Urresteiko Hegoaldeko Klasika

Azkenaldian kaskagortuta nenbilen, hau egin behar genuela eta hau egin behar genuela, baina bat zela eta bestea zela, beti plana aldatu egiten genuen azken orduan, eta ni Urresteiko hegoaldeko Klasiko hau egiteko gogoarekin… Larunbatean joan eta egin genuen, pozik!

Lehendik ere eginda neukan, Peloiarekin, orain dela 10-12 urte, baina ezer gutxi neukan gogoan: aldapa handi eta pikea igo behar zela; bia gogorra zela, baina ederra; eta goitik rapelatu egin behar zela, han ibili baikinen, soka kateatuta, behetik ezin jasorik.

Nire oroimenean konfiantza bai, baina badaezpada ere biari buruzko informazioa lortu genuen hemen. Baina aparkalekutik gora, aldapan, hasi gara pentsatzen igual ez dela oso fidagarria: 15’-20’ markatzen ditu, eta guk ordu erdi pasa beharko dugu.

Bidean, askotan geratu gara, hauspoa berotu egiten zaigulako, baina batez ere inguruko paisaiari begiratzeko: eguzkia irteten ari da eta haitz grisa gorritzen ari da Eguzkiarre aldean.

Zoragarria. Aitz-txiki eta Alluitz aldea, berriz, itzal ilunetan daude.

Gure pareta oraindik itzaletan dago, eta egon dadila luzaroan, ez baitugu nahi eguzki-labetan sartu.

Behera iritsi eta bia non hasten den lokalizatu dugu. Krokisari begiratu eta argi dago.

Trasteak atera bitartean, sorpresa.

Hi, nik ingo diat lenengua.

???

Apolo boluntario hasteko! Harrigarria benetan!

Bigarrena gorro dek, ezta?

Baneon, ba, ni!

4 m igo orduko hasten dira zailtasunak, 6a-ko paso bat baitauka, A0n erraz egitekoa.

Nahi duzuen arrazoia jarri: oraindik berotu gabe geundelako, katuhanken goma hotza zegoelako, tenperaturak ez zuelako laguntzen…, baina librean askorik saiatu gabe A0n egin dugu.

Gero, kanal antzeko batetik gora (IV, V) eta lehenengo bilgunea.

Gure aurrealdean 2. sokaldia, biako politena: bertikala, jarraia, zaila… Lehen artifizialean egiten zen erabat. Gaur egun librean ateratzea badago.

Guk, ordea, ez bata eta ez bestea, tartekoa: batzuetan librean (gutxi) eta besteetan A-0n (gehienetan), zerbaitetarako gortzen ditugu eta besoak lokalean.

Gora noala, saiatu naiz pare bat paso librean ateratzen, baina buf!, ez da erraza. Igarri-igarri aspaldian ez dugula eskalatu: buruak gehiago eta azkarrago egiten du lan gorputzak baino, eta erortzeko beldurra, ikara nagusitzen da, berez arrisku txikia dagoen lekuan.

Iritsi naiz 2. bilgunera. Apolo badator. Eusteko agindu dit.

Hola tentso ziok!

Ba, jaitsi egiten nauk! Beira!

Hori sokagatik dek! Ersoten dek soka berapenetan, ta geo txilia bezela!

Uste dut Apolo ni adina akordatu dela fifiarekin. Lehen, hain “garbiak ” ez ginenean, seguru gainean deskantsatzea bazegoen eta horretarako pieza aproposa zen fifia, arnesetik zintzilik, deskantsatzeko.

2. sokaldia eta bia osoa ondo ekipatuta daude, baina tartean, batez ere artifizialean doanarentzat, klabija “historikoak ” ere badaude.

Motxila bilgunean utzi eta badoa Apolo 3. sokaldian, lehenengo eskuinaldera, gero gora eta azkenik ezkerraldera.

Largo polita da, “Atxarteko tipikoa “, Apoloren hitzetan.

Gora iristean, hizketaldia:

Hi, kintotan nausi gattuk. Arraz! Hik uste eunen batian ingo diteula hola sestuak?

Bamotel! Dudipe!

Azken sokaldian, paso gogor bakara dago, bilgunearen gainaldean, eta erraz pasatu dugu.

Aristara iritsi eta bostekoa eman diogu elkarri.

Earra bia!

Goitik bista zoragarria da. Begira zeinen garbi ikusten diren Labargorri eta Eguzkiarre.

La Proa izenekoa, berriz, ederra ikusten da. Begiratu hutsarekin tortikulisa ematen du.

Zapatilak jantzi eta rapelatzeko tokira joan gara aristatik. Soka bota eta berehala jaitsi naiz behera, 30 metroko jaitsieran. Apolo ere bai.

Nik soka jaso bitartean, behera jarraitu du eta paretaren azpialdean elkartu gara berriz ere, beste motxilaren bila.

Paretara begiratu eta txapek dizdiz egiten dute, esanez bezala “Bueltatu hurrengoan, librean egitera “, eta neure buruari agindu diot baietz, bueltatuko naizela.

Aldapa behera goazela, jendea dator gora, hiru. 12:30ak dira, eta bero egiten du.

Noa dijuaz olki habek, iten dun beruakin?

Ez zaigu normala iruditu, baina beherago jarraituta, pentsatzen hasi gara igual gu garela anormalak, jende gehiago baitoa goraldera: mutil bat txakur batekin, bikote bat, beste bikote bat… Begira zein txikiak ikusten diren, aldapa gora doazela.

Goizean, parkinean, auto bakarra zegoen. Orain, berriz, dozenatik gora. Pentsatu dugu espoloietan egongo direla. Hurrengoan geuk ere hara joan beharko dugu, Urrestei parez pare ikusteko.

3 Responses to “Urresteiko Hegoaldeko Klasika”

  1. Iherrito on 17 urr 2006 at 7:27 #

    Zuek ze juten zeate Carballokin gortzea? Hori da argazki pila!

  2. Apolo on 17 urr 2006 at 22:22 #

    Duela urte asko han zebillen Carballo izeneko bat trabesiak egiten ibiltzen huan Urrestein.
    -Al loro que me voy!!-esaten zian.
    Honezkeo Gortu! esango dik.

  3. Larregi on 17 urr 2006 at 22:52 #

    Argazki asko? Ze iruitzen zazkik, gehiegi? Hiretzat propio jarri dizkiu ta!
    Jakin bazekiagu bi lerro segidan ikusi orduko atzera egiten dekela, irakurtzen nekatuko haizen beldurrez, ta horreatik jarri dizkiu argazki handi-handiak eta testu txiki-txikiak

Trackback URI | Comments RSS

Leave a Reply

Bad Behavior has blocked 4 access attempts in the last 7 days.