Goiko mendian elurra dago…

…errekaldean (eta bazter guztietan) izotza. Horregatik, mendira baino, askoz ere nahiago izan dugu lokalera etortzea igande goizean.

Marinan elkartu gara, zortzi t’erdietan. Giro dago, batzuek noaindik ez dute gaua bukatu eta. Kafe beroa hartu bitartean, Mutuak -beti bezala- badauka zer kontatua, baina oraingoan are arrazoi gehiagorekin: atzo eskaladako txapelketa herrikoia izan zen Donostiako Pio Barojan eta lehenengo geratu zen, mutilen atalean. Soka berriarekin etorri zen etxera. Adarra jo diogu:

Lenengo, baña gu ez giñalako jun…

Bestela, jakin izan bagiñu, nahikua lan izango huan guri irabazten…

Barre egiten du.

Ederra bolada Zumaian! Aurreko asteburuan, Rokopolisen, blokeko txapelketara sei lagun joan Zumaiatik eta lau finalean sartu, eta oraingoan ere, zumaiarrak nabarmen: Josebe eta Mutua txapeldun!

Halako batean bukatu dugu kafea eta lokalera joan gara. Hotz egiten du, baina eskalatzeko giro dago. Aldatu, musika jarri (musikajarrio!) eta lehenengo berotze-ariketak egin ditugu.

Beroturakoan, panelean ibili gara, behatzak bigundu arte, eta gero hirurok 3+3 bat egin dugu, 30 mugimendu jarraian osatu arte.

Erraza ematen du, baina ibili eta ibili azkenerako besoak leher eginda geratzen zaizkizu!

Atsedenalditxoa hartu eta Mutuak paso zail batzuk prestatu dizkigu. Behetik begira, hankak koltxonetatik altxa gabe, eskuak gora jaso eta pasoak entsaiatzen ditu; gero, behetik pentsatuta bezala igotzen da, arin eta erraz; atzetik, Apolo eta biok, astun eta narraz, baina azkenerako lortu dugu paso batzuk ateratzea!

Hau bai entrentua eta hau bai entrenadoria!

Eta egia da: bakarrik joanez gero, alferkeria da nagusi, edo nahi baino azkarrago nekatzen gara; Mutuarekin, berriz, beti dago zerbait ikasteko: "Sartu hanka honela", "Heldu honela agarreari"…

Hamarrak jo dute eta alde egiteko ordua da. Hemendik irtenda, badaukagu eginkizuna. Nik elurra daukat zain Endoia aldean, familiarekin joanda. Duda daukat, ordea, zein gozatuko den gehiago elurretan, umeak edo helduak…

Oharra: bideo batzuk ere bageneuzkan prestatuta hemen sartzeko eta ikusteko, baina ez dugu asmatu behar bezala sartzen. "Teknikoak" arazo "teknikoak" gaindituz gero, jarriko ditugu laster.

3 Responses to “Goiko mendian elurra dago…”

  1. Larregi on 02 ots 2007 at 6:57 #

    Gaurko (ostiraleko) Berria-n, urtarrilaren 27ko txapelketari buruzko xehetasunak azaltzen dira.
    Interneteko helbidea hau da:
    http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=plaza&data=2007-02-02&orria=052&kont=002

  2. zutikan on 12 ots 2007 at 12:36 #

    Primeran dago lokal hori! zuek montatu duzue? jende asko entrenatzen du bertan?

  3. Larregi on 13 ots 2007 at 0:36 #

    Aupa, Zutikan!
    Lokala primeran dago, bai, eta etorkizunean hobeto egotea espero dugu.
    Ia 30 lagun elkartu, dirua jarri eta etxabe bat alokatu genuen. Gure artean bada jende oso mañosoa eta pxiakanaka kristoren lokala egiten ari dira. Mañoso horietatik, mañosoena Rikardo. Pentsa: baten batek “Rikardodromo”-a deitzen dio lokalari…
    Bide batez, Zutikan: zuen helbidea ere sartuko dugu esteketan.
    Asko eta ondo eskalatu!

Trackback URI | Comments RSS

Leave a Reply

Bad Behavior has blocked 4 access attempts in the last 7 days.