, alu samarra, eskuinaldera, baina A0-n ere egitea badago. Ezetz asmatu nola egin dudan? Konturatzerako, bilgunean naiz eta Apolo badator.
Hi, segiko al dek hik?
Bamotel!
Materiala pasatu dit eta banoa. Plakatik ezkerraldera doa gure bia, zulo batzuetatik. Eskuinaldean, "Cocaina flash" mitikoa.
Oyes! Gero kokaina hori probatu behar diu, e?
Bamotel!
Aparteko zailtasunik ez du "Amadeo-Peque"-k, librean egiteko modukoa da, polita.
Bilgunetik, eskuinaldera joan gara, trabesia errazean, "Cocaina flash"-aren parera iritsi arte. Handik rapelean jaitsi eta bia ikusteko aprobetxatu dugu. Lehengo bilgunean elkartu gara.
Esan beharra zegok, Xabier, hau oso-oso lisoa dala. Kazula, kazula!!
Baña saiauko gattuk, ezta?
Bamotel! Neu jungo nauk lenengo, gañea!
Hau bai nobedadea! Largorik zailenean, Apolo lehenengo joateko eskatzen? Horrelakorik aspaldian! Autoestimua lantzeko ikastaroa egingo zuen, nonbait, Seminarioan!
Hasi da Apolo gora eta gora. Postura ederrean, gañea!
Hori dek bizikletea!
Ixildu hai eta al loro, erori in ber nauk eta!
Pasorik zailenaren azpialdera iritsita, pixka bat heltzeko agindu dit, deskantsatzeko.
Hi, eon hai, argazkiya ateratzeko.
Ze argazki ta ze ostia! Al loro!
Eskuak magnesio-poltsan sartu, fededunak gurutzeari heltzen dion bezala, eta badoa. Eta egin, gainera!
Ez hax makala!!!
Buffff!!!!!
Nire txanda. Hasieran hor nonbait, baina gero…
Nun ostia heldu dek hamen?
Tirriki-tarraka, ahal dugun libreen, baina iritsi gara bilgunera. Bostekoa elkarri eta behera.
Ta noain? "Maria"-ra jungo al gattuk?
"Maria"-n jendea dago.
Ezkerralderagoko bia bat hartu dugu, "Filibusteros" izenekoa. Lehen ere eginak gara, duela hogei bat urte. Lehen luzea neuk egin dut eta bigarrenean Apolo doa gora. Fuerte dago mutila, gero!!!
Bilgunera iritsi eta behera egin dugu. Gaurkoz nahikoa, e? 5 sokaldi goiz baterako, non eta Atxarten…
Begiak zabaldu baino lehen, burua martxan jarri da: gaur jaieguna da, Kilometroak Oiartzunen. Hara goaz egunpasa familian, baina aurretik lokalera joatekotan geratu nintzen atzo Apolorekin, pixka bat gortzera. Jaiki, gosaldu eta egunkarien bila jaitsi naiz. Atzo Zakila Bira korritu eta hankak gogortuta dauzkat. Etxera bueltatu eta 08:30ean mezua Apolori, lokalera noala esateko. Han elkartuta, gortu eta gortu arteko tarteetan, hizketaldia.
Aste honetan ere ez gattuk jun gortzea. Zeozer jarri beharko diu, ba, "Gortu"-n, gezurra badare…
Bonbila piztu da. Benetan gertatu ez den zerbait kontatuko dut, amets eder bat Atxarten, eta lehengo argazki batzuekin egia itxura emango diot. Beraz, horra egia: orain arte kontutako gehiena, ohean esnatu bitarteko ia guztia, ez da egia edo gertatua. Guk bai, imajinazioa… Baina benetakoa ematen zuen, ezta?
Bukatzeko, hiru ohar baino ez:
- Den-dena ez zen ametsa, e? Horko gehienak egin genituen, "Cocaina flash" izan ezik, eta argazkiak horren adierazgarri. Iazko uztailean izan ginen.
- Inoiz han izan bazarete, jakingo duzue eguzkiak bete-betean jotzen duela goizean Eguzkiarre, eta arratsaldean itzala egoten dela. Espoloietan alderantziz: goizean itzala eta arratsaldean eguzkia. Gure argazkietan itzalean dago pareta…
- Egun horretan, goialdean zebiltzan pailazo desgraziatu batzuek harriak bota eta danba jo zidaten buruan. Ezer larririk ez: trongollo handia, punturik behar izan ez zuen ebaki txikia eta derrigor kaskoa erosi beharra zegoelako konbentzimendua. Kaskoa buruan eta ibili munduan!
