Otoio: ederra eskola!
Otoioren berri izan nuen Nahia lankideak paper bat eman zidanean.
Imanol! Begiratu hau. Lekeitioko eskola bat da. Polita ematen du.
Paperari begiratuta, jakin-mina piztu zitzaidan: kostaldean, itsasoaren bistan; kare-haitza; gure mailako biak… Interneten ere aurkitu nuen eskolaren berri (hemen).
Nahi baino geroago, baina azkenean joan gara Otoiora. Ederra eskola!
Goizeko zazpietan jendez beteta dago Marina, tartean jende ezaguna. Pentsatzen nuen igual aukera izango genuela kafea hartzeko, baina segituan baztertu dut ideia: atetik pasatu orduko "normalegiak" emango dugu gaupasa eginda daudenentzat.
Hi, goazen, ahal badeu hartuko diu kafia beste nonbaiten.
Apolok komentatu du inoiz baino jende gehiago dabilela kalean: parranda eginda, ehizara, mendira…
Ilun-ilun dago, eta Lekeitio bidean erraz doaz kilometroak: Itziar (eta Txitxarroko parkin betea), Deba, Mutriku, Ondarroa, Berriatua…
Autoa uzteko lekura iritsi eta oraindik ilun!
Ba al dakak linternaik?
Ilunpetan, asmatu dugu, gutxi gorabehera, eta bagoaz bidetik. Urrutira, Larrun eta Aiako Harrien artean, eguna urratzen ari da. Ikuskizun zoragarria. Honegatik bakarrik ere merezi zuen goiz jaikitzea.
Talaiara iritsi eta aurrera jarraitu dugu. Paperari begira ez dago galbiderik, eta segituan iritsi gara pareten azpira. Motxilak utzi eta behera jarraitu dugu, pareta osoa ikusteko.
Kriston aukera ziok hemen!
Inbidia galanta bai! Zumaian honen laurdena bagenu…
Argitasun gutxi dago. Eguna lainotuta dator eta hego-haizea dabil. Apolo kexu da, bidean Pagozelairik ez dagoela eta ezin izan dela libratu.
Junai hara, baña urrutira, e?
Bueltan datorrenerako prest nago, dena jantzita. Hasteko, 5b+-ko bia bat, "Ezinin". Ondo egin dugu, tamaina hartzeko eskolari, batez ere jakiteko nola dabilen gradua hemen.
Earra haitza! Santa Barbararen tankera bazeukak, e?
Baña agarriak ez zibek hain gastauta.
Sokari tira dio, jaisteko.
Kontuz!
Ze?
Danba, sokaren muturrarekin, begian. Hasieran beldurtu egin naiz, begia handitzen sumatzen nuelako, baina begia uraz busti eta ez dirudi ezer denik. Eskalatzen jarraitzeko moduan gara.
Ondoan beste bia bat dago, 5c-koa, "Erretz" izenekoa. Baina gora noala itxura hobea hartu diot ondokoari, "Natxon Fileti"-ri.
Total, zailtasun berekua dek.
Intzak nahekena
Desplomea dauka, baina helduleku onekin, eta ondo egin dugu.
Krokisari begiratuta, badago behealdean bia bat bereziki deigarria, "Bilurraren kalea" izenekoa (5c). Plakan hasi eta fisura-diedro batetik doa gora, elegante.
Hau in behar diu!
Eta ondo egin dugu, erraz. Batzuetan diedrotik zuzenean, beste batzuetan eskuinaldeko plakatik, baina oso bia polita da, ia 30 m-koa.
Beheragoko hori probatu behar diu. "Ez fish", 6a+.
Saiatu ere bai. Lehen metroak "Fish & bear" biatik doaz, eta gero ezkerraldera hartzen da. Joan naiz, baina ezinean ibili naiz pasorik zailenean, konbentzimendu handirik gabe, eta azkenean "Fish & bear" egin dugu (5b).
Argitasun gutxirekin, baina orain arte ateri egon da. Tarteka, uso-bandadak pasatzen dira. Lehenengo tiroak entzuten dira eta gero azaltzen dira usoak, itsasaldera, haizeak bultzatuta.
Ta? Azkenekua?
"Hagatxo hariztatua", 5c+.
Azken bia hau ere ederra da.
Hasiera erraza dauka, gero bertikal jartzen da eta desplometik gora irten beharra dago, helduleku onekin. Ederki egin dugu biok! Bostekoa! Euri-tantak ere hasi dira eta momentu egokia da bueltatzeko.
Soka jasotzen ari garela, hiru lagun etorri dira, baina bidetik ez. Galduta etorri omen dira eta galdetu digute nondik den bidea. Behingoagatik, pozgarria da ikustea ez garela gu galtzen garen bakarrak. Euskaraz hitz egiten diegu, baina gaztelaniaz erantzuten digute. Esan diegu bia batzuk Santa Barbararen antzekoak direla eta galdetu digute non dagoen eskola hori (?!). Apolok dio gutxienez bizkaitarrak direla. Hasteko, gure lehenengo bia aukeratu dute. Agurtu eta bagoaz.
Bidean, pareta gehiago ere ikusten dira. Badago zer eskalatua!
Talaian geldialdia egin dugu. Bistak mundialak dira: Getariako arratoia ondo bereizten da, eta Donostiako Santa Klara, eta Larrun, eta Ernio eta…
Behera goazela, hiru lagun pasatu dira motxilekin, eta gero beste bat.
Hi! Hau eztek normala! Eo gu gattuk anormalak! Gu itxea ta hauek eskalatzea!
Autora jaitsi, eta orain, nahikoa argitasunarekin, ikusi dugu ondo seinalizatuta dagoela Otoio mendirako bidea.
Ia nox ekartzen deken linterna!
Autoan sartu gara eta Ozzy Osborneri esan diogu ozen-ozen abesteko.
Ta ez Anje Duhalde hori! Goizian ia lo hartu diat!
Hi! Eztek Duhalde, Errobi dek!
Total, igual-igual!
Ederra eskola, Otoio. Zumaiatik 50′-ra, lasaia, haitz eta ekipamendu ona eta biak guretzako modukoak. Bueltatuko gara.