Laster arte!

Aspaldian idatzi gabe geunden, ez baitzegoen zer kontaturik! Bata dela, bestea dela, astegunak (lanegunak) azkar pasatzen dira, eta asteburua iritsi orduko beti daukagu zerbait egiteko, edo eguraldi txarra egiten du, edo; Mila arrazoi dela medio, ez da erraza gortzea! Azken aldiz eskalatzera joan ginenetik aste batzuk pasa dira eta ia bada hilabete hemen azken aldiz idatzi genuela.

Negua gainera datorkigu. Abendua da, Gabonak datoz, eta gero eta zailagoa da gortzea: hotza, eguraldi txarra, pareta bustita; Iritsi da atseden hartzeko garaia: eskuak eta behatzak leuntzen utzi, itsu­arazten gaituen eskalatu beharra pixka bat ahaztu, motxila desegin eta material guztia armairuan jaso, mosketoiei olioa eman eta txukun­‑txukun gorde, krokisak karpetan sartu;, eta Gortu honi ere merezitako atsedena eman.

Maiatzaren 17an idatzi genuen lehen aldiz. Ordutik, hainbat kontakizun sartu ditugu hemen, Euskal Herriko eskalada­-eskoletan eginiko eskaladenak, ahal genuela argazkiz hornituta: Zumaiakoak edo ingurukoak (Mariantonaitz, bulderrak), Gipuzkoakoak (Pasaiako Puntak, Santa Barbara, Kantera), Bizkaikoak (Otoio, Atxarte), Nafarroakoak (Biaizpe, San Fausto, Aiztondo, Etxauri), Arabakoak (Egino), baita Kataluniakoak ere (Cavallers). Hasi ginenean, ez genekien oso argi zer edo nola egin behar genuen; non eta zertan genbiltzan kontatu nahi genuen, betiko txorakeriekin baldin bazen ere, eta pixkanaka, ibili eta ibili oinez ikasiz egin dugu bidea, askorik hutsik egin gabe fin­-fin bete dugu geure buruari agindutakoa. Halaber, Gortu honetan, kontakizunez gain, argazki, krokis eta esteka batzuk ere jarri ditugu, norbaitentzat baliagarriak izan litezkeelakoan.

Geure buruari agindutakoa, hau da, astero zerbait idaztea, batzuetan ez da erraza izan, batez ere zer kontatu gutxi zegoenean, baina nola edo hala moldatu gara. Beste batzuetan, berriz, zaila izan da hainbeste gauza hain leku txikian sartzea. Denetarik izan da. Negua dator, bai, eta idatzi behar hori harri astun bilaka ez dadin, nahiago dugu geldialdia egin, etenaldi laburra egin, arnasa eta atsedena hartu, eta indarberritutakoan berriz ere itzuli.

Hemendik, gure eskerrik beroenak orain arte gure ibileren atzetik ibili zaretenoi, irakurle zaituztegunoi, nola edo hala (baita zirikatzen ere) parte hartu duzuenoi, idaztera animatu gaituzuenoi. Negu beltzaren ondoren, udaberria etorriko da, lehortuko dira haitzak, entrentu asko egin eta prest egongo gara berriz ere eskalatzeko, gerra emateko eta gortzeko.

Beraz, laster arte! Bitartean, asko eta ondo gortu!

3 Responses to “Laster arte!”

  1. Goi Gorlari on 01 abe 2006 at 6:07 #

    Eskerrikasko zuen pasarteak gurekin konpartitzearengatik. Zain zain izango naiz urrengo denboraldian. Nik ez dut gortzen baina halere asko disfrutatzen ditut zuen abenturak.

  2. Iherrito on 05 abe 2006 at 3:43 #

    Gortu! Ez bigundu! Eta laster itzuli!

  3. ieup on 14 abe 2006 at 1:23 #

    earki in dezue zuen gortze inguruko azalpenak.baztuei leku berriak ezagutzeko balio izan digu, bia batzuk agendan gorde eta noiz bait egiteko gogoa pìztu diguzue.Ia ba, geiegi etzeaten biuntzen neguan ta udaberrian gor gor eginda berdin jarraitzen dezuen, kejejeje.
    eskerrik asko

Trackback URI | Comments RSS

Leave a Reply

Bad Behavior has blocked 4 access attempts in the last 7 days.