Apretatu edo gortu

Postura bihurrituan, tendoi eta zain denak tenkatuta, odola borborka eta aurpegia gorri, "Hor, hor! Apretatuzak!", atzo, lokalean. Momentuan ez nintzen konturatu, baina gero hasi nintzen pentsatzen "apretatu" hori ez dela oso txukuna, euskaraz, behintzat. "Horixe da, ba, ‘gortu’ esaten duguna!". Pentsatzen jarraitu eta ondorio batera iritsi nintzen: inguruko eskalatzaile gehienok euskaldunak gara, baina eskalada erdalduna da, edo erdaraz eskalatzen dugu euskaldun gehienok, behintzat.

Ez gara atzo goizekoak eta urte batzuk badaramatzagu eskalatzen. Garai hartan, eskalatzen hasi ginenean, dena zen erdaraz:

  • Materiala: klabijak, mosketoiak, budrierra, estriboa, fifia, takoa, fisureroa, otxoa… Euskaraz gauza gutxi: soka, mailua…
  • Haitza nolakoa: kaliza, granitoa, areniska, plaka, desplomea, tetxoa, arista, espoloia, fisura… Euskaraz gauza gutxi: zuloa…
  • Korapiloak: as de gia, bulina, llanoa…
  • Eskalada-motak: librea, artifiziala…
  • Graduazioa: terzeroa, kuartoa, kintoa, sestoa…
  • Aditzak: rapelatu, korritu, engantxatu, tentsatu…
  • Bestelako hitzak: kordada, reunioa, largoa…

Garai hartatik, eskalada asko aldatu da eta kirol-eskalada nagusitu eta hitz berriak ekarri dizkigu, baina ia denak erdarazkoak: deprimero, bia zabaldu, flashean, bistan, toprope, blokeoa, dinamikoa, bizikleta, pintza, romoa, regleta, kazoa, boloa, kruzea, txapatu, zinta… Horiek guztiak edo gehienak gaztelaniatik etortzen zaizkigu eta bere horretan hartzen ditugu. Gaztelaniaz eskalatzen ez badugu ere, gure hitz asko edo gehienak gaztelaniazkoak dira. Konturatuta al zeundeten horretaz?

Kirol bakoitzak baditu bere hitz eta espresioak, eta horietako asko normalizatzeko bidean daude euskaraz, batez ere komunikabideen lanarengatik. Guri dagokigunez, Gara k deigarri eder bat ateratzen du astero, eta Berria k ere bai, tarteka ETBn eskalada aipatzen dute… Baina eskaladako jarduna euskaraz, apenas entzuten edo ikusten den. Ereduak behar ditugu, nondik edan eta elikatu, euskaraz eskalatzeko.

Gaur egun, erakundeek eta elkarteek beka eta diru­-laguntzak ematen dituzte kirola euskalduntzeko. Mendizaletasunak eta eskaladak Euskal Herrian zenbateko indarra daukan ikusita, ez legoke gaizki norbaitek gaiari heldu eta ereduak proposatzea, euskaldunok eskalatu ere euskaraz egiteko. Edo agian eginda edo egiteko bidean egongo da. Ba al dakizue zerbait?

Bitartean, ordea, ezingo gara geldirik egon, ezta? Mutuarekin akordatu naiz. Ez dakit non ikasiko zuen, baina fisurero eta gainerako tramankuluak (nola esaten da euskaraz "autoproteger") izendatzeko "hatxiperrak" erabiltzen du.

Ez al da polita? Edo sokarekin gora eta behera ibiltzean, ez dira asmatu berriak "jaso" edo "erriatu", ezta?

Ez diogu esango Euskaltzaindiko motoristari (Wuazemank ekoari) etortzeko, zalantzak argitzera, behar dugun bakoitzean.

Hori gabe ere, asmatuko dugu zerbait, ezta? Borondatea badaukagu, behintzat.

One Response to “Apretatu edo gortu”

  1. Larregi on 14 ots 2007 at 4:11 #

    Testuan erakundeak aipatzen dira, bekak eta diru-gauntzak ematen dituztela materiala sortzeko.
    Gipuzkoako Foru Aldundiak fitxa berezi batzuk dauzka entrenatzaileentzat, haurrekin kirola euskaraz egiteko, eta “Natur Ekintzak” izenekoan mendiarekin zerikusia daukaten hiru biltzen dira: mendizaletasuna, eskalada eta orientazioa.
    Denerako ez du balioko, baina zerbait bada, behintzat. Hemen daukazue:
    http://www4.gipuzkoa.net/kirolaeuskaraz/Fichas/naturekintzak.pdf

Trackback URI | Comments RSS

Leave a Reply

Bad Behavior has blocked 4 access attempts in the last 7 days.