HASI GARA PIXKANAKA
Oraindik serio-serio ez, baina urte berriarekin batera hasiak gara pixkanaka prestatzen: egun batean saltaka, hurrengoan lokalera… Apolok aurtengoan nahikoa lan izango du, noaingoz, nahi adina eskalatzen, Saioak saio, baina besteok aprobetxatu beharra daukagu, ahal dugun neurrian. Eta labur bada ere, Gortu honetako kronika egitea ere pentsatu dut, bizi garela esateko, gortzen hasi garela esateko. Bi aste jarraian Azpeitiko Kanterara joan gara, bietan ere jaiegunean, bietan ere Mutuarekin, baina jende gehiagorekin ere bai. Urtarrilaren 7an Manex eta Izarrekin joan ginen. Baziren bi hilabete pasa eskalatzen ez nuela eta pentsatu nuen momentu egokia zela seme-alabak eramateko, aspaldian ari baitzitzaizkidan esaten etorri nahi zutela. Han joan ginen, eta luzaketak egin ondoren
Mutuak "Laua" egin zuen, eta atzetik Manex eta Izarrek. Gero konturatu ginen agian Kantera ez dela lekurik egokiena umeak eskalatzen hasteko. Beste pareta-mota bat egokiagoa izan litekeela, adibidez Eginokoa, Leze ondoan. Umeekin ibili ondoren, beste bia batzuk ere egin genituen Mutuak eta biok: Puti-puti, Seia eta Zazpia. Gustura ibili ginen, eta bidean bueltan gentozela harrak ere ikusi genituen lurrean, aspaldiko partez. Urtarrilaren 14an, igandean, Josebe, Mutua eta hirurok joan ginen. Han bia mordo bat egin genuen, gehienak ere plakan: Zazpia, Sagardo, Txorro…, Krispin, Azpeitiarrak… Eskalatu bitartean, gauzatxo batzuk ere ikasi genituen: "tentsoegi" eskalatzeagatik gehiago eta azkarrago nekatzen garela (jejeje); 85 kg pisatzen duena eroriz gero, aseguratzen dionak 52 kg pisatzen baditu, aukera asko-asko-asko daudela erori denak behera eta aseguratzen duenak gora egiteko (Brallik zioen moduan, "sube la bolsa y baja el pescado")… Bukatzeko, Mutuak eta Josebek 6c -ko bat egin zuten, desplomean. Ederra inbidia eman zidaten, grabitateari barre eginez biak, gora! Ederra estiloa Mutuak: Goiz pasa ederra egin genuen, bai, atzokoan. Ea segida ematen diogun, fin-fin.
Iherrito on 16 urt 2007 at 2:12 #
Ba zenuten garaia bueltan egoteko! Segi gortzen!
txerren on 23 urt 2007 at 6:40 #
Oso itxura ona du blogak! Ta kronika ederra, eskalatzeko gogoa pizten dit aizue!
Zorionak ta segi holan.