Gortu, Patxi!

Berez, nik ez nuen gaur idatzi behar hemen. Aspalditik nekien Salamancara joan beharko nuela asteburuan, Patxi bisitatzera, eta astearen hasieran esan nion Apolori nahi zuen bezala, baina larunbatean edo igandean eskalatzera joateko, hemen kronika jartzeko. Alferrik, ordea.

Plan polita neukan: larunbat eguerdian irten, Zamoran lo egin, Topasen Patxiri bisita egin eta Salamancatik pasata igande eguerdirako etxera, bazkaltzera.

Hi, nik ezin diat eta gortu zak hik, behintzat. Deituyok Mutuai.

Mutuai? Seguru trastiak eraman ta eraman aiko dala!

Nahekena, baña junai eskalatzea eta intzak Gortukoa.

Ostiral arratsaldea iritsi da eta Apolok ez dauka planik oraindik. Halako batean, enkarteladaren ondoren, Inpernupera etorri da.

Hi! Noaintxe eon nauk Txaflakin, ta bihar Riglosa dijoaztela. 6etan irten eta gabeako buelta!

Hoyek ttuk hortzak! A ze inbidia! Ta? Ba al hua?

Etzekiat. Tanteatu beharra zeok, Xabier.

420 km daude Zamorara. Eguerdiko 12:00etan irtenda han geunden 16:30ean, tartean geldialdia eginda. Arratsalde polita bota dugu: buelta bat eman, pelikula bat ikusi zineman, taberna batean afaldu eta ostalera, lotara. Arratsaldean, plaza nagusian zerbeza bat hartzen geundela, mezua bidali diot Apolori: "Zmz Moskitosen?". "Mosquitos" Riglosko bia bat da, Viserako errazena (krokisa ikusteko, egin klik hemen). Segituan iritsi zait erantzuna: "Bufff! Gogorregiya. Hurrenguan librian", eta barre egin dut. Seguru ez baneki Zumaian geratu dela eta ez dela joan, igual sinetsi egingo nion, baina goizean ikusi dut, Puntanueta aldean, autoan paseatzen, "Ikusi haut gaur goizian gortzen Alemanian". A! Eta Mutua ere ikusi nuen, bere etxe azpian, lokalaren parean, trasteak karreatzen. Kexa besterik ez du mutilak: ez dakit zenbatgarren bidaia duela, nazkatuta dagoela eskailerak gora eta behera…

Ta? Lagunak zertako zibek? Abixau besteik ez dakak!

Ba…

Hi, hurrenguan abisa!

Bai, bi urte barru abixauko dizuet.

Ez dakit eskalatzeko, baina mendirako ederki entrenatuko zen, hainbeste eskailera igo eta jaitsita.

Zamoran, igande goizean aparkaleku inguruko kafetegi batean gosaldu dugu. Telebista jarrita daukate. Pernando number one, ta Xumaker galtzaile. Ai ke joderse! Bibaespaña! Mahaitik zutitzera noala, nahi gabe txotx pila bat bota dut lurrera. Zer nabil, baldarra, atzo eta gaur:atzo arratsaldean, denda batera sartu eta mostradore aurretik pasatzean belarritako mordo bat bota nuen lurrera, nahi gabe; jasotzen hasi behar nuenean ia beste hainbeste bota nituen, poltsatik zintzilik neukan aterkiarekin; gero, zinemara gindoazela, txakur-kaka zapaldu nuen, berde-berdea eta bigun-biguna; afaltzeko esertzera gindoazela, txamarrarekin interruptorea nahi gabe ukituta, jangelako argiak itzali nituen… "No, tranquilo, has sido tú", kamarerak. Desastrea! Eskerrak ez nintzne eskalatzera joan, bestela haztuko zitzaidan zortzia arnesean sartzea edo korapiloa egitea…

Beno, irten Zamoratik eta kartzela 30 km-ra dago, Salamanca eta Zamora artean. Eguraldia zoragarria da: ezkerraldetik, urrezko bola gorria gora dator, behe lainoaren eta lautadaren gainetik, dena urretzen; eskuinaldean, berriz, ilargi bete-betea lotara doa, izara urdinaz estalita. Zoragarria. Patxirekin bisita izan dugu 40′-an, eta errepasatu dugu dena: lagunak nola dabiltzan, ele-meleak, Zumaiako kontuak, egoera politikoa… Kontatu dizkiot eskalatzeko kontuak, eta galdetu dit ea oraindik joaten garen Itzurungo eskuinaldera. Ederki akordatzne da. Bat-batean eta abisatu gabe, moztu egiten dute komunikazioa: telefonoa argindarrik gabe geratzen da eta elkar ikusi bai, baina ez dugu ezer ere entzuten. Gure eskuek bostekoa jo nahi dute, baina pare-parean egonagatik kristal lodia dago tartean:

Gortu, Patxi!

Bidean bueltan gatozela, paneletan mezuak daude etengabe autobidean: "Atención control de velocidad", "Mantenga la distancia de seguridad"… Bat ikusi dudanean bereziki akordatu naiz Txaflarekin: "Por favor, no pierda los puntos".

Pancorbo parean pasatzean, begirada nahi gabe joan zait ezkerraldeko paretetara eta bi lagun ikusi ditut eskalatzen. Eguerdia da, bero egiten du, baina nik ere ederki sufrituko nuela uste dut!

Asteburuan, beraz, eskalatu batere ez, baina gortu bai, beste era batera, eta pozik. Gortu, Patxi!

Trackback URI | Comments RSS

Leave a Reply

Bad Behavior has blocked 4 access attempts in the last 7 days.