Sarabe: jentilen magia
Ez dugu erraz ahaztuko Sarabeko eguna. Euritsu eta triste zetorrena oso egun oparoa izan da, ez ahazteko modukoa.
Nora joan erabakitzeko, makina bat zalantza izan dugu eta kafea Marinan hartzea proposatu diot Apolori, goizeko zazpietan.
Lasai, etziok eta jende askoik.
Sartu orduko, kamarerak harrituta begiratu digu eta ia-ia argazkia ere atera nahi zuen gurekin, esanez bezala "Bezero normal batzuk azkenean!". Geu gara ohetik gatozen bakarrak.
Adarra jo diot Apolori:
Eztakak potroik hemengo komunea juteko.
Euskalarria barra gainean jarri eta kafea hartu bitartean hitz egin dugu. Bi alternatiba dauzkagu:
Araotza: Apolok hau nahiago du, aspaldian bordilloak egiteko gogoz dabilelako eta atzo Mutuak esan ziolako beraiek ere hara zihoazela. Ni ez nago batere konbentzituta: Araozko esperientziak erakutsi dit beti harro‑harro joan garela hara eta apal-apal itzuli, otzanduta. 6a egiten hasi eta sufritzen? Ez, ez. Horregatik, nik nahiago dut joan…
Eginora: han badaude pare bat bia 6a-6a+-ekoak, lehendik ere begia botata dauzkagunak. 5c-ko batzuetan berotu, eta horiek eginez gero, gustura.
Erabaki dugu Araotza joatea, bueno, ez, Eginora, bueno, ez, Araotza, eta azkenean, Arroako autopistako sarreran, Donostia aldera hartu dugu. Beraz, Eginora!
Autopistatik N1 hartu eta bagoaz aurrera. Aizkorri aldea beltz ikusten da, eta Etxegaratetik behera are beltzago.
Zer da hau! Gaur jai zeukau!
Bat-batean, akordatu gara Altsasutik hurbil badagoela eskola bat Urdiain aldean, Sarabe izenekoa. Euskalarria n bilatu eta hara joatea erabaki dugu.
Paraje berriyak ezautu, ta bestela perretxikota!
Oso erraza da iristea. Altsasun irten gara eta errepidetik joan Urdiaina. Han, ezkerraldera hartu, Iparraldera doan errepide batetik, eta trenbidearen eta errekaren gainetik pasa gara. 4 kilometroren ondoren, beste zubi txiki bat pasa dugu, eta zabalgune batera iritsi gara, segituan, eta etxe batzuetara iritsi aurretik utzi dugu autoa. Handik, atzera egin behar da bidean, Urdian aldera, 100 m inguru, eta errepidearen ezkerraldeko bidexka bat hartu.
Autotik jaitsita, txori batzuen karrankak entzun ditugu. Kurrilo bandada bat da zeruan, eta gero ere asko ikusiko ditugu, bueltaka, gora egin nahian.
Erraz aurkitu dugu paretarako bidea, eta laster gara bertan.
Leiho eder bat badago, paretaren erdian, eta beste aldean autoa utzi duguneko parajea ikusten da, iparraldean.
Ezkerraldera daude biarik errazenak, eta hara joan gara.
Ta? Paeta lehorra ziok. Zeoze gortuko diu, ezta?
Bamotel!
Apolo ongarria uztera joan da, komuneko papera hartuta. Nik, bitartean, ezkerraldeko biak ikusmiratu ditut. Bueltatu denerako, erabakita daukat.
Lenengo bi hauek ingo dizkiu. 5b dituk. Zein aurrena?
Ezkerrekua, ezta?
Gidan graduazio berekoak azaltzen dira, baina ezkerrekoa zailagoa egin zaigu bioi. Eskuinaldekoa errazagoa da.
Bat badek 5b, baña bestia… 5c gutxienez!
Eguzkiak lainoa zulatu eta printzek Altsasu argitzen dute. Horrela egongo da goiz osoan, inguru guztia lainotuta eta ilun, eta herria argi berezi batekin.
Bi biak egindakoan, eskuinalderago joan gara. Bia mordo bat dago 6b-koak, elkarren segidan, eta horiek probatu nahi ditugu. Hasi gara igotzen eta… ttaka, bat ondo egin dugu. Gero beste bat. Eta gero beste bat. Gustura gaude.
Jende gehiago etorri da, eta ondoko bietan hasi dira eskalatzen.
Beste bisitari batzuk ere izan ditugu: ahuntzak. Lurrean zenbat kakale dagoen ikusita, hauek beren eguneroko terrenoak izango dira, seguru.
Paretaren erdialdeko biek goialdean desplome polita daukate eta horietako batean sartu da mutil bat. Benetan ikusgarria da behetik, batez ere zeinen erraz egin duen. Gidan begiratu eta 6b+-ekoa dela ikusi dugu. Debalde da amets egitea…
Eguna ondo bukatzeko, eskuinaldera dagoen bia bat probatu nahi dugu, 6a+-koa, eta hara joan gara. Nahikoa desplomatuta dago, besoak leher eginda dauzkagu, baina lortu dugu amaitzea.
Ezkerraldean, bikote bat ari da eskalatzen.
Itzultzeko ordua iritsi zaigu. Beherako bidean, paretari azken begirada.
Ez dakigu jentilen magiagatik izan den, baina gustura goaz bueltan.
Oharra: leku zoragarri honi buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, egin klik hemen.
