Otoion busti, Ogoñon amets egin

Larunbata ona omen zetorren, eta igandea txarra. Joan gara larunbatean, baina ez dugu asmatu: kostaldea aukeratu dugu eskalatzeko, eta itsasaldetik lainoek euria ekarri dute errukirik gabe.

Apolo Alemanian jaso eta kafea hartu dugu Narrondon, gaurko bigarrena, baina ez digu kalterik egingo. Jaiki naizenean izarrak ikusten ziren eta esperantza onarekin goaz Otoio aldera, duela hilabeteko leku berberara. Orduan "Zirin" sektorean ibili ginen, eta ez genuen probatu "Huntza" izenekoa, eta gogotsu goaz oraingoan, hara aldera.

Pasa ditugu Gizpuzkoa eta Bizkaikoo mugaldeko herriak eta utzi dugu autoa Otoio azpiko aparkalekuan. Gaurkoan, sikiera, egunargiz goaz, baina eguraldia kaskarragoa da, lainotuagoa.

Aldapan hauspoa berotu eta zortzi t’erdiak alderako han gara, paretaren behealdean, eta aurrera jarraitu dugu. Garbi dago zergatik den "huntza" sektorea: bidean goazela, huntz lodi-lodia­k igotzen dira paretan gora.

Etzekiat gaur zeoze ingo deun. Egualdi honekin!-don Pesimok.

Bamotel! Aguantauko dik!-don Optimok.

Azpialdera iritsi eta lehenengo sorpresa: krokiseko argazkian paretak etzanda ematen du, baina tente-tentea da, desplomatua ere bai batzuetan.

Hasteko, 5c+-ko batean sartu gara, sektoreko errezenean. Izena berezia da: "Marroi goxan da".

Hasieran zalantza geneukan, ea Marroi hori norbaiten izena zen edo "marroia" adierazten zuen, baina bia bukatzerako ederki jakin dugu: oso bia polita da, erraza azken zatira arte, eta han, katearen azpian, "pasoa".

Egin dugu, behintzat, eta 6a egiteko txanda.

Euria ari dik, Xabier!

Aguantauko dik!

Hasi naiz igotzen, eta pasorik zailenera iritsi ere bai, erdialdean. Igo naiz ia paraboltaren parera arte eta txapatzen hasteko fundamentuzko heldulekurik ez. Berriz ere atzera, "karramarroen antzera". Buelo.

Igual hobe diu jaistea, mailloia utzita.

Ez. Berriz ere saiatu nauk.

Eskuinaldetik joan naiz, eta handik txapatu dut segurua. Berriz ere jaitsi eta saiatu naiz pasoa egiten. Irrist egiten dute katu­-hankek.

Saiatu naiz berriz ere, baina pareta bustita dago, txirrisbalosoa, eta ez da erraza. Amorrua eman dit, baina azkenean mailloia utzi eta jaitsi egin naiz.

Hurrenguan bueltau beharko diu, nola herdoildu dan ikustea.

Euria dena bustitzen ari da, pixkanaka. Bi mutil etorri dira, bizkaitarrak, eta elkarri negar egin diogu.

Ostia! Aste osua ona ta gaur holako egualdiya!

Trasteak jaso eta erabaki dugu plana: Ogoñora joango gara, pareta ikustera. Apolo lehen ere izana da, baina ni ez. Ondotik pasa bai, baina han bertan, goian, ez.

Euria hasi du nabarmen eta behelainoa nagusitu da.

Behera gatozela, kartel berezi hau ikusi dugu. Nahikoa barre egin dugu, itzulepeneko "berpiztu" horrekin.

Autoan sartu eta bagoaz Ogoñora. Ea eta Izpazter markatzen duen bidegurutzean Apolok esan dit aurrera jarraitzeko eta han joan gara, Bizkaian barrualdera.

Hi, oso hegoaldera giaztik.

Nik uste diat hemendik dala.

Uste?

Ereño herrian mapa bat dago paretan eta hantxe ikusi dugu non gabiltzan.

Hau blokian kontau behar diat, hirekin galdu in geala!

Ibarrangelura iritsi gara, azkenean, eta handik Elantxobeko hilerritik gora, jesukristoren aldapa!

Autoa utzi eta kilometro bat daukagu Ogoño gainaldera.

Iritsi garenean, bietako rapelak nondik egiten diren ikusi dugu. Tontorrera iritsi eta zerbeza bana edan dugu, merezi dugulako. Zerbezaren marka ez dugu esango. Riojano agarrau!

Bista ikusgarria da. Ura garbi-garbi dago behealdean, eta urrunean Izaro uhartea laino artean ezkutatuta dago.

Hi, hor bera jun behar diu, pareta ikusteko.

Nik bazeukat argazki bat, udan ateratakua.

Ez, kotxia hartu eta bera jungo gattuk.

Kaskagortzen bahax…

Kaskagortuta nitxiok!

Autoa hartu eta Laga hondartzaren parean gelditu gara. Ederra pareta, Ogoño!

Amesten hasi gara, zenbat bia eder ote dauden… Eta zuek? Ezagutzen al duzue Ogoño? Ba al daukazue krokisik edo proposamenik han eskalatzeko? Eskertuko genizkizueke. Nahi baduzue, hemen erantzun, edo bidali bidali e-mail bat, hona: imanol@elhuyar.com

Trackback URI | Comments RSS

Leave a Reply

Bad Behavior has blocked 4 access attempts in the last 7 days.